Ezkermila
  • Artikulu bat proposatu
  • Hitzordu bat publikatu
  • Informazio gutuna
  • Bilatu
  • Harremanak
  • Français
Toggle Navigation
  • Harrera
  • Ekarpenak
  • Elkarrizketak
  • Memoria
  • Beste nonbait irakurria
  • Agenda
  • Ezkermilari buruz

Korrika eta agerian utzitako arrakalak

DESCRIPTION
Imanol Galfarsoro

Aurtengo Korrikaren inguruan piztutako polemikek aukera ederra ematen digute egungo egoera politikoaren azpiko tentsioak agerian jartzeko. Zuzeu webgunena argitaratua.

Euskara
2026-04-17
Ekarpenak

Noski, Euskal Herriko testuinguru zehatza ezin da hutsunean ulertu, kapitalismo globalaren dinamika orokorratik kanpo balego eta eskuin muturraren gorakadaren eragina gero eta agerikoa ez balitz edo.

Alta, ukatu ezina da, halaber, Euskal Herrian artikulazio herritar eta kontra-hegemonikoak indartu egin direla. Joan berri den hilabetearen mobilizazioak lekuko: Martxoaren 3ko oroimen ekitaldietatik Martxoaren 8ko aldarrikapenera eta greba orokorratik Korrikara.

Azken asteetako mobilizazioek argi erakutsi dute Euskal Herrian badaudela herri-dinamika biziak eta sendoak, instituzio ofizialetatik harago antolatzeko gai direnak.

Gauzak horrela, aurtengo Korrikak euskararen aldeko atxikimendu herritar zabala eta anitza erakutsi du berriro; era berean, mobilizapen herritar erraldoi honen harira sortu diren polemikek zenbait arrakala politiko nabariak agerian utzi dituzte.

Korrika AEKk azken 45 urteetan bi urtero antolatzen duen ekimena da. Hamarkadaz hamarkada, euskararen aldeko mobilizazio erraldoia izateaz gain, herri-antolakuntzaren adibide paradigmatikoa da. Hain zuzen ere, horregatik sortzen du halako erreakzioa: instituzioen kontrolpetik kanpo garatzen den dinamika eraginkor eta autonomoa delako.

Aurtengo edizioak, gainera, arrakasta aparta izan du parte-hartzeari dagokionez. Hala ere, arrakasta horrekin batera etorri dira kritikak. AEKk antolatutako Korrika26 ekimenaren inguruan piztutako polemikak eta desadostasunak sakoneko gatazka politiko eta ideologikoak azaleratzen dituzte.

Desadostasun hauek hiru sektore nagusitik etorri dira batik bat: EAEko gobernuaren ingurutik, CCOO sindikatua eta “Euskara Denontzat” taldetik eta zenbait ahots itxuraz neutral eta apolitikoetatik.

EAEko gobernuaren inguruko hainbat ordezkarik Korrikari egindako kritikekn norabidea ondorengoa izan da: ekimena ez dela “integratzailea”, euskara ez dela erabili behar gizartea ‘polarizatzeko’, edo mezu “onartezin” batzuk baztertu behar direla, hala nola, zehazkiago, euskal preso politikoen aldeko argazki eta aldarrikapenak.

Diskurtso horiek, ordea, badute kontraesan nabaria. Izan ere, Korrika historikoki espazio anitza eta irekia izan da. Ondorioz, zergatik proposatzen da elementu batzuk kentzea, aniztasun horren izenean? Gehitu beharrean Korrikaren ohiko izpirituan, kentzeak ez ote du polarizazioa laguntzen?

Galdera horiek eztabaidaren muina ukitzen dute agerian utziz ordezkari politiko ofizialen benetako kezka ez dela aniztasuna eta azken asmoa kontrola dela. Kontrola eta homogenizazioa. Bestela esanda, “integrazioa” kontzeptua berrinterpretatu nahi dutela dirudi, ez aniztasuna barne hartzeko, baizik eta polarizazioaren salaketa aitzaki, deserosotasuna sortzen dien elementuak neutralizatzeko.

CCOO sindikatua eta “Euskara Denontzat” taldekoen jarrerak antzeko logika batean kokatzen dira. Euskararen normalizazioaren aurkako hauen helegiteak argigarriak dira. Arazoa hizkuntza-auzi tekniko bat soilik ez dela erakusten dute, baizik eta borroka hegemoniko zabalago baten parte.

Labur esanda: diskurtso formaletan aniztasuna eta eskubideak aldarrikatzen badituzte ere, praktikan euskararen garapena mugatzeko estrategiak sustatzen dituzte.

Ondorioz, posizio horiek ez dira batere aurrerakoiak edo progresistak, horrela aurkeztu nahi duten arren, are langile prekarioen eskubideen alde ari direla argudiatuz. Aitzitik, marko ideologiko dominantearen parte dira, zehatz-mehatz. Euskararen auzian, gainera, benetako muga zein den ondo asko erakutsiz.

Horrela, hizkuntzen ikusbide estuki instrumental eta kuantitatibo batetik tiraka langileriaren zatiketa sustatatzen dute, hizkuntza gutxitu baten aldeko neurriak onartuz bakarrik baldin eta egitura politikoaren eta hizkuntza nagusiaren izaera zalantzan jartzen ez badira. Hemen ere, hortaz, diskurtso ofizialekin batera aniztasuna, tolerantzia eta giza-eskubideak aho bete aldarrikatzen dituzte zer eta euskararen garapena mugatzeko indarrean dagoen sistema judizial eta errepresiboaz baliatuz.

Azkenik, eztabaidan norberaren buruak banako independentetzat agertzen dituzten ahots ‘kualifikatuak’ daude, euskararen defentsa posizio politiko definituetara mugatu nahi gabe.

Hauen diskurtsoek, —itxuraz neutralak eta inpartzialak, are, gainera, moralak eta iritzi apalaren itxurapean aurkeztuak— beste dinamika bat agerian uzten dute: euskararen eta beste auzi batzuen artean loturak ekiditu nahi dituzte, hizkuntzaren “politizazioaren” aurkako posizioa hartuz.

Hala ere, hizkuntza gutxituen kasuan, dimentsio politikoa saihestezina da. Euskararen normalizazioa ez da prozesu tekniko hutsa, baizik eta botere-harremanek baldintzatutako eremu bat. Horregatik, “despolitizazioaren” diskurtsoak berez politikoak dira, nahiz eta kontrakoa aldarrikatu.

Euskararen aldeko ekimenak politizatzearen kritikari lehentasuna emateak, gatazka bera despolitizatzeko funtzio politiko zehatza besterik ez da. Azken finean, status quo-aren aldeko jarrera da, guztiz. Hizkuntza-politikaren dimentsio hegemonikoa lausotu nahiz indarrean dagoen egoera naturalizatzen laguntzen du.

Laburtuz, botere tradizionalaren sektore ezberdinek —politikoek, sindikalek, mediatikoek eta abar— elementu komun bat dute: indarrean dagoen markoaren barruan kokatzeko eta jokatzeko joera lehenesten dute bestelako alternatibarik ez balego bezala. Konformismo horren aurrean, Korrikak bestelako logika bat irudikatzen du: herritik sortua, autonomoa eta eraldatzailea.

Ez da kasualitatea azken urteotan Korrikaren parte-hartzea handitzen joan izana, euskararen aldeko atxikimendu herritarra ez dela ahultzen adierazten duena, kontrakoa baizik. Baina Korrika bezalako ekimen herritarrek erakusten dute eztabaida bera ez dela soilik hizkuntzari buruzkoa, batez ere botereari buruzkoa baizik.

Zentzu horretan, Korrikak erakutsi du posible dela hizkuntza baten aldeko mobilizazioa bestelako aldarrikapen sozial eta politikoekin uztartzea. Izan ere, horixe da, neurri handi batean, eztabaidaren beste ardatz nagusi bat. Ez da euskara ala bestelako aldarrikapenak baizik eta nola artikulatzen diren elkarren artean. Bide batez, gainera, ohiz ezartzen zaizkien traben despit instituzioetatik kanpo ere eragin sozial handiko dinamikak sortuz.

Korrikaren kasuak, beraz, tentsio sakonagoa erakusten du: batetik, kontrol instituzionaletik kanpo funtzionatzen duen herri-mugimendu baten indarra eta arrakasta dago; eta, aldi berean, horrek indarrean dagoen botere-egituraren babesle desberdinetan sortzen duen erreakzio deserosoa. Azken batean, Korrikaren inguruko polemikek indar-korrelazio baten aldaketa erakusten dute. Herri-mugimenduak gero eta indartsuago agertzen dira, eta horrek erreakzioak sortzen ditu botere tradizionalaren aldetik.

Horregatik, Korrika ez da soilik euskararen aldeko ekimen bat. Aldi berean, etorkizun berri baten irudikapena ere bada: Euskararen inguruan artikulatzen den herri bat, bestelako harreman sozial eta politiko berriak imajinatzeko gai dena.

Hori da, agian, Korrikaren benetako potentziala. Eta horregatik sortzen du halako erreakzioa. Jada badagoena baino berria den bestelako zerbait iradokitzen duelako. Azken batean, auzia ez da Korrika zer izan beharko lukeen, baizik eta herri baten burujabetza nahiaren adierazpen kolektiboa bihurtu dela Eta horixe da, hain zuzen, indarrean dagoen marko ofizialetik onartu nahi ez dena.

Azkenik, gero eta gehiago entzuten da euskararen inguruan “kontsentsu berri” baten beharra dagoela. Printzipioz, arazorik ez! Baina galdera da zein oinarritan eraikiko den kontsentsu hori. Orain arteko markoak gainditu gabe, zaila dirudi benetako aurrerapausorik ematea.

Izan ere, euskararen normalizazioa ezin da ulertu gaur egun dagoen egoera aldaezin gisa hartzen bada. Aitzitik, abiapuntu gisa ulertu behar da. Horregatik, kontsentsu berriak ezin du oinarri izan gutxieneko adostasun ahul bat, baizik eta dagoen egoera gainditzeko borondate argia.

Bestela esanda, euskararen aldeko politikak ezin dira euskarafobiaren diskurtsoekin bateratu. Ez modu agerian, ezta modu sotilean ere. Horrek kontsentsua baino blokeoa ekarriko luke.

Zentzu honetan, aurtengo Korrikaren inguruan sortu diren polemikak ez dira batere anekdotikoak. Aitzitik, gaur egungo une politikoa eta etorkizunerako norabidea ulertzeko leiho bat dira. Alde batetik, nazio askapen prozesu integral baten kokatzen diren herri-mugimendu zehatz eta autonomo baten indarra; bestetik, indar horrek pizten duen erreakzioa. Eta bien artean, gero eta agerikoagoa den arrakala.

Hurrengo gertakariak

Hitzaldi publikoa "Berangokoekin elkartasunez" / Réunion publique "Solidarité avec les inculpé.es de...
Apirila
30
Avril
Baiona(Bayonne)
Maiatzaren 1eko mobilizazioa / Mobilisation du 1er Mai
Maiatza
1
Mai
Baiona(Bayonne)
Maiatzaren 1eko mobilizazioa Maulen / Mobilisation du 1er Mai à Mauléon
Maiatza
1
Mai
Maule-Lextarre(Mauléon-Licharre)
Irulegiko irratiaren sostengu gaualdia / Soirée en soutien à Irulegiko Irratia
Maiatza
2
Mai
Izura-Azme(Ostabat-Asme)
Palestindar populuaren aurkako gerla salatzeko elkarretaratzeak / Rassemblements contre la guerre co...
Maiatza
2, 9, 16, 23, 30
Mai
Gertakari guziak ikusi

Gaiak

  • Gaiak / Thèmes
Filters changed, please click to submit when done

Logo Diaspora*. Logo PeerTube. Logo Facebook.

  • Konexione

Back to Top

© 2026 Ezkermila