Ezkermila
  • Artikulu bat proposatu
  • Hitzordu bat publikatu
  • Informazio gutuna
  • Bilatu
  • Harremanak
  • Français
Toggle Navigation
  • Harrera
  • Ekarpenak
  • Elkarrizketak
  • Memoria
  • Beste nonbait irakurria
  • Agenda
  • Ezkermilari buruz

Aintzira proiektu baten gorabeherak (Iholdi-2)

Iholdi
ATEKA aldizkariko artxiboak

1987ko otsailean, ATEKA aldizkariak Iholdiko aferaz dozier bat argitaratu zuen. 12 urte lehenago, 1974an, aintzira proiektu baten inguruan, erabat zatikatua zen herria. Dozier haren 3 artikuluak publikatzen ditugu (bi frantsesez eta hau bera)

Antolaketa / Urbanismoa
2021-06-28
Memoria

Egun famatu hori aipatu ondoren (Iholdi-1 artikulua frantsesezko interfazean), ikus dezagun orain nola edo zertako antolatu ziren toberak. Aferari buruzko xehetasunak biltzeko orduko kazetak edo aldizkariak begiratu ditugu: hala nola Sud-Ouest, Euskaldunak, Hitz, Batasuna edo Pindar. Bestalde hurbilagotik bizi izandako lekukotasun baten beharra senditu dugunez, Alkat bertsolariarekin mintzatu gara Toberetan parte hartu baitzuen (ATEKA, 1987ko otsailean).

Hamar urtez auzitan
1974.eko abenduaren 29an gertaturikoa aspaldiko arazo baten ondorioa izan zen. 1965ean hasia hain zuzen. Ordu hartan, eiherazainak lantzen zituen lurren jabeak, Baionako mediku aberats bat Delay izenekoa, saldu nahi izan zituen. Sortu zenetik hor bizi zelako eiherazainak medikuari proposatu zion lurrak erostea. Eta legez, laborari batek landu lurrak saltzekotan direlarik erosteko lehentasuna duenez gero, medikuak onartu zuen eta hitzarmena izenpetzeko 1966.eko agorrilaren 10ean gelditu ziren biak. Bainan bezperan Iholdiko auzapezarekin beste kontratu bat izenpetu zuen jabeak. Erositako lur horien gainean herriko etxeak antolamendu turistiko bat egin gogo zuen. besteak beste laku bat. Erran behar da eiherazainaren etxalde aldean orduko merak, Lespade jauna, ezin landuzko lur batzuk zituela. Aintzira egiten bazen, probetxu handia ateratzeko esperantza zuen.

Bainan gure eiherazainak ez zuen batere hori onartu eta afera tribunalera eraman. 1967ko agorrilean Paueko dei ganbarak arrazoina eman zion, beste biak kondenatuz, haien arteko hitzarmena deuseztatu zuelarik. Alta afera ez zen horretan gelditu. Hiru urteren buruan lholdiko auzapezak antolamendu proiektu hori. « d'utilité publique » deklara arazi zion prefetari eta estakuru honekin hiru aldiz. 1971, 72 eta 74an eiherazainaren desjabe araztea saiatu zuen. « juge d'expropriation » delako horren bidez. Aldi bakoitxean eiherazainaren familiak administrazioaren erabakiak atakatzen zituen eta hori, bakartasun handienean. Alkatek aipatzen digun bezala: « ...Eiherazaina bakarrik zen. Ainitzek gazