Abertzaleen ibilbide luzea Baionako herri hauteskundeetan

Bada 40 urte pasa abertzaleak Baionako herri hauteskundeetan parte hartzen hasi zirela, 1983an hain zuzen. Azken hamarkadetako ibilbide luzearen gorabeherek badute zer ikustekorik 2026ko hitzordu elektorala prestatzeko Baionako abertzale ezkertiarrek egindako hautuekin, bai eta irabazteko aukera erreala bihurtzearekin ere.
Hiri handi guztietan bezala, baina are gehiago Baionan, Iparraldeko hiri nagusia izanik, eztabaida politikoek pisu nabarmena izan dute eta badute herri hauteskundeetan, tokiko arazoetatik haratago. Gisa berean hamarkada horietan abertzale mugimenduak ezagutu dituen eztabaida estrategikoek, zatitze edota bateratze faseek eragina izan dute herri hauteskundeei buruz bertako militanteen hautuetan.
1983
IZAN kolektiboak(1) sustaturiko HERRITARKI dinamikaren barnean (herriz herriko militanteen mobilizazioa herri hauteskundeetan parte hartzeko) lehen aldikotz Baionan zerrenda bat osatu zen, Claude Harlouchet buru. Baiona Hiri Nagusia, Bayonne Capitale izena hartu zuen bainan ez zuen hautetsirik atera. Henri Grenet lehen itzulitik pasa zen (%56,5), Nicole Péryren PS-eko zerrendaren aitzinean (%36). Ondotik heldu ziren Bayonne Capitale (%4,49) eta LCR-ek bultzaturiko Travailleurs contre l’austérité zerrenda (%2,99).
1989
Baiona Hiri Nagusia, Bayonne Capitale zerrenda osatu zen berriz, abertzale eta ekologisten artean (C. Harlouchet, Piarres Charriton, Martine Bisauta besteak beste). Itzuli bakar bat izan zen. Henri Grenetek berriz irabazi zuen (%50,75), bere zerrendan Argitxu Noblia (Iparraldeko lehen ikastolako sortzailea) zelarik, Nicole Péry sozialistaren zerrendaren aitzinean (%36,38). Baiona Hiri Nagusiak %6,5 bildu zuen eta hautetsi bat irabazi zuen (C. Harlouchet). Alderdi komunistak %6,37 eta hautetsi bat ere bildu zuen. Mandatura ez zuen bukatu C.Harlouchetek, eritu baitzen, eta P. Charritonek ordezkatu zuen 2 urtez. Mandatura denboran Henri Grenetek dimisioa eman eta Jean Grenetek bere aitaren segida hartu zuen auzapez gisa, 95eko hauteskundeak prestatzeko gisan.
1995
Abertzale eta ekologisten arteko aliantza berretsi zen eta C. Harlouchetekin egindako akordioa jarraikiz, M. Bisautari tokatu zitzaion zerrenda buru izaitea. Bayonne capitale verte et solidaire-Baiona Hiri Nagusia izena hartu zuen zerrendak. Aldi honetan Grenet semea ez zen pasatu lehen itzulian (%42,06), ondoan eskuineko axuanta zuen Domergue aurkeztu baitzen (%17,15). Sozialistek, Nicole Pery buru, %28,87 bildu zuten, Baiona Hiri Nagusiak %6,3 eta komunistek eramandako zerrendak %5,85. Bigarren itzulirako bi zerrenda horiei aliantza egitea proposatzen zieten sozialistek eta biek onartu zuten. Haatik, M. Bisautak eramaiten zuen zerrendako zortzi abertzalek ukatu eta desmarkatu ziren publikoki. Ez zen sorpresarik izan zeren eta hasieratik erran baitzuten bigarren itzulian ez zutela sozialisten zerrenda integratu nahi. Arrazoi nagusia, GAL-eko atentatuetan (83-87) frantses polizi batzuen inplikazio zuzena eta oro har frantses gobenamendu sozialistaren konplizitate politikoa oraindik argitu gabe zeuden, garai hartan auziperatutako espainol poliziek emandako elementu zehatzak agertzen hasi baziren ere.
Grenetek irabazi zuen (%47,53) eta BH.Nagusiak hautetsi bat lortu zuen (M. Bisauta) sozialisten zerrendan (%40,87). Domergue mantendu zen eta %11,58 bildu zuen. Berarekin joan zen Argitxu Noblia ez zen hautetsi atera.
Mandatura denboran aldaketa handiak gertatu ziren abertzale mugimenduan : Abertzaleen Batasuna 1997an sortu zen mugimendu gisa, (orduko EMA, EB eta HA talde politikoak ordezkatuz). Baionan AB-ko tokiko talde bat osatu zen. Talde horretan gogoetatzen hasi ziren ondoko hauteskundeei begira eta zerrenda abertzale irekia osatzeko hautua egin zen. M. Bisautak mandatuan zehar parte hartu zueneko oposizioko taldean gelditzea eta lehen itzulitik sozialistek sustaturiko zerrendan presentatzea deliberatu zuen.
