Nazioa auzia, abertzaletasuna eta kolonialitatea Euskal Herrian. II.Atala (1)

"Kolonialitatea. Mundu mailako dimentsiotik Euskal Herriko errealitatera: herri kolonizatua gara ala polo kolonizatzaile? Udaberrian argitaratu genuen sarrera testuan adierazi bezala, ezinbestekoa da kolonialitateari buruz irakurketa argi bat izatea nazio-auziaren analisiari behar den bezala heltzeko." Kimua kolektiboaren gogoetaren segida bi partetan. Kimua.eus.
{up readmore=Résumé en français | textless=Fermer le résumé | class=up-readmore resume-eus} Colonialité. De la dimension mondiale à la réalité du Pays Basque : sommes-nous un peuple colonisé ou un pôle colonisateur ? Comme nous l'avons indiqué dans le texte d'introduction que nous avons publié au printemps, il est indispensable d'avoir une lecture claire de la colonialité pour aborder correctement l'analyse de la question nationale. La suite de la réflexion du collectif Kimua en deux parties. {/up readmore}
Nazio-auziari dedikatuko diogun analisi testuetako lehenengoa kolonialitateari eskainiko diogu. Udaberrian argitaratu genuen sarrera testuan adierazi bezala, ezinbestekoa da kolonialitateari buruz irakurketa argi bat izatea nazio-auziaren analisiari behar den bezala heltzeko. Alde batetik, nazio zapalkuntzak, modu baten edo bestean, logika kolonialari dagozkion biolentzia formei erantzuten dio. Euskal Herriaren kasuan, izaera kolonialista duten bi estaturen kontrolpean egonik (Espainia eta Frantzia), ulertzea dagokigu zelan aplikatua izan den historikoki biolentzia kolonial/inperialista hori euskal lurraldeetan. Beste alde batetik, baina, kolonialitatearen auziak nazio jakin bik duten gatazkatik harago doan fenomeno globala barnebiltzen du. Eta horrek ere garrantzi berezia du Euskal Herriarentzat: espainiar eta frantziar estatuekiko daukagun harremanaz harago, europar bezala mundu mailako errealitate kolonialaren aurrean jartzen gaituelako. Horrek aurkezten dizkigun kontreaesan ugariei irtenbide iraultzailea eman ahal izateko, gure ustez, ezinbestekoa da pentsamendu deskolonialak eskaintzen dizkigun ikuspegi eta tresna analitikoei heltzea.
Edukien aurkibidea
1. Kolonialitatea modernitate kapitalistaren adierazpen goren bezala
1.1. Kolonialitatearen adierazpen ekonomikoak: azpigarapena eta dependentziaren teoria
1.2. Kolonialitatearen ardatz epistemologikoa. Banaketa arrazial eta zibilizatorioa
2. Mundu mailako fenomenotik Euskal Herrira: herri kolonizatu ala polo kolonizatzaile?
2.1. Kolonialitate ekonomikoa Euskal Herrian
2.2. Arrazakeria eta zapalkuntza kulturala Euskal Herriko testuinguruan
1. Kolonialitatea modernitate kapitalistaren adierazpen goren bezala
Kolonialismoaren lehenengo zantzuak duela milaka urtetik datozkigu, eta beraz, nazioaren adiera modernoa agertu baino askoz ere lehenagotik. Izan ere, dominazioan oinarritutako lehenengo zibilizazio eta inperioen hedapenaren eskutik eman ziren lehenengo prozesu kolonizatzaileak. Jabetza pribatua, patriarkatua eta Estatuan oinarritutako lehenengo klase jendarte horien berezko joera zen, botere metaketarako logikak bultzatuta, inguruko lurraldeak konkistatzea. Herri osoak kontrolpean hartu, bertako baliabideak eta bitarteko produktiboak arpilatu; eta gorputzak zein lan-indarra esklabizatzea. Horrelakorik modu baketsuan nekez gertatzen zenez, fenomeno koloniala biolentzia adierazpen ugariz zeharkatuta egon da beti, interbentzio militar zuzenetatik hasita eta biolentzia adierazpen sotilenetara. Zentzu horretan, ezinbestekoa da kolonialismoa osotasun bezala ulertzea, giza existentziaren aldagai guztiak zeharkatzen dituena, eta horregatik ezin dugu fenomeno ekonomiko soil bezala ulertu. Bere adierazpen ekonomikoa badu, noski, baina beharrezkoa du baita ere pentsamenduaren kolonizazioa, edota gorputzena. Hizkuntzaren gainekoa, ohitura eta sinesmenen gainekoa: herri batek mundua ulertzeko duen moduaren gainekoa. Dantzak, musika, janzkera, mitologia, egituraketa politiko-instituzionala... Bere adierazpen kultural eta epistemologiko sakonenean ulertu behar dugu kolonialismoa. Hortaz, ezin uka fenomeno konplexua dela eta konplexutasun horretatik aztertu beharko dugu beti.
Duela milaka urte sortutako erro horiek jasota, kolonialismoaren puntu gorena mundu mailan modernitate kapitalistaren orokortzetik dator, XV. mendetik aurrera. Mende horren amaieran hasi zen Amerika/Abya Yalaren konkista, besteak beste, komertzio triangeluarra bezala ezagutu zen itsasbidearen irekiera ahalbidetu zuena. Afrika, Amerika eta Europa lotzen zituen itsasbideaz ari gara. Izan ere, bide honek esklabotza, esplotazio eta arpilatzean oinarritua, europar potentzia inperialisten gorakada ahalbidetu zuen. Hiruki komertzial horretan, Europatik irtendako barkuek Afrika mendebaldeko kostaldean geldialdia egiten zuten, bertan esklaboak trukatu eta Amerikara eramateko. Amerikan esklaboak saldu, bertan afrikar eta indigenen lan-indar esklaboarekin ekoiztutako lehengaiak ontziratu (azukrea, tabakoa, kafea, kakaoa, mineralak...) eta Europarako bidea hartzen zuten. Azkenik, Europan, lehengai horietatik abiatuta, manufaktura kualifikatuak ekoizten zituzten (armak, luxuko artikuluak, arropak...), Europan bertan zein kolonietan salduko zirenak. Horrela, barkuak garesti salduko zituzten manufakturaz bete eta heriotzazko eta esplotaziozko bidaia triangeluarra errepikatzeari ekiten zioten.
Europar potentzia inperialistentzat ekuazio perfektua zen: konkista bidez lurralde eta baliabide naturalak bereganatu; lan-indar esklaboarekin lehengaiak ezin merkeago ekoiztu; Europan lehengaiok manufakturatu; eta azkenik, manufaktura horiek garesti saldu. Horiek izan ziren ekuazio kolonialaren ardatz nagusiak, Europan itzelezko aberastasun metaketa ahalbidetu zutenak. Jatorrizko metaketa, alegia, kapitalismoaren sorrera posible egin zuena. Izan ere, kapitalismoaren agerpenerako ezinbestekoa izan zen kolonialismoa: modernitate kapitalista ezin da errealitate kolonialarengandik banatu. Ez dago lehenengoa bigarrena gabe. Gerora, ekuazio kolonial hori arrakasta handiarekin erreplikatuko zen Asiako kolonietan eta Afrika kontinentearen kolonizazioarekin. Funtsean, gaur egun arte mantendu den logika da: egun munduan herrialde “aberats/garatu” eta “pobre/azpigaratuak” badaude, ez da “pobreek” historian zehar zorte txarra izan dutelako, edo are txarrago, nagiak direlako edo ez dituztelako behar bezala probestu merkatuak eta gizadiaren garapen orokorrak eskaini dizkien aukerak. Azpigarapen eta pobretze hori erdigune-periferia inperialistaren arteko harreman kolonialaren ondorio zuzena da. Kontrako norabidean, egun erdigune inperialistako herrialdeetan metatzen den ongizate eta aberastasunaren genealogia egiten badugu, ezbairik gabe, erro kolonialarekin topo egingo dugu.
Egiari zor, modernitate kapitalistak aurrera egin ahala, kolonialismoaren zenbait adierazpen aldatuz joan ziren. Komertzio triangeluarraren garaietan inperioek dominazio eta esku-hartze politiko-militar zuzena zuten kolonietan: organikoki, lurralde eta populazio horiek beraienak ziren, eta esklabotza ere legala zen. Mendeek aurrera egin ahala, kolonia horiek independentzia formala lortuz joan ziren, Abya Yalatik hasita eta Asia eta Afrikako independentzia prozesuetara. Independentzia formal horiekin kolonialismoaren garaia amaitutzat eman zela pentsatuko du batek baino gehiagok. Eta hemen “kolonialitatearen” zentzua kontzeptu bezala: kolonialismoa kolonia formalak zeudeneko garai historikoari lotutako kategoria bezala ulertzen badugu, gaur egun ia ez da existitzen. Baina fenomeno kolonialak, botere patroi bezala, mundua banatu eta gobernatzeko logika bezala, inoiz baino biziago dirau. Hori baita kolonialitatea: mundu mailako merkatu kapitalistaren baitan eta banaketa arraziala ardatz hartuta, giza existentziaren adierazpen oro (lana, ekoizpena, gorputzak, pentsamendua, ezagutzak...) egituratzeko modua. Nolabait, modernitate kapitalistaren inposaketa osoarekin, kolonialismoak hartzen duen forma totala litzateke kolonialitatea.
Horrek guztiak garrantzi handia du, dominazioak bere burua erreproduzitzeko duen gaitasuna erakusten digulako, plano juridiko-formalean ezartzen den berdintasunezko estatusetik harago. Kolonialitatearen kasuan, egun formalki independenteak diren estatuen artean, argi dago oraindik ere dependentziazko eta subordinaziozko logikak bere horretan jarraitzen duela. Horrela, Espainiak eta Peruk, Erresuma Batuak eta Malik, denek estatus juridiko berdina dute (nazio-estatu independentea), baina ezin dugu pentsatu, inondik inora, posizio berdinean daudenik kolonialitatearen arabera eraikitako egungo mundu honetan.
1.1. Kolonialitatearen adierazpen ekonomikoak: azpigarapena eta dependentziaren teoria
Hasieran esan dugun bezala, errealitate koloniala dimentsio ugari hartzen dituen fenomenoa da, eta horien artean dimentsio ekonomikoak garrantzi handia du. Kolonialitate ekonomiko horren adierazpen nagusia azpigarapenaren fenomenoaren bidez ematen dena da, kontinente osoen egiturazko pobretzea eragin duena mendeetan zehar. Funtsean, azpigarapena, erdigune edo metropoliak historikoki metatu duen gailentasunaz baliatuta (militarra, ekonomikoa, politikoa, kulturala...), periferia kolonialarekiko desoreka harreman bat mantentzean datza. Desoreka horren bitartez, periferia horretan esplotazio kapitalista inposatzeko gai da, baina aldi berean, eta hemen dago azpigarapena ulertzeko gakoa, dinamika kapitalista horrek bultzatu beharko lukeen bitarteko produktiboen garapen normala eten edo suntsitu egiten du. Hau da, periferia kolonialean lan-indarra esplotatu eta baliabide naturalak arpilatzen dira, baina esplotazio horrek sortutako aberastasuna (gainbalioa) zuzenean metropolira transferitzen da. Aberastasun hori ez da eremu kolonialetan geratzen, bertako gaitasun produktiboak garatuz. Hartara, eremu kolonial horiek, formalki independenteak izanik ere, merkatu internazionalean eskaini dezaketen bakarra baliabide naturalak eta lan-indar merkea dira, gehienetan erdigune inperialistan errotuak dauden multinazionalen bitartez, gainera.
Horren adierazle da eremu kolonialetako ekoizpena, gaur egun ere, lehen sektorean zentratuta egotea, kapital atzerritarrak bultzatutako nekazaritza eta estraktibismoan. Ondorioz, bertan erauzitako gainbalioa erdigune inperialistara transferitzen da. Paraleloki, eremu kolonial horiek erdigune inperialistan ekoizten diren produktu manufakturatu (denetariko makinak, lehengai prozesatuak...) eta ezagutza kualifikatuekiko menpekoak direnez, horiek erostera behartuta daude. Sorgin gurpil bat sortzen da horrela, eremu kolonial horiek etengabeko pobretze eta azpigarapenean murgiltzen dituena: lehengai eta lan-indar merkea saldu, manufaktura garestiak erosteko. Komertzio triangeluarraren garaiko logika berdintsua. Horrez gain, fluxu migratorioen ondorioz belaunaldi gazte eta prestatuenek erdigune inperialistara ihes egiten dute, jatorrizko herrialdeak giza baliabideei dagokionez are gehiago pobretuz. Azkenik, pobretze logika orokor horrek zorretan sartzera bultzatzen ditu herriok, norekin eta erdigune inperialistaren kontrolpean dauden banku eta inbertsio funtsekin. Dinamika guzti hau dependentziaren teoria bezala ezagutzen da.
Horrekin guztiarekin, kolonialitatearen adierazpen ekonomikoak erabateko gaurkotasuna duela azpimarratu nahi dugu: egun metaketa kapitalistak izaera koloniala du. Hori esanda, fenomeno kolonialaren azken emaitza bezala, ondoriozta genezake “nazio burgesak” eta “nazio langileak” daudela? Lurralde jakin bateko biztanle oro bilakatzen dela desjabetu, herria edo nazioa bera dela desjabetzen dena? Alegia, nazio edo herri bat, bere osotasunean eta gaur egungo testuinguruan, zapaltzaile edo esplotatua izan daitekeela? Zentzu horretan, fenomeno kolonialaren konplexutasuna onartuz, komeni da zenbait zehaztapen egitea:
- Erdigune inperialistako jendarteak ez dira homogeneoak. Ikuspuntu ekonomikotik, klase estratifikazio bat gertatzen da horietan. Badaude burges eta langileak, eta biek erdigune inperialista horretatik jarduten badute ere, ezin ditugu posizio horiek berdindu. Zalantzarik ez dago langile klase hori munduan duen posizio inperialistaz baliatzen dela (modu kontzientean ez bada ere) bere posizioa hobetzeko, eta hori ez genuke ahaztu beharko: testuinguru kolonialak bere bizi baldintzak birsortzeko beharrezkoak diren merkantzia merkeak eskaintzen dizkio, bai eta bere lan-indarra garestiago saltzeko aukerak handitu (erdigune inperialistako enpresariek normala litzatekeena baino gainbalio gehiago erauzten dutelako testuinguru kolonial horretan). Hori horrela izanik ere, ezin dugu berdindu erdiguneko langileriak eta burgesiak fenomeno kolonialean duten ardura. Era berean, azken hamarkadetan periferia kolonialetik fluxu migratorio handia heldu da, erdigune inperialistako estratifikazio soziala are gehiago konplexutuz. Horretaz guztiaz gain, erdigune inperialista bezala identifikatzen ditugun nazio-estatuen mugen barruan garapen ekonomikoa ez da homogeneoa. Alderantziz, badaude azpigaratuta eta egiturazko pobrezia eta dependentzian mantentzen diren lurraldeak. Zorizko pobretzea izatetik urrun, nazio-estatuaren metaketa interesetarako funtzionala den azpigarapena da. Mundu mailan ematen den ipar-hego banaketari jarraiki, Europan behintzat, azpigarapen intrainperialista horrek ere norabide hori hartzen du: Europa hegoaldeko herrialdeak pobretuago daude, eta oro har, Europa erdigune eta iparraldeko estatuek diotenari subordinatuak. Era berean, dependenteago diren herrialde horietan bertan, hegoaldeko eskualde eta lurraldeak are pobretuago eta azpigaratuago daude. Argi dago azpigarapen intrainperialista hori ezin dela berdindu mundu mailan ematen den erdigune-periferia banaketa eta pobretze mailarekin, baina adierazten digu erdigune inperialista ez dela homogeneoa eta fenomeno koloniala joera gisa lurralde guztietan erreproduzitzen dela. Alegia, katebegi asko dituen gradiente bat bezala ulertu behar dugula.
- Periferia kolonialean badaude oligarkiak. Are gehiago, oligarkia horien parte-hartzea eta erdigune inperialistarekin dituzten aliantzak beharrezkoak izan dira kolonialismoaren zutabeak eraikitzerako orduan. Galdetu genezake hemen oligarkia horiek kolonizatutako herriaren parte diren ala ez. Kasu askotan arroztasun hori nabarmena da, oligarkia horiek europarrok inposatutako agintari eta kolonoen ondorengoak direnean; baina beste askotan, ezin uka bertako zipaio eta kolaboratzaileekin eraman dela aurrera kolonizazio prozesua. Hortaz, periferia kolonialetako herriak ere ez dira erabat homogeneoak. Era berean, zenbait eremutan, izaera dominatzaile aurre-europarra zuten adierazpen zibilizatorioak zeuden: lurralde batzuetan Estatua, esklabotza eta oro har, klase jendartea existitzen ziren europarrak heldu baino lehen.
- Egun mundua multipolaritatera dihoa. Herrialde asko, industrializazio prozesuan sakonduz, ohikoa zuten azpigarapena gaindituz doaz pixkana-pixkanaka. Bitarteko produktiboen garapenari erreparatzen badiogu, azken hamarkadetan mundu garatu eta azpigaratuaren arteko distantzia murriztuz joan da zenbait tokitan. Murrizpen hori Txinan nabarmena izan da, baina baita India, Asia hegoekialdean edota Abya Yalako zenbait herritan, eta neurri txikiagoan, Afrikan ere (ikus BRICS herrialdeak). Bitarteko produktiboen barne garapen horrek norabide kapitalistan kokatzen diren ekoizpen gaitasunak erdiestea lortzen du, zentzu kapitalista horretan nolabaiteko independentzia ekonomikoa eskainiz herrialdeoi. Horrez gain, burgesia produktibo propio bat garatzea ahalbidetzen du eta ondorioz, lana-kapitalaren arteko kontraesana gero eta gehiago herrialde horien barnealdera adierazten hasten da, eta ez herrialde kolonial osoa eta metropoliaren artean. Nolabait esateko, ez dute gehiago kolonia ekonomiko bezala funtzionatzen eta aspirazio eta gaitasun inperialista izan dezaketen potentzia berri bezala aurkezten dira munduan, lehia interburges eta interinperialista areagotuz. Horra hor azken hamarkadan mundu mailan piztu diren tentsio geopolitikoen iturri nagusia.
Laburbilduz, kolonialitatearen dimentsio ekonomikoak existitzen jarraitzen du eta herri askoren pobretzeak, azpigarapenak eta dependentziak errealitate gordina izaten jarraitzen dute. Munduaren banaketa horretan, gainera, funtzio inperialista/koloniala betetzen duten guneek berdinak izaten jarraitzen dute: Ipar Globala bezala ezagutzen dena (ardatz anglosaxoia, Europa, Japon, Hego Korea). Hala ere, dinamikoa eta konplexua den errealitate bezala aztertu behar dugu. Are gehiago mundu mailako geopolitikan aldaketa sakonak ikusten gabiltzan garai historiko honetan, mundu mailako eskema hori antzaldatu dezaketenak.
1.2. Kolonialitatearen ardatz epistemologikoa. Banaketa arrazial eta zibilizatorioa
Hori guztia esanda, ezin ahaztu fenomeno kolonialak ekonomiaz harago dituen erroak. Nabarmenetakoa arrazakeria da. Arraza kategoria bezala, Europan gutxienez, Antzin Arotik dator. Aristotelesek, ingurumen baldintza zehatzen arabera ezaugarri fisiko diferentziatuetan oinarritutako arrazak existitzen zirela defendatzen zuen. Gainera, ezaugarri arrazial horiei inteligentzia, antolakuntza soziala eta maila kultural-zibilizatorio jakin bat esleitzen zizkien. Hala ere, arrazakeria fenomeno global bezala, kolonialismo ekonomikoarekin bezala, modernitate kapitalistaren eskutik agertzen da.
Modu horretan, XV. mendetik hedatuz joan zen errealitate kolonialak justifikazio ideologiko bat beharrezkoa zuen eta arrazakeriak funtzio hori bete zuen. Errelato bat eraiki beharra zegoen, milioika gizakiren erailketa eta esklabotza zurituko zituena. Eta eraiki zuten, bai! Indigenak eta beltzak (eta oro har, zuri europar ez zen oro) esklabo bihurtu eta mendean hartzea betebehar moral bilakatu zuten. Ez bakarrik errentagarritasun ekonomikoari lotuta zihoan betebehar bezala, baizik eta zibilizazioaren garapenaren izenean, ezinbesteko zen eginkizun moral bezala. Izan ere, arrazionaltasun ekonomiko hutsari erreparatuta, kolonialismoak eragindako sufrimendu guztia “sakrifizio” bezala uler zezaketen. Enpresa kolonialaren errentagarritasuna ziurtatzeko egin beharrekoa, baina moralki arbuiagarria litzatekena. Bada, ez: kolonizazioa, esklabizazioa, herri osoen esplotazioa eta desagerpena, eginkizun zibilizatorio bezala ulertzea lortu zuten. Konkistatu eta esklabo bilakatzen zituzten herriei mesede egingo baliete bezala. Hasiera batean ebangelizazio eta erlijioaren izenean, jaungoikoaren borondateari men eginez; ondoren, zientzia eta progresoaren izenean, naturaren legeek eta arrazoiak ezarritakoaren arabera.
Hala, askori harrigarria irudituko zaien arren, fenomeno arrazistaren puntu gorena ilustrazioa, arrazoiaren gailentzea eta pentsamendu zientifiko-modernoaren garapenaren eskutik etorri zen, XIX. mendean zehar. Izan ere, arrazismoa bezalako eraikuntza ideologiko alienante batek beharrezkoa zuen subjektu eta objektuaren arteko banaketan sakontzea. Eta sakontze hori soilik zientzia positibistaren eta dualismo kartesiarraren garapenaren bitartez posible egin zen. Subjektua: zibilizatua, arrazional-logikoa, kulturaren eta progresoaren jabe; hau da, europar zuria. Objektua: basatia, primitiboa, irrazional-emozionala, kultura eta progresorik gabea; hots, beltzak (eta oro har, europar zuriak ez zirenak). Gizakiak ere baziren beste horien arrazializazioa eta subhumanizazioa burutzeko beharrezkoa zen banaketa alienante hori. Azpimarratzea hemen subjektu-objektu haustura modernizatzaile hori beste aldagai batzuei ere aplikatu zitzaiela: naturari esate baterako (natura elementuak, banaketa horretan objektu bezala kontsideratuz). Edota patriarkatuari (subjektua gizona, objektua emakumea), garai horretan, modernitate kapitalistarako egokitze fasean egonda, birmoldatze sakona bizi izan zuena.
Kontua da subjektu-objektu haustura horri darwinismo soziala gehitu zitzaiola. Garaian bogan zeuden eboluzionismoa eta determinismo biologikoa giza historia, kultura eta antolakuntza ezaugarritzeko marko interpretatibo bezala erabili zituzten. Horrela, mundua irizpide arrazialen bitartez sailkatzen hasi ziren eta sailkapen horri izaera juridiko, ekonomiko, kultural eta zibilizatorioa esleitu zioten. Gorputzen, lanaren eta jabetzaren banaketa arraziala egituratu zen, arrazaren araberako klase sistema eraikiz.
Merezi du hemen Antonio Canovas del Castilloren hitzak gogora ekartzeak, XIX. mende amaieran Espainiako presidente izandakoa, Espainiar estatu modernoaren sortzaileetako bat. Esklabotza abolitu zenean honakoa adierazi zuen:
“Los negros en Cuba son libres; pueden contratar compromisos, trabajar o no trabajar, y creo que la esclavitud era para ellos mucho mejor que esta libertad que sólo han aprovechado para no hacer nada y formar masas de desocupados. Todos quienes conocen a los negros os dirán que en Madagascar, en el Congo, como en Cuba son perezosos, salvajes, inclinados a actuar mal, y que es preciso conducirlos con autoridad y firmeza para obtener algo de ellos. Estos salvajes no tienen otro dueño que sus propios instintos, sus apetitos primitivos”
Eta ez pentsa Canovas del Castilloren pentsamendu hori salbuespena zenik: garaiko Europako agintaritza politikoan orokortua zegoen. Lagunok, gizadiaren historiak sortutako abominazio ideologiko lazgarrienetako bat modernitatea eta arrazoiaren emaitza zuzena izan zen: ez zen herri “inzibilizatu”, “primitibo” edota “atzeratuen” sorkuntza izan. Bada, logika arrazista hori kolonialitatearen adierazpen ideologiko-epistemologiko bilakatu zen, eta modu batean edo bestean, gaur egunera arte mentalitate dominatzailearen ardatz nagusi bezala iraun du. Kasu batzuetan era kontziente eta politikoan, supremazismo zuria aldarrikatzen dutenen artean. Baina baita era inkontziente edo subliminalagoan, oro har jendarte zuri europarretako gainontzeko kideon artean. Mentalitate arrazista eta kolonial horrek gure baitan gailentasun zibilizatorio-kulturala eraikitzeko joera bultzatzen du, “gu” horretan sartzen ez diren horien gaineko zapalkuntza justifikatuz eta zurituz.
Hemen azpimarratu nahiko genuke gailentasunezko logika hori modu sakonenean erdigune-periferiaren artean gauzatzen dela, baina kolonialitate ekonomikoarekin bezala, erdigune inperialistaren barnera ere badituela bere adierazpenak. Nabarmenena, modernitate kapitalista inposatu ahala, erdigune inperialistako nekazal jendarte aurremodernoa eta hiritargo liberal-burgesaren arteko talkan erreproduzitu zena. Hartara, paleto/aldeano/atzeratu Vs hiritar/aurreratu/zibilizatu banaketak, banaketa arrazialaren logika zibilizatorio eta modernizatzailea partekatu zuen, eta Europako barne modernizazioaren zutabeetako bat izan zen. Askotan entzun izan dugu kapitalismoaren hastapenetan burgesiak feudalismoa eta jaun feudalak izan zituela etsai nagusi. Bada, modernizazio kapitalistaren etsai europar nagusia baldintza aurremodernoetan bizirauten zuten nekazal komunitateek osatzen zuten, harreman eta ekoizpen modu komunalen jabe ziren komunitate horiek baitziren modernizazio eta liberalizazioaren aurrean arriskurik handiena. Kapitalaren logika inposatzeko beharrezkoak ziren baldintzak (jabetza pribatua, subjektibitate eta kosmobisio modernoa, merkantziekiko dependentzia, bitarteko produktiboekiko banaketa eta desjabetza) orokortzeko oztopo nagusia nekazal jendarte horietan zegoen. Horregatik, Europan modernizazio kapitalistaren inposaketaren ardatz nagusiak jendarte kanpesino horien kontrako gerraren (militarra, juridikoa, ekonomikoa, politikoa, kulturala) forma hartu zuen. Logika arrazistarekin bezala, gerra horientzako justifikazio ideologikoa moral zibilizatorioaren bidez eraiki zen: nekazari atzeratu eta primitiboa alde batetik, eta hiritar ilustratu, liberal eta modernoa bestetik. Banaketa hori errealitate kultural eta linguistiko osoei aplikatu zitzaien, nagusiki nekazal testuinguru horietan existitzen ziren hizkuntza eta herriak debaluatuz eta zapalduz. Euskara eta euskal kultura, esate baterako, mendeetan zehar posizio “aldeano/kaxero” horretan egon izan da. Baina ez da salbuespena: Europa osoan zehar nekazal eremuetan erreproduzitu zen logika izan zen, eta indar berezia hartu zuen prozesu modernizatzaile eta liberalizatzaileen kontra baliabide eta bizitza komunala defendatzeko matxinatu ziren lurraldeen kontra.
Honekin guztiarekin zera esan nahi dugu, mundu mailan zabalpen kolonial eta inperialista abiatu baino lehen (batzuetan aldi berean), potentzia inperialistek barne mailako kolonizazio eta homogeneizazio prozesuak egin behar izan zituztela. Europako nazio-estatu moderno guztien genesian, beraien mugen barruko komunitate eta herriak zapalduak, suntsituak eta asimilatuak izan ziren mendeetan zehar. Komunitate eta herri horiek nazio-estatu berriaren erro kulturala konpartitzen ez zutenean zapalkuntza hori bortitzagoa izan ziteken, baina asimilazioak izaera intrakulturala ere bazuen, paleto/hiritar logikaren baitan. Espainiar kasuan, esaterako, nazio-estatu modernoaren eraikuntza, gaztelar oinarri kulturala zuten nekazal herri eta komunitateen aurka eginez ere gauzatu zen: komunitate horien jabetza eta bitarteko produktibo komunalak pribatizatuz; auto-antolakuntzarako egitura demokratiko-komunalak suntsituz; ezagutza, hizkera eta kosmobisio kanpesinoa mespretxatuz eta asimilatuz; nekazal bizimodu komunalaren adierazpen kulturalak folklorizatuz... Eta ez pentsa espainiar estatua bereziki gaiztoa zenik: berdin-berdin gertatu zen Europan zehar nazio-estatu guztien eraikuntza prozesuetan. Are gehiago, zapalkuntza intrakultural modernizatzaile hori berdin-berdin gertatu izango litzateke gure lurretan, bere garaian Euskal Herriak nazio-estatu bat izatea lortu izan balu.
gero jarraikiko