BAGIRA inkestaren emaitzak
1500 pertsona baino gehiagok erantzun diote BAGIRA kolektiboak antolatu duen inkestari. Oroit inkesta hori prozesu baten etapa bat dela, datozen urteetako mugimendu abertzalearen norabideak gogoetatu eta definitzeko. Emaitza osoak hemen irakur daitezke eta segidan BAGIRAko talde eragileak haiei buruz egiten duen irakurketa.
2023ko maiatzetik uztailera hedatua izan den inkestatik Bagira prozesuaren gidaritza Batzordeak ateratako irakaspen eta interpretazioak laburbiltzen ditu dokumentu honek. Emaitza guziak Aztiker kooperatibak idatzitako txostenean irakurgai dira, kooperatiba honek inkestaren gauzapen metodologiko eta teknikoa lagundu gaituelarik.
Sarrera
1500 erantzule baino gehiagorekin, inkestaren arrakastak borroka sektore desberdinetan inplikatuak diren gizon emazteek Mugimendu Abertzalearekiko duten atxikimendua erakutsi du. Inkestari erantzun dutenek gogoeta kolektiboetan parte hartzeko erronka bere egin dute, Mugimenduaren norabideen finkatzea ahalbidetuko duen diagnostikoan parte hartuz eta kontsulta masibo horrek eskatzen zuen denbora dedikatuz.
Mugimenduaren heldutasuna erakusten du ere, bere ainiztasunean ariketa kolektibo, ideki, garden eta parte hartzaile hori lortu duelako. Bapatekotasuna, haustura, politika eta antolaketa kolektibotik urruntzea ezaugarritzen duten garai batean, Mugimendu Abertzaleak gibeltasun eta gogoeta tarte baten hartzea lortu du, oinarrizko gaien inguruan gogoetatzeko eta etorkizunerat baturik proiektatzeko.
Ondorioa nagusiak
Mugimenduaren kohesioa
Erantzuleen perfila ainitza izanik ere (adina, generoa, egoera, lurraldea, jatorria, inplikazio eremua, eta abar), inkestaren emaitzek gehiengo argiak erakusten dituzte gai ainitzen inguruan. Mugimendu Abertzaleak kohesio argia erakusten du erronka handien inguruan.
Dinamika militanteekilako bategitea
Kohesio hori azken urteetako dinamika militantea eta Mugimendu Abertzalearen oinarri militante zabalaren arteko bategite baten bidez adierazten da, militanteek borroken aintzinamendua eta hauen eramaiteko moldea baikorki ebaluatzen baitituzte. Garaipen ainitz dira oraino irabaztekoak eremu guzietan, bereziki inegalitate sozialen kontrako borroketan eta gazte dinamiketan.
Gatazkaren ondorioen konponbidean hozka bat gainditu da
Aieteko konferentziatik 12 urte ta gero, gatazkaren ondorioen konponbidean hozka bat gainditu da ipar Euskal Herriko presoen askatzean izan diren aintzinamendugarrantzitsuekin. Inkestaren erantzuleek euskal preso politiko guzien askatzeko lehentasunezko helburuarekin dinamika segitzeko garrantzia azpimarratzen dute, baina ere arrazoin politikoen lantzeko beharra gatazkaren konponbide integrala lortzeko.
Abertzaletasunaren betiko oinarriak hor dira eta aberasten dira
Erantzuleek abertzaletasunaren oinarri historikoei atxikiak direla berresten dute, hala nola euskara, burujabetza politiko eta materiala (janaria, energia…) edo ere Euskal Herriarekilakoatxikimendu sentimentala (Zazpiak Bat). Aldarrikapen historikoak beti sustengatuak dira : autodeterminazioa (%87.5), autonomia (%80.7) eta independentzia (%68.3). Oinarri horiekin batera, gaur egungo gai progresistek ezkerreko abertzaletasunaren korpus ideologikoa aberasten dute. Gaur egun, abertzaletasuna sozialismoari, baina ere ekologiari eta feminismoari lotzen da.
Abertzaletasuna aktibismo ainitza da
Abertzaletasuna ez da balore askatzaile eta helburu historikoekiko atxikimendu batean mugatzen. Aktibismo eraldatzaile bati lotua da.
Aktibismo dinamikoa
Indibidualismoak eta mesfidantza politikoak kaltetzen duten garai historiko batean, Mugimendu Abertzaleak oinarri militante izigarri aktiboa du (erantzuleen %92ek nonbait engaiatuak direla diote) engaiamendu eremu biziki desberdinetan. Militanteak lurraldeko mugimendu sozialetan errotuak dira eta hauen dinamizatzen parte hartzen dute. Herritarren sektore zabalekin konektatua den aktibismo hori Mugimendu Abertzalearen indar nagusia bezala ikusia da, eta azken hamarkadetan bere sinesgarritasunaren indartzea ahalbidetu du.
Aktibismo ainitza
Abertzaletasuna forma desberdinak hartzen dituen engaiamendu iraunkorra da. Lehenik, diskurtsoa eta biziko praktiken arteko koherentzia : euskararen erabiltzea eta ikastea, bizi hautu alternatiboak kontsumoan, etxebizitzan, moneran, energian, hedabideetan, kulturan, etab.
Abertzaletasuna tresna konkretuak eraikitzen eta borroka desberdinak (mobilizazioa, manifa, desobedientzia zibileko ekintza…) eramaiten dituzten kolektiboetan aktiboki militatzea da ere.
Azkenik, abertzaletasuna hauteskunde eta instituzio eremuan gauzatzen den engaiamendu bat da. Mugimendu Abertzaleak hautesle oinarri biziki mobilizatua du, hurbileko hauteskundeei (munizipalak, elkargokoak) eta hauteskunde sindikalei (laborantzakoak, langileenak, alokatzaileenak…) berebiziko inportantzia emaiten diena.
Erantzule guziek, hautetsiak barne, ekintza instituzionala gero eta inportanteagoa dela eta beste borroka moldeekin osagarria dela pentsatzen dute. Mugimendu Abertzalea instituzioen eremuan eta botere guneetan inbertitzen da iparrorratz militantea atxikiz, abertzaleen jendarte proiektuari eta urrats instituzional berriari buruz itzulirik.
Erronka handiak
Beste urrats instituzional bati buruzko dinamikak ber bultzatu
Erantzule gehien gehienak beste urrats instituzional baten aldekoak dira eta estrategia anizkoitza defenditzen dute :
1. Instituzio tresna goragorat iragaitea lurralde kolektibitatearekin
2. Euskal Herri mailako instituzio bati buruzko desmartxa berrabiatzea
3. Ipar Euskal Herrirako autonomia estatus baten aldarrikatzea
4. Euskal Hirigune Elkargoaren indartzea eta bilakaera
Euskal hirigune elkargoaren lorpena urrats gakoa bezala ikusia da, eta ipar Euskal Herriaren ezagupen politikoan, lurralde amankomun batekoa izaiteko sentimenduan, proiektu abertzalearen ikusgarritasunean, zerbitzu eta politika publikoetan aintzinamendu garrantzitsuak ekarri ditu.
Bilan baikor horrekin batera, eskumen eskasa eta ibilmoldearen bilan gazi gozoa (demokrazia, gobernantza eta lurraldeen arteko oreka dela eta) instituzio honen muga bezala azpimarratzen dira.
Elkargoan inplikatzeko eta honen hobetzeko garrantzia azpimarratzearekin batera, erantzuleek tresna hori lurralde kolektibitate bati buruz itzulikatzeko beharrezkoak diren dinamikak berrabiatzearen interesa adierazten dute. Haientzat, urrats instituzional berri baten lortzeko baldintzak ez dira aldatu, edo hobeak dira, aintzineko hamarkadari konparatuz. Azkenik, BATERAren bilanaren aldeko plebiszitua ikusirik, Mugimendu Abertzaleak gisa bereko aktibazio sozialaren dinamika berrabiatzeko prest dirudi.
Mugimendu gisa aintzina eraman beharreko erronkak
Aldarrikapen instituzionalaren ondoan, erantzuleek zeharlerroak diren 5 ardatz nagusi lehenetsi dituzte :
1. Euskara : lehentasunetan lehena erantzule guzientzat, euskararen jakite maila, inplikazio eremua, belaunaldia, lurraldea… edozoin izanik.
2. Etxebizitza : mobilizazio azkarra du, baina egoera kritikoak aintzinamendu erabakikorrak eskatzen ditu.
3. Klima aldaketaren kontrako borroka eta burujabetza materiala (janari, energia…) : Mugimendu osoa kezkatzen duen lehentasunezko erronka berria.
4. Borroka sozialak : azken hamarkadan guti aintzinatu delako eta egoera larria delako lehentasunezko inbertsioa eskatzen du.
5. Laborari borrokak eta laborantzako lurren defentsa : azken hamarkadan ainitz aintzinatu diren borrokak dira baina lehentasunezkoak gelditzen dira.
Lehentasunezkoak bezala agertzen diren bost erronken artean kokatzen ez badira ere, feminizazioa eta generoen arteko berdintasunaren aldeko borroka, bai eta ere belaunaldien berritzea eta gazte dinamikak parte garrantzitsua dute erantzunetan eta, Gidaritza Batzordearen ustez, aterabideak ekarri beharko zaizkie ondoko urteetan.
Mugimendua biharko Euskal Herria elgarrekin eraikitzeko prest da
Mugimendu Abertzaleak jadanik oinarri militante biziki aktiboa baldin badu ere, erantzuleen %41ek (eta 16-24 urte artekoen %72) engaiamendu berrien hartzeko prest dela diote.
Erantzuleek Gidaritza Batzordeak adierazitako ideia bat ukatzen dute : hau da Mugimendu Abertzalea osatzen duten dinamikek paraleloan lan egiten dutela, ez baitezpada elkar gurutzatuz. Hala ere, lan denbora eta gune amankomun gehiagoren beharra adierazten dute, ondoko urteetan egitasmo partekatuak eramaiteko.
Ondoko urratsak
Ondoko aste eta hilabeteetan, Bagira prozesuak trukaketa denborak antolatuko ditu inkestaren emaitzen eta hartu beharreko norabideen inguruan.
Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleko militante guziak momentu horietan parte hartzera gomitatzen ditugu, biharko Euskal Herria elgarrekin eraikitzen parte hartzeko.