Euskaldünen komünitateaz
Urtarila hontan Eüskal bortüa mintzaldia antolatürik zen Maulen eta hor entzün erranaldi zonbaitek harridüra sortü deitade. Eüskal mintzajea zokoalatürik ikusi düt, ez baizik kanpotarretarik bena herritarretarik ere bai.
Lehenik erran behar düt mintzaldia zinez ontsa otsamanik zela: Pantxika Maitia goxo eta zorrotz, lau mintzakideek gaia ontsa ezagützen, irratiko entzüleen ihardokitzeak argiki ezagün eta beste. Hots leküko jenteek egin lan hona.
Mintzaldiaren ürrentzean Pantxika Maitiak ekarri züan eüskara mintzajearen geia. Mintzalariak horren erabilteko xedearekin ados zirela jakinarazi züen. Batek zion gure kültüraren adar nausia zela, besteak gure ondarearen edo patrimoine delakoaren parte inportant hori zaintü behar zela. Gure mintzajearen ondare bezala agertzeak halako pentsamentü karats bat ützi zeitan. Egia da Frantziako konstitüzionean eüskara eta beste mintzaje baztertüak ondare bezala sailkatürik direla. Mintzaldiko bi hizlari horiek, haütetsi eta botzemaile direnak ber denboran, estatüaren ikusmoldea errepikatü züen. Eüskara bezalako hizkuntzak bazter etxekitzen dütüan estatüaren ikusmoldea zabaltzen Eüskaldünek! Harrigarria!
Ohartü niz egün hortan goi mailako mintzaldi bat antolatü dela jenteen aitzinean, eüskal irratietan eta Kanaldüden hedatzez ber denboran. Aipagei ziren bortüaren baliatzea, laborantxaren egoera eta geroa, Akitania esküaldearen eta Europear Batasünaren xedeak eta beste. Hots oraiko geiak, ünibersalak eta lekükoak. Eta ber denboran, eüskara eta eüskaraz mintzazaleak kültür ondare sail entrabaletan sartürik ziren. Zer bitxikeria!
Gogoeta hau ez doa haütetsi eta mintzalari horien kritikatzera. Pariseko mezüa errepikatzen düe, hura beita ofiziala. Segürrenik ez düe aski gogoeta egin, nolako leküa düan edo behar lükean hizkuntzak hebenko institüzionetan. Bena errepikatze horrekin bermatzen düe eüskararen baztertzea, ohartü edo ez, estatüaren zapatze lana azkarrago agertzez jenteen aitzinean. Zer nahi mezü entzüten eta irakurten dügün memento hontan, horien ikertzeko gogoa heltü zaüt, bereziki hain trebeki mintzo diren estatü frantseseko kargüdünen erran nahiak. Hau 14.an ediren düt idatzi bat gei hori barnatzen düana. Filosofiaz mintzo da J. F. Goddard eta hona idatziaren parte bat:
« Egia da Europa mendebaleko filosofoa gaixki bizi dela. Lehenik ahalke handi bat badü, bere ber bizimoldeko zonbaitek sortü eta hedatü beitzüen faxismoa eta bereziki nazismoa.Tristezia ere sortzen deio bizi den gizarteak: bakean bizi da jentetzea bena ideia arrunt eta apalekin. Hala nola arrenküra nausia den zer eros, beharrik gabeko bena fantesia ükeiteko gaüza eroste, haurra eramaiten düan eskolaren zaharkitü itxüra, telebistako programa debeügarriak eta beste.