2001
Baiona Berria/L'alternative pour Bayonne izeneko zerrenda osatu zen, AB-ko Xabi Larralde buru eta Gisèle Lougarot bigarrena. Lehen itzulian irabazi zuen Grenetek eta zerrenda abertzaleak (% 9,68) bi hautetsi atera zituen. LCR-ek ere hautetsi bat irabazi zuen (%6,43). Sozialistek, Capdevielle buru, % 26,55 egin zuten.
Mandatura denboran G. Lougarot-ek dimisioa eman zuen eta Beatrice Peyruc-ek segida hartu zuen. Bitartean AB/Batasuna zatiketa mingarria gertatu zen 2001eko urrian eta ezkerreko abertzaleen artean harremanak frango konplikatuak bilakatu ziren. Hala nola, 2004ko kantonamendu hauteskundeetan Baiona Berriko militanteak zatikaturik aurkeztu ziren Baionako hiru kantonamenduetan : AB alde batetik eta Baiona Iraultzen (Batasuna) bestalde. Ondorioz Baiona Berria lehertzeko punduan izan zen bainan bi urteko eztabaida prozesu baten ondoren, krisia gainditzea eta hurrengo herri hauteskundeei begira lanean hastea lortu zen.
2007tik AB, BATASUNA eta EA alderdiak biltzen zituen EH BAI koalizioa osatu zen eta kantonamendu nahiz legebiltzarreko hauteskundeetan presentatzen hasi. Dudarik gabe, horrek ere herri mailako elkarlana lagundu zuen. Mandatura bukatzerakoan, sozialistekin samurturik, M. Bisautak jakinarazi zuen J. Grenetekin aurkeztuko zela 2008an.
2008
Aurreko esperientziarekin jarraitzeko erabakia hartu zuten abertzaleek. Aldi honetan AB-ko B. Peyruc izendatu zen zerrenda burua eta X. Larralde bigarrena. EA-rekin krisia bat gertatu zen aldiz. Baiona Berriko dinamikan sekulan ez ziren inplikatu bainan zerrendan postu bat alderdiarentzat eskatu zuten. Ez zitzaien onartu, Baiona Berria ez baitzen alderdien koalizio bat, jendez osaturiko elkartea baizik. Ondorioz sozialisten zerrendan sartzea deliberatu zuen EAk, Jerôme Aguerre buru (%25,29). LCR ere presentatu zen bere aldetik. Baiona Berriak (% 7,21) 150 boz galdu zituen 2001eko emaitzetatik eta doi doia, LCR-k sustatu eta M. Mailfert-ek eramandako Bayonne 100% à gauche gibelean gelditu zen (%7,48). Zentro eta eskuinaren aldean, J.Greneten zerrendatik aparte (%44,23), Yves Ugaldek Bayonne par coeur zerrenda muntatu zuen (15,79%) eta bigarren itzulian mantendu.
Bi itzulien artean Baiona Berriak eta LCR-ek ere sozialistei aliantza teknikoa egitea proposatu zieten bainan ez zuten onartu. Ondorioz hautetsirik gabe gelditu ziren Bayonne 100% à gauche eta Baiona Berria.
2014
Jean Marc Abadie AB-ko kideak herri hauteskundeei begirako dinamika berri baten ardura hartu zuen. Baiona Berriko jendeak ere dinamikan inplikatu ziren. Jean Claude Iriartek taldea integratu eta zerrenda buru izaiteko presentatu zen. 2013ko biltzar nagusian JM. Abadie-k baino boz gehiago bildu zuen. Krisia sortu zen eta JM. Abadie-k eta lagun batzuek taldea utzi zuten. Baiona 2014 elkartea sortu zen orduan, Baiona Berria gainditu eta ordezkatu zuena.
Ezker aldean bestelako tirabirak ere baziren. Front de gauche koalizioa lehertu zen eta alderdi komunista (Alain Dusert buru) sozialistekin partitu zen. NPA utzi zuten militanteek Ensemble taldean integratu ziren eta L’Humain d’abord zerrenda muntatu zuten, Sergio Nogues buru. Sozialisten artean ere tira bira frango gertatu ziren eta azkenean Etchetok bere burua inposatu zuen.
J. Aguerre, 2008ko sozialisten zerrenda burua, J. Greneten ildoa jarraikiz zentro/eskuin zerrenda osatu zuen Etchegaray-rekin partitu zen. M. Bisautak eta ordu arte oposizioan zen Y. Ugaldek ere segitu zuten.
Lehen itzuliko ezkerreko emaitzak : PS+PC+EELV %35,38, Baiona 2014 %10,31 eta L’Humain d’abord %5,94. Etchetok mespretxuz tratatu zituen beste bi zerrendak eta bere jarrera anti-abertzaleak (Euskal Elkargoaren sortzeko prozesua irekia zen orduan eta kontra posizionatu zen), gehi poderean ziren sozialisten politikak ezinezkoa bilakatzen zuten aliantza bat, bai abertzaleentzat bai ezkertiar askorentzat ere.
Baiona 2014-k mantentzea deliberatu zuen beraz eta L’Humain d’abord zerrendari aliantza egitea proposatu zion. Biak baturik aurkeztu ziren bigarren itzulian, beren proiektu politikoa sustraitzeko, hautesleei beren proposamenen alde bozkatzeko aukera emaiteko eta hautetsiak lortzeko.
26 bozen aldearekin galdu zuen Etchetok. Baiona 2014 + L’Humain d’abord zerrendak bi hautetsi atera zituen bainan 1000 boz galdu zituen lehen itzuliarekin konparatuz. Emaitza horiek frantses ezkerrari frustrazio eta aiherkunde sakona utzi zizkioten eta irakurketa sinplearekin gelditu zen : abertzaleek (eta ezker muturrekoek) Etchegaray-ren alde jokatu dute beren zerrenda mantenduz.
Alta emaitzak ikusirik, baliteke azken finean, mantentzearen hautu hori Etchegaray-ren garaipenari arrisku gehien sortu zion konfigurazioa izatea. Izan ere, bigarren itzulian Etchetoren zerrendak 2000 boz gehiago bildu zituen. Horien artean Baiona2014+L’Humain d’abord zerrendak bi itzulien artean galdu zituen boz frango zirela pentsa daiteke, ezker sentsibilitatea zuten hautesleen partetik. Beste boz abertzale batzuek segur aski Etchegarayren alde egin zuten, Etchetoren jarrera jakobinistari bidea mozteko. Baiona2014+L’Humain d’abord ez bazen mantendu zer eginen zuten hautesleek ? Sondeorik izan gabe hipotesiak baizik ez daitezke egin bainan orduko egoera ikusirik, errealak diruditenak. Abstentziora jo parte batez. Baliteke sozialisten alde boz gehiago izatea eta 26 boz diferentzia gaindituko zen orduan. Bainan denbora berean beste hainbeste hautesle abertzalek, eta segur aski gehiagok, bigarren itzulian gustuko zerrendarik izan ez balute, Etchegaray-ren alde eginen zutela pentsa daiteke, bi zerrenden arteko aldea emendatuz.
2020
Baiona 2014, Baiona 2020 bilakatu zen eta 2014ko bigarren itzuliko aliatuei elkarrekin partitzea proposatu zitzaien. Bitartean Etchetoren taldea zatitu zen eta Demain Bayonne-Bihar Baiona desmartxa abiatu zen. Mandatuan zehar politika munizipalari buruz hainbat ekimen publiko antolatu zituen JM Abadieren taldeak ere bertan parte hartu zuen. Baiona 2020-k bi desmartxak berkonposatzeko proposamena luzatzen zion Demain Bayonne-Bihar Baiona (DB-BB) taldeari bainan ez zuten onartu. Elkarte berri bat sortu zen orduan, Baiona Berde eta elkarkide-Bayonne Verte et Solidaire (BBE-BVS), EHBai, Ensemble-Insoumis eta EELV-k sustengaturik. Sozialistek komunistekin batera, Etchetok lideratzen zuen Bayonne Ville Ouverte (BVO) zerrenda osatu zuten. Etchegaray-ek, legislatiboetan EHBaiko hautagaia bi aldiz izan eta ordu arte Baiona 2014 barnean hauteskundeak prestatzen aritu zen Laurence Hardouin bere zerrendan biltzea lortu zuen.
Koronabirus giro nahasian iragan zen lehen itzulia, abstentzioa %61era iritsi zelarik. Emaitzak ezker aldean : BBE-BVS-k %13,12, DB-BB-k %11,21 eta BVO-k %29,77. Etchegarayren zerrenda lehena atera zen (%40,33). Lehen itzuliko gauean BBE-BVS-eko biltzar nagusiak beste ezkerreko bi zerrendekin elkarrizketak hastea erabaki zuen, mandatu baten gainean. Prozesua hasi bezain laster paralizatua gelditu zen lehen itzuliaren biharamunean, osasun krisiagatik.
Haatik erabaki horrek eztabaida biziak piztu zituen abertzaleen artean, BEE-BVS-en parte hartu ala ez. Etchetori buruz denek iritzi berdina ukanik ere, batzuek programari buruzko akordio batekin kontrolatzen ahal zela pentsatzen zuten edo bestenaz BVO-ri utzi behar zitzaiola akordioaren huts egitearen erantzukizuna. Besteentzat balizko akordioa gaindi ezinezko marra gorria zen printzipioz. EH Baiko zuzendaritzak jakinarazi zuen Etcheto buru izanen zuen aliantza ez zuela sustengatuko.
Konfinamenduaren bukaeran gobernuak deliberatu zuen bigarren itzulia ekainaren 28an egitea. Hiru zerrenden arteko elkarrizketak hasi ziren berriz maiatzaren 23an eta 29a arte iraun zuten. Biharamunean BBE-BVS-eko kideek aliantzaren kontra bozkatu zuten (56/54) bai eta bigarren itzulitik erretiratzea ere (49/48). Bitartean DB-BB-k BVOrekin aliantza egitea onartu zuen (kanpaina osoan zehar erran zutenaren ildotik). Berdeek BBE-BVS-eko erabakitik desmarkatu ziren publikoki eta BVO-DB zerrendaren alde bozkatzea deitu zuten. Abertzale batzuek (Enbataren bitartez besteak beste) Etchegarayren aldeko kanpaina egin zuten. Etchegarayren zerrendak irabazi zuen (%53,8) 1000 bozen aldearekin BVO/DB-BB zerrendaren aitzinean (%46,2). Mandatuaren hasieran DB-BB-eko hautetsi taldeak bere autonomia berreskuratu zuen, BVO taldetik bereiziz. Gauza bera egin zuen Etchetorekin partitu zen M. Estebanek.
2026
2021eko hondarrean, Générations alderdiaren gomitari erantzunez, Bihar Baiona, Baiona Berde eta Elkarkidea eta sustengatu zituen EH Bai, Berdeak eta Ensemble-Insoumis biltzen hasi ziren 2020eko emaitzak gogoetatzeko.
Lau urtez lan handia egina izan zen ikusmoldeak hurbiltzeko eta indarrak biltzeko. Bilkuraz bilkura hurrengo herri hauteskundeei begirako dinamika komun baten aukera agertzen hasi zen.
24ko ekaineko legislatiboetan NFP-ren arrakasta ikusirik, alderdi sozialistari desmartxa integratzeko proposamena luzatu zitzaion. Halaber Etchetok lideratu zuen BVO taldea gomitatua izan zen. Alderdi komunista eta LFI-ri ere abiaturiko dinamika aurkeztua izan zitzaien.
Haatik ahalegin guzti horiek ez zuten nahi bezainbat fruiturik ekarri. Place Publique mugimendua eta NPA dinamikari lotzen ziren bitartean, erantzunik ez zen izan komunista eta intsumituen partetik. Sozialisten aldetik bestalde, Baionako militanteen arteko tirabirek luzaz paralizatu zuten haien erantzuna. Azkenean Colette Capdeviellen inguruko militante sozialista batzuek elkarte bat sortu eta 25eko irailean aurkeztu zen Bayonne en mouvement/Baiona Mugimenduan zerrendan parte hartzea deliberatu zuten, Etchetoren erreakzio publiko gogorra piztuz. Berak 26ko urtarril hondarrean Bayonne tout simplement izeneko zerrenda aurkeztu zuen, gainerateko sozialista eta komunistekin eta martxo hasieran, Sandra Pereirak gauza bera egin zuen, LFI-ko zerrendarekin.
Baiona Mugimenduan doi doia lehen atera zen ezkerraren aldetik (%21,99), Etxetoren aitzinean (%21,37), LFI frango ahul geldituz (%3,81). 2014 eta 2020an ez bezala, ezkerreko bozek ez zuten gehiengoa lortu, eskuin muturreko zerrenda (%10,72) eta Etchegaray-ren parean (%42,11).
Emaitzak ezaguturik, lehen itzulia baino lehen elkarteko kideek definitu irizpide eta mandatua segituz, Baiona mugimenduan Etchetoren zerrendarekin negoziatzen hasi zen. Akordioa lortu zen, Rassemblés pour Bayonne/Baiona Elkarrekin zerrenda osatuz, bi zerrendetako ber kide kopuruarekin. LFI-k hautesleak eskuina garaitzera deitu zituen. Baionako 60 abertzalek sustengu aburua plazaratu zuten, azkeneko dudak barreiatuz.
Bainan irabazteko esperantza handia zapuztu zuten bigarren itzuliko emaitzek : Etchegaray-ek (%50,70), Iriart (%41,01) Lesselier (%8,29).

1 Izan Kolektiboa 1979an sortu zen ENBATAko militante ohien eskutik, hainbat arlotan ekimenak sustatzeko.