Abertzale mugimenduen eskakizun taktikoen historia laburra
Sortuz geroztik, Iparraldeko abertzale mugimenduak Euskal Herriaren askatasuna eta independentzia aldarrikatzearekin batera, tarteko urrats edo eskakizun taktikoak definitzen entseatu du, Ipar Euskal Herria politikoki ezagutua izan dadin. Horretarako, eskakizun instituzional frango plazaratu ditu.
Lehen lehenik, departamendua Enbataren eskutik. Hautetsi eta arduradun ekonomiko batzuek beren gain hartu zuten, bai eta alderdi sozialistak ere baina ez zen sekulan iritsi herri mobilizaziok antolatzera. 1981ean Mitterrand-k Frantziako presidentea bilakatu zen, bere 110 proposamenen artean euskal departamendua zelarik. 83an halere bide hori moztu zuen arrazoin diplomatikoengatik bereziki (Espainia eta borroka anti-terrorista).
74an, sortu berria zen EHAS-ek departamendu-eskualdea aldarrikatu zuen, Ipar Euskal Herriari instituzio berezia zor zitzaiolako argudioarekin. Alderdi horrek Autonomia Estatutuaren kontzeptu orokorra ere erabili izan zuen 78ko hauteskundeetan.
83an Iparretarrak-k autonomia eskakizuna plazaratu zuen, ez eskuduntza konkretuen bilduma gisa, baizik eta tresna politiko gisa, borrokak koordinatzeko eta frantses Estatuaren aintzinean indarrak biltzeko.
86an Euskal Batasuna alderdia sortu zen eta doi bat ahantzia zen Iparraldeko instituzioaren gaiari lehen mailako garrantzia eman nahi izan zion, EHASeko proiektua berriz hartuz (departamendu-eskualdea), hots egitura politiko-administratibo berezia bainan frantses legediaren mugetan onargarria.
89an EMA (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea, 85ean sortua) urrunago joan zen Iparraldeko biltzarra proposamenarekin, Estatuko konpetentzia batzuk sartuz. Eskakizuna gizarteratzeko hainbat ekimen burutu zituen.
90eko urrian Oldartzen kolektiboak ezker abertzalearen koordinaketarako deia luzatu zuen, dinamika bateratzailerako eskakizun instituzional bat baizik ez zela behar azpimarratuz.
91ko irailean EMA eta EB-k elkarlana eramaiteko borontatea agertu zuten publikoki eta lan honen oinarri politikoan Ipar Euskal Herriko biltzarra aipatzen zuten.
93ko Aberri Egunaren bezperan, bere 20garren urtemuga zela eta, IK-k autonomia estatutu zehatza argitaratu zuen, mugimendua osoa proiektua eztabaidatzera gomitatuz. Ondotik Eraikitzen elkartea sortu zen eztabaida bideratzeko. Urte bat berantago proiektu osatuago bat atera zuen. Geroztik EMAk proiektu hori defenditzea erabaki zuen. 95ean kanpaina bat burutu zuen manifa batekin bukaeran (300 lagun).
94an, HA, Herrialde Alde-ren aurkezpenean atera liburuxkan, fase politiko honetan Iparraldeko lurraldetasun ezagutzerako instituzio bereziaren beharra aipatua zen.
95eko urtarrilean Abertzaleen Batasunak onarturiko plataforma politikoan Ipar Euskal Herriko biltzarraren formulazioa aipatua zen.
95/96an Ezker abertzaleko koordinaketan (EMA, EB, HA, HB) instituzioari buruzko gogoeta eraman zen, aurreko eztabaida eta ekarpenak baliatuz, gai horren garrantziaz jabeturik eta ordu arte iraun zuen zatiketak gainditzeko asmoz. Ondorioz 96ko urrian proposamen bateratua (Euskal Herria eraiki, etorkizuneko hautabidea) aurkeztu zen gizarte osoari osatzeko gomita luzatuz. Dokumentuak ez zuen etapa konkretu bat proposatzen (eskakizun instituzional berri bat, zehatza eta juridikoa) baizik eta, abertzaleen proiektu politikoa aintzinatzeko oinarri premiatsuak biltzen zituen bide bat. Geroztik abertzaleen lan politiko nagusia gai horren inguruan emaiten hasi zen, mugimendu gisa antolatzen ari zen AB-ren bitartez. Ipar Euskal Herriaren ezagupena (instituzio berezia lortzea), lehentasunezko borroka ardatz iraunkorra bilakatu zen abertzale mugimenduan.
97an AB-ren kanpaina « Euskal Instituzioa orain ! ». Manifestaldia martxoan Baiona (1000 lagun)
97ko abenduan AB-ko Kongresuak (mugimendu gisa sortzekoa) Departamendua eta euskararen ofizialtasunaren aldeko kanpaina eramaitea bozkatu zuen.
99ko urtarrilaren 30ean AB-k manifestaldia antolatu zuen Departamendua eta euskararen ofizialtasunaren alde (6000?). Urrian “100en deia” plataformak manifestaldia antolatu zuen departamenduaren alde (12000?).
2002an BATERA plataforma sortu zen eta 4 eskakizunen artean Departamendua aldarrikatu zuen.
2004an, apirilaren 1ean AB, Batasuna, EA eta Matalaz taldeak Ipar Euskal Herriko Lurralde kolektibitate baten proiektua aurkeztu zuten publikoki, abertzaleen eskakizun propioa bezala.
2007an Batasunak autonomia aldarrikapena bere gain hartu zuen eta manifestaldi bat antolatu ere (800 lagun).
2009an, BATERAk estatutu bereziko Lurralde Kolektibitatearen eskakizuna helburutzat hartu zuen, frantses instituzioen erreforma kari, departamenduaren desagerpena iragartzen zelako.
2012an : Garapen eta Hautetsien kontseiluek, ikerketa juridiko-politikoaren ondotik, estatutu bereziko Lurralde Kolektibitatearen alde agertu ziren.
2012an EH Baik eskumen zabaleko Lurralde kolektibitate autonomoa aldarrikatu zuen, legislatiboetan.
2015ean BATERAk Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapena berrestearekin batera, prefetak proposaturiko herrien arteko erakunde publiko bakar baten alde agertu zen. Ondoko hilabeteetan kanpaina eraman zuen horren alde.
Garai desberdinetan, batasuna baino mugimendu politikoen arteko lehia nagusitzen zelarik, eskakizunak “totem” funtzioa bete zuen, bakoitzak berea defendituz. Gisa berean, luzaz nekeziak izan ziren eskakizunaren definiziotik, horren lortzeko estrategia eraikitzera pasatzeko. 90garren hamarkadaren bukaera arte goaitatu behar izan zen eskakizun instituzionala mugimendu abertzalearen gai zentrala eta mobilizazio kanpaina iraunkorra bilaka zedin.
Hasiera batean soilik abertzaleen aldarrikapena bazen ere, horren aldekotasun hedatuz joan zen, jendartean nahiz hautetsien artean. Horretarako bilgune edo plataformak osatu ziren parte hartze zabalak bermatzeko (100en deia, BATERA). 2000garren hamarkadan herri mobilizazioak anitzak eta etengabeak izan ziren. Gaiak zentralitate handia lortu zuen Iparraldeko bizitza politikoan. 2011an borroka armatuaren bukaerarekin azkeneko uzkurkeriak haizatu ziren, eragile guzien Lurralde Koordinaketari bidea irekiz (Garapen eta Hautetsien Kontseiluak, Komertzio Ganbara, Auzapezen biltzarra eta BATERA).
Halere lorturiko indar metaketa ez zen nahikoa izan gobernu sozialistarekin negoziaketa bat irekitzeko. Estatutu bereziko lurralde kolektibitatearen ordez, hautabide desberdinak proposatu zituen, orduko hamar herri elkargoak bakar batean ala hirutan bilduz. Lehena hobetsi zuten ezinbertzean, bai hautetsiek bai BATERA plataformak, askotan gogoz kontra. Eta azken bataila hasi zen, herriz herriko kontseiluek horren alde bozka zezaten. 2017ko urtarrilaren 1ean ofizialki sortu zen Euskal Elkargoa, Iparraldeko lehen instituzioa.