Kapitalismoaren hatsarreko bizimoldeak ezagütü dütü libürüekin eta ohartzen da ber giroan bizi dela orai ere : hedatze mügagabea, langileetaz prebalitzea, lür axaleko ekoizpenen üxtiatzea eta beste. Esklaboen denboran azotatzen baziren ekoizpenen ardiesteko, orai gogoak tinkatzen dira taigabeko erosle bilakarazteko. Eremü ülün hortarik gogoaren altxarazteko, filosofoek asmatü düe Europa mendebalaren bere beitako habia. Europa ez da haboro bost kontinenteetarik bat, orai mündüaren erdia da. Europa mendebala da Iparra eta beste eremüak oro Hego aldean barreatürik dira. Ipar hortan dira sortzen idatzi, müsika eta margo ederrenak. Eta Iparreko egintza amiragarri horien mündü orotarat hedatzea da filosofo eta intelektüalen egin beharra. Bere beitako habiaren emaitza zabaltü düe lehenik Europan berean eta gero Hego aldeko kolonietan. Mündüaren ikuspegi berri hori ondotik plantatürik izan da kolonietan. Ondorioz kapitalismo burgesa edo komünismoa dira pentsamolde salbagarriak. Hor dira egiazko iraültzaren herroak, horiek dira Hegoko gogoetan sartü beharreko mündü ikuspegiak. Frantziaren eremüa hedatzen zen Dunkerquetik Tamanrasset-ala artino. Herribeheretakoa Vistule ibaitik Molluques üharteetala artino. Bata katolikoa eta bestea protestanta izanik ere, jinko honaren esküak eremü horik oro benedikatzen zütüan.
Prefosta, Afrikako Yoruba beltzek edo Amerikako Indianoek ez düe filosofia hori ezagützen. Mintzatzen dira hanitx, kantatzen eta dantza egiten, korpitza oro igiaraztez. Beren mündüan bizi dira, aitzinekoen pentsamoldeak entzünik dütüe eta ondokoer kontatzen dütüe. Lür batetan eta lür horrekin bizi dira, alkarrekin. Bai eta ezpiritüekin, aitzineko ezpiritü hon eta gaixtoekin. Artista handiak ere bizi dira hor.
Iparreko filosofoak hortaz ohartü dira eta honartzen dütüe. Beren bizimolde mardo eta arrunten ilüstratzeko ediren dütüe Ohargarria, Inportanta eta Berria. Iparraren kolonietan ikusiko dütüe üsaintxa bitxi zonbait. Yoruba afrikarraren dantzak ohargarriak dira, Amerikako esklaboen gospel-a inportanta da eta rastadün afrikarren kantatzeko manera berria da. Filosofoek badakie 200 urte hontan Europako armadak eta misionistak eremü horietan sartü zirela, üsaintxa horien desegiteko xedearekin. Bena üsaintxa horik orano bizirik dira. Ordüan filosofoak honartzen dütü, ez bere ikusmoldean sartzeko bena bai bazter sail batetan, ohargarri, inportant eta berri etiketeekin. »
Heben ere eüskara mintzajea düala 500 urte baztertü züen erregeen mitilek eta notarioek. Akta ofizialetan ez zen haboro agertzen. Gero beharrezko eskola püblikoan debekatü zen. Bena eüskaraz bizi beitira orano jenteak eta horren erakasteko plantatü beitütüe ikastolak eta gaü eskolak, estatüak Ohargarri sailean honartü dü. Ikerlariak ere jin dira noten hartzera eta aipatü dütüe nola gramatika eta aditza ezezagün eta konprenigaitz ziren, hots ohargarri. Hezkunde Nazionalak lekü bat egin deio, esperientzia maneran. Ikastoletan hasi murgiltze sistema güti hedatürik zen, %ko 10 nonbait han, eta esperientzia gisa honartürik. Orai murgiltze erakasbidea eskola püblikoetan hedatü nahi düe erakasleek eta bürrasoek. %ko 10a gaintitürik da. Pariseko ministroak ez dezake hori honart. Hiriburuko eskola püblikoan murgiltze sistemaren sartzeari ezetza eman dü. Frantsesak bere beitako habia iharrausirik senditzen dü.
Hiriburuko gertakariak erakusten dü problemaren herroa: frantsesaren gehiengoa ez da nihontik ere gilikatü behar ! Inperio kolonial ohiaren handitarzüna beti xedeetan da eta estatüko institüzione orotan zaintzaleak badira, eskoletan, ünibersitatean, zerbütxü püblikoetan eta herriko etxeetan. Arrazakeriarik ez da haboro legeetan bena eskola handietarik igaran diren kargüdünen egin moldea bazterzalea da. Egoera beltza, ez ? Haatik so egin dezagün gure üngürümenari: herriko bestak, alkarteak eta beste herrikoi maskarada eta libertimenduak. Bai eta herritarrek eraiki egitürak : EHLG, AEK, Seaska, Garapen Kontseilüa, Hirigüne Alkargoa eta besteak. Horien kideen parte hon bat eüskaraz mintza daiteke. Mintzaje horrekin hedatzen dira oraiko jakitate eta eztabadak. Eüskaraz mintzatzean oraiko gizarteko mintzaje arrunta üsatüzkoa bilakatzen da. Eüskal bortüaz egin mintzaldiak hori erakusten dü.
Molac bretu depütatüak aurkeztü legea honartü dü Frantziako biltzar nazionalak. Murgiltze erakaskuntza moldea Hezkunde Nazionalean sartzen da, murgiltze eskola pribatuetara doatzan haurrentako diruztatzea beharrezko date herriko etxeentako eta seinaletika püblikoa arautürik date. Blanquer ministroa erakaskuntza elebidünaren alte agertü da bena murgiltze sistema ez dü gustükoa1 : «Oren parekotasun hori gainditzeak Konstituzioaren 2. artikulua zalantzan jarriko luke» bai eta «Ez dut jadanik dagoena kentzeko asmorik, baina murgiltze ereduan oinarritutako irakaskuntza salbuespena baizik ezin da izan»
Hizkuntza baztertüetako prentsak garaipen bezala aurkeztü dü depütatüen bozkatzea. Gobernüa kontre zen eta Blanquer ministroak salbuespen bezala honartü dü. Bena gizartearen presionea jarraiki dükie depütatüek. Ondorioz, ama eskoletan honartü da murgiltze erakasbidea. Hortik aitzina leheneko arauek segitüko düe, elebidün zerbait han hor erakaskuntza sailetan. Erakaskuntzak zer heinetan süstengatüko dü edo azkartüko dü eüskararen erabilpena ? Gei hortaz düala güti irakurri düt J. M. Odriozolaren2 alkarrizketa bat eta zati zonbaiten partekatzea argigarri agertü zaüt:
« Eüskaldün izateko manera desbardinak badira, eüskaldünek ez dügü ber maneran bizi gure eüskal nortarzüna. Eüskaldüntarzüna bi izaeratan müga bageneza, alde batetik eüskaldün izateko manera nazionala günüke: zentzü eta logika nazionalean erabili nahi dügü eüskara, funkzione nazionalak betatzen dütüan eüskara nahi dügü, ondorioz, gü ere eüskal nortarzün nazionalaren jabe izan gitean. Beste aldetik, eüskaldüntarzün etnikoa edo etnodiglosikoa dügü: hots, funkzione sozial hegemonikoetan espainola edo frantsesa erabilteak arrenküratzen ez düan eüskaldüna, ondorioz, eüskara funkzione lokal eta informaletara erabiltera mügatzen den eüskaradüna.
Eüskara politizatzen dela erraiten denean, ez-jakintarzün handia bada. Oraiko estatü nazionaler so egitea aski da ikusteko horien funtsezko ezagütgarri politiko nazionala hizkuntza bera dela. Oraiko gizarte hegemonikoak gizarte nazionalak dira eta, berezko hizkuntza düen estatüetan, hizkuntzaren izaera politikoa dela begien bistan da. Hizkuntza ez da ez-politiko izaten ahal oraiko nazioneen mündüan. Gure mündü abertzale nausiak ez dü mintzamolde eüskaltzale zintzorik. Nazionalismo frantses/espainolari leküa üzten deio.
Nazionearen eraikuntzak nork bere bürüaren jabe izatea dü helbürü, bere hizkuntzaren, kültüraren, historiaren eta lürraldearen arabera bizi nahi izatea. Nazione eraikuntza ez da prozesü natüral bat, bera horra dena, bena potere harremanak kontrolatzen dütüan komünitateak baizik ez lezake eraiki nazione bürüjabe bat. Hortarako konzientzia azkarra behar da. Ez da aski sortzez eüskaldün izatea, izate horren funtsean ez bada komünitate nazionalik, eüskaldüntarzün hori hein bat hauskorra da.
Ez dügü gaüza handirik ardietsiko D edo murgiltze erakasbideekin, eüskararen transmisione xedea erakaskuntzala mügatzen bada. Erakasbide horiek ez düe balio komünitate baten eraikitzeko, oraiko eskoletako programak espainol edo frantses programetan bermatzen beitira. D edo murgiltze erakasbidea ez da egoki bena hala balitz bezala bizi gira. Bürraso hanitxen ustez aski da eskolaren bidezko eüskaldüntarzüna. Hori da eüskaldün etnikoaren izaera: bere bürüa enganatzen düan ideologian bizi da. Ene ustez, ez ideologian ez gaitarzün komünikatiboan ez dügü ardiesten eüskaldüntarzün zorrotzik. Bietan hüts egiten dügü. Eta batekin hüts egitea aski da eüskaldün berriak espainola edo frantsesa hobetsi dezan eta eüskara bazter ützi. Eüskararen aldeko glotopolitika eüskalzale orokorra ments dügü. »
J. M. Odriozolaren lanbidea zen eüskararen erakasle Hegoaldeko hiri handietan. Jaurlaritzaren eta Nafarroako parlamentüaren hizkuntza politika ahülak taigabe jorratü dütü prentsan eta libürüetan. Madrilen xedeen menpeko egoiten dira bi institüzioneak, ondorioz glotopolitika baten eskaza jasaiten düe horko eüskal herritarrek. Glotofobia da bestearen hizkuntzaren baztertzeko egin moldea. Glotopolitika da erdararen baztertzeko xedea. Odriozalak beharrezko ikusten dü eüskal glotopolitika bat eta hizkuntza politika horren eramaiteko komünitate nazional baten izatea ezinbestekoa zaio. Haatik idazki hortan komünitate baten beharra edo xedea agertzen da. Eüskaraz ari direnen komünitatea ala eüskaldünen komünitatea ?
Xiberoan zentzügabekeria edo kontre-erran handietan bizitü gira azken hamarkadetan. Jakinez aspalditik dokümentü ofizialetarik eüskara baztertürik zela, hala ere etxeetan, kantoreetan eta jeietan beti erabilirik zen. Eta jentea eüskaldün sendi zen. Adibidez, Eüskalzaleen Biltzarra jin zelarik Atarratzera düala 80 urte, Constantinek eta Ligetxek batzarri egin züen « beste Eüskaldüner ». Gero Nazien denboran müga bat jarri zen : Lapurdi eta Behe Nafarroa eremü oküpatüan ziren, Xiberoa eta Biarnoa esküalde libroan. Nazietarik libratzea agitü zenean Sud-Ouest egünkari berriak berexketa etxeki züan bi edizione zabaltzez, S.O. Pays Basque alde batetik eta S. O. Béarn et Soule bestetik. Mauleko Miroir de la Soule astebikoak ber ildoa jarraiki züan. Honek ere, frantsesez baizik ez prefosta, Xiberoatar eüskaldüna, fededüna eta ümila goraipatzen züan. Bi agerkari horik etxe orotarat heltzen ziren. Gerlatik landa eta Pariseko Eüskaldünek urteko bestarentako galtatürik, Etxahun Irurik huntü züan « Agur Xiberoa … ez beita besterik, Parise ez besterik, zü bezalakorik... » Xiberoatarren himno bilakatü zen düala 60 urte. Etxahun Irurik eüskaldünetaz ikuspegi zabala bazüan bena bere kantorea baliatü zen Xiberoaren goraipatzeko, halako ürgüilü batekin.
Horren ondorioz sortü zen Xiberoatar/Manex berexketa. Xiberoatarra beste eüskaldünak beno maila gorago batetan ezaririk zen. Xobinismo mota bat püblikoki baliatzen zen Xiberoatar pürraren goresteko. Enbata zikinak Manexetik horra ziren eta hori bermatzen züen Miroir de la Soule biastekariak eta Xiberoko Zohardia alkarteak.
Ondotik plantatü ziren ikastolak eta Gaü Eskolak Xiberoan. Ikastoletarik igaranek xiberoatarra ontsa ikasirik züen eta bazakien lapurtar eta behe nafartarrekin mintzatzen. Eta beste zentzügabekeria bat agertü zen. Alde batetik ziren eüskara etxen ikasi züenak, doi doia elizako libürüen irakurten züen eta ez izkiribatzen. Horien ustez, etxen ikasia zen xiberoatar hona eta ez züen indarrik egiten besteenetik ikasteko. Xiberoatarrak baizik ez züen gustükoa, beste eüskalkiak mesperetxatzen zütüen. Nolazpait erraiteko eüskaldün zaharrak ziren eta ikastolatik igaranak aldiz berriak. Horien saldoa handitzen ari beitzen, eüskaldün zaharrek beren mündüa hersatzen ikusten züen. Tristezia zerbait senditzen züen.
Hamarkada zonbaitez eüskaldün berrien saldoa zabaltü da, horik dira orai ikastolan eta gaü eskolan erakasle eta beste honenbeste sailetan ardüradün. Bakotxa bere leküan ari da, parada düalarik, ahalaz eüskaraz. Halaber, badakigü ere herriko etxeetako idazkariek eta beste langile zonbaitek eüskaraz trebatzeko ikastaldiak jarraikitzen dütüela. Beraz bada lekü püblikoetan eüskaraz mintzatü nahi den jentea.
Asmatzen ahal da eüskaldün komünitate baten eraikitzekoa badela. Euskaltzaindiaren hiztegiak hola definitzen dü komünitatea : Interes edo helburu bera duten pertsonek osatutako taldea. Xiberoako eüskaldünen komünitatea liteke eüskaraz mintzatü nahi direnen komünitatea. Komünitateaz idatzi3 züan Simone Weill filosofoak 1943 urtean, Nazien oküpazionea azkarrenean zelarik Europan :
Lehenik eta behin, kolektibitate bakotxa kasü bakarra da mündüan, eta desagertzen baldinbada, ez da ordezkatürik. Gari-zakü bat beste batekin ordezka daiteke beti. Haatik, kolektibitateak bere barnen bizi direner eskentzen düan hazkürriak ez dü baliokiderik unibertso güzian.
Gainera, bere iraüpen-gaitarzünari esker, kolektibitatea geroan ere sartzen da jadanik. Hazkürria badü, ez baizik oraiko bizidünen arimentako, bai eta orano sortürik ez diren arimentako ere, hau da, dagün menteetan mündüalatüko direnen arimarentako.
Azkenean, iraüpen-gaitarzün horri berari esker, kolektibitateak herroak badütü iraganean ere. Gizakiarentako, kolektibitatea kontserbazione-organo bakotxa da hilek bildü ezpiritü-altxorrak begiratzeko. Transmisione-organo bakotxa da ere, ezi honekin hilak mintzatzen ahal beitira bizi direner. Hortakoz betiko gizakiaren zortearekin lotüra xüxena düan mündüko gaüza bakotxa bezala senditürik da. Eta gure aitzinekoek belaünaldiz belaünaldi transmititü zorte horren kontzientzia osoa bazüen.
Horien ororen gatik, agit daiteke lanjerean den kolektibitateari bürüzko obligazione batek gizakia azken bürüko sakrifizioala eramaitea. Haatik ez genezake ondorio hau pentsa : gizakiak kolektibiteak beno garrantzi handiagoa düala. Halaber, agit daiteke ere lanjerean den gizakiaren sokorritze-obligazionea sakrifizio oso baten egitera builtazea, nahiz eta horrek ez düan iholako süperioritaterik süposatzen sokorritatüaren aldetik.
Lehenik, aztertü behar da zoin diren arimaren bizitzalako beharrak, hala nola hazkürriaren, loaren eta beroaren beharrak korpitzaren bizirik etxekitzeko. Arimaren beharren zonbatzen eta definitzen iseatü behar da.
Arimaren beharrak ez dira seküla desirekin nahasi behar, ez kaprizekin, ez fantesiekin ez eta bizioekin ere. Berexi behar da zinez beharrezkoa dena bigerren mailako beste beharretarik. Nola nahi ere, gizakiak janaria behar dü, ez baitezpada errisa ez eta patata ere. Berotarzüna behar dü, ez baitezpada egürra eta inkatza ere. Bardin da arimaren beharrentako, ezagütü behar dira, asetze-manera desbardinak izanik ere, baliokideak direnak, hots, manera desbardinez ber beharrer ihardesten düenak. Bereizi behar dira alde batetik arimaren egiazko hazkürriak eta bestetik memento llabür batez hazkürrien funtzionearen ilüsionea eman lezaketen pozuak.
Herri hontan ere « lanjerean den kolektibitate » baten kide senditzen gira. Lehen mündü gerlaren eta bigerrenakren irabazteak bai eta Aljeriako gerlaren galtzeak kanbio hanitx ekarri zütüen Xiberoatarren mündü ikus moldean. Pastoralak xahatü ziren pastoral-komediak baztertzez, maslaradetako bost aitzindariak aparte jarri ziren folklore gisa erakustez eta basa ahaideak galdü ziren. Haatik pastoral eta maskaradak etxeki zütüen eta aitzina eraman. Segür ere « beren arimaren beharrak » asetzen beitzütüen.
Pastoral edo maskarada baten egitea ez da ikusgarri baten plantazeala mügatzen. Adin nahasketa bada, gizarte maila desbardinetako jenteen biltzea, besteen aitzinean jokatzen trebatzea, eüskarazko ikusgarri baten beste herritarrer erakustea. Bai eta plaza jokülarien gizarte mailan sartzea. Lehenekoen ildotik, oraikoan sartzen da eta gerokoentako kantore, ixtoria, argazki eta bideo üzten.
Eüskaraz mintatzea gustatzen zaien jente saldo handia bada bena ez daki kolektibitate bat osotzen düala. Hortakoz bere auto-estimüa apal dü. Eüskaldünen komünitate baten aipatzeko eta aldarrikatzeko beharra senditzen düt. Aldarrikatze soila ez daiteke aski, egin moldea ere eskentü behar da. Simone Weillek jadanik zehazten züan : « Berexi behar da zinez beharrezkoa dena bigerren mailako beste beharretarik … Bereizi behar dira alde batetik arimaren egiazko hazkürriak eta bestetik memento llabür batez hazkürrien funtzionearen ilüsionea eman lezaketen pozuak. » Horren ondorioz, beti ene ustez prefosta, lehenestekoak dira eüskaraz mintzatzea lekü orotan, Xiberoko Botzaren behatzea eta joküetan ihardestea, Berriaren eta Argiaren irakurtea, pastoral eta maskaradetarat joaitea eta beste. Bigerren mailan ütziko dira pozuak : EITB, TF1, Sud-Ouest, Miroir de la Soule eta besteak. Ez dira presaka egitekoak, komünitatea amets edo helbürü bat da.
Niko Etxartek grabatü züan « Bertsolari, eman izok hitzer hatsa ! » eta urte zonbait berantago, Maialen Lujanbioren hitz horik entzün ziren Korrikaren heltzean : « bizi, euskaratik eta euskaraz ! ». Berriki Amets Arzallusek azpimarratü dü «Hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deit dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea. » Ber denboran eztabada bat agitü da eüskal komünikabideetan: himno ofizial eta bakotx baten beharra zazpi probintzietan. Iparragirrek bere gitartxoarekin kantatzen züan « Gernikako arbola … eman ta zabal zazu munduan fruitua... » Jadanik arbola horren adarrak heltzen dira Eüskal Herriko xoko güzietara. Adar horietan bada bizia eta itzala ere ekarten deiküe, inperioetako izpi mingarrietarik axolbetzeko. Adar bakotxa azkartzen lagüntzez, zühaintze osoa date sentoago eta gure filosofia hedatürikago. Hala bedi.