Kontseilu sozialista IEH mintzo
Kontseilu sozialista Ipar Euskal Herria est une nouvelle organisation politique que nous présente Joana Ibargarai (interview en euskara)
Zer da Kontseilu sozialista IEH ?
Langile klaseko sektore eta belaunaldi desberdinak antolatzeko tresna da Kontseilu Sozialista Ipar Euskal Herria. Bada usaia pairatzen ditugun arazo desberdinak manera isolatuan ulertzeko (lan esparruko arazoak, etxebizitza arazoa, errepresioa, genero indarkeria, ekosistemen suntsiketa…) jendartea ulertzeko manera burgesan. Guk jendartea mugiarazten duen indar orokor bat badela ohartarazi nahi dugu: kapitalismoa.
Kapitalismoak aberastasun ekonomikoa guttiengo batek (burgesiak) neurririk gabe akumulatzea eragiten du, beste anitzen lanaren bizkar. Baina kapitalismoa ez da bakarrik sistema ekonomiko bat, horren gainean eraikia den jendarte egitura osoa ere bada. Eta botere burgesak esparru ekonomikoa gainditzen duenez, krisi kapitalista garai honetan, jendarte osoaren egiturazko krisia bilakatua da. Krisi horren ondorioz langile klaseak bizi duen pobretze orokortuaren baitan, eskubide politikoak eta zibilak murrizten dizkigute, eta gure bizi baldintzak okertuz joaten dira.
Kapitala akumulatzeko egina da sistema hori, eta ez dugu borrokatu nahi horren baitan puntu batzuk hobetzeko. Klaserik gabeko jendarte bat sortu behar dugula argi dugu. Hala, langile klasearen interesak defenditzeko eta jendarte komunistaren eraikuntzan beste urrats baten emateko sortu dugu Kontseilu Sozialista IEH.
Nola defini daiteke politikoki ?
Azken urteetan osatzen joan den, eta hazkundean den Mugimendu Sozialistaren parte dira Kontseilu Sozialistak.
Kapitalismoaren krisi garaian sortu da mugimendua, eta ez da kasualitatea. Hain justu ere, jendarte burgesaren ondorioak beti eta bortitzagoak egiten dira krisi garaietan, eta langile klaseak jasaiten dituen zapalkuntzak agerian uzten ditu egoerak. Horren parean, argi dugu giza beharren arabera antolatu behar dugula jendartea, eta ez burgesiak aberasten segitu ahal izateko gisan. Beraz, botere burgesa suntsitu eta guhaurena, langile klasearena eraikitzeko bidean ari gara lanean.
Zapalkuntzarik gabeko jendarte baten eraikuntzan Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen dugu helburu estrategiko gisa, hori ulerturik maila internazionalean antolatu beharreko prozesu sozialista baten baitan.
Nola antolatua da eta zein eremu geografikotan ?
Gure Kontseilua Ipar Euskal Herri mailakoa da, baina Hego Euskal Herriko hainbat lekutan ere eskualde mailako Kontseilu Sozialistak badira. Azken hilabeteetan sortu dira hainbat lekutan; Tolosa, Deba, Goierri, Bilbo, Iruñea, Donostia edo Bidasoa aldean, besteak beste. Norabide berean ari gara denak.
Zein dira bere helburuak epe motz eta ertainean ?
Legedia burgesa beti ber interesetara egokitzen duten heinean, langile klasea hainbat eremutan gelditzen da babesgabe, kolpaturik, eta pandemia garaian egoera larritu da. Aski da ikustea aste honetan berean Bidasoa ibaian hilik atzemana izan den migratzailea ; zazpigarrena aurten, inguru horretan hila. Edo Ipar Euskal Herrian diren 300 inguru etxegabeak. Eta zentzu berean, langile klasea biziki ongi kontrolaturik nahi dute. Horretarako aldaketa juridikoak egiten dituzte; Segurtasun Orokorrerako legea, datu babeserakoa eta osasun ziurtagiriaren inposaketa adibidez.
Egoera horri erantzuteko lan lerro konkretu batzuk abiatuak ditugu, eta hauetako bat da oinarrizko beharrizanena. Ikusten dugu langile klasearen geroz eta zati handiagoak bizi baldintza geroz eta txarragoak dituela. Elektrizitatearen eta gasaren kostuen igaite ikaragarria, langabezia asegurantzaren erreforma, etxebizitzen kariotzea… Arazoa orokorki kokatu nahi dugu, gure tesiak ezagutarazi eta arazo hauei gure gaitasunen araberako erantzunak eman.
Beraz, problematika ezberdinei erantzuteko xedea dugu eta antolakuntza komunista lurraldean hedatzeko urratsak emaiten segituko dugu, belaunaldi desberdinen arteko elkarlanean oinarrituz.
Propaganda euskarrietan "komunista" eta "sozialista" terminoak erabiltzen dira. Zergatik ? Tradizio marxistan biak bereizten dira. Zuek termino bakoitzari zein eduki emaiten diozue ?
Mugimenduaren helburu estrategikoa Euskal Estatu Sozialista da, jendarte komunista eraikitzeari ekiteko. Erran nahi du langile klaseak Euskal Herriko lurraldearen gaineko kontrol politiko eta ekonomikoa eskura dezan ari garela lanean. Hala, oinarrizkoa da ekoizpen bitartekoen jabetza pribatuarekin bukatu, eta giza beharren araberako ekoizpena plantan ezartzea. Era berean, funtsezkoa da printzipio komunistek gure antolakuntza gidatzea, hots, eraiki nahi dugun klaserik eta zapalkuntzarik gabeko jendarterako proposamenak praktikaren bidez garatzea.
Euskal arazo nazionalari zer nolako aterabidea proposatzen diozue ?
Euskal arazo nazionala ez dugu auzi sozial orokorretik bereizten. Euskal Herri aske bat eraiki nahi badugu – bere forma politiko propioa eta elementu kulturalen garapen positiboa ukanen duena -, arazoa jendartea mugitzen duten indar errealen arabera kokatu behar dugu : klase borrokari lotua da. Horregatik, Euskal Herriaren askapena klase borroka terminoetan planteatzen dugu, klaserik gabeko jendarte batean baititugu nazio askeak lortuko. Argi dugu sozialismoaren bidez bakarrik dugula egiazki askatuko Euskal Herria. Horregatik, etapismoa baztertzen dugu (lehenik Estatu burges bat sortzea egun diren instituzio politikoak gureganatuz eta ondotik, arazo sozialez arduratzea). Antolakuntzaren bidez, Euskal Estatu Sozialista gaurtik haste4 eraikitzen joatea da gure estrategia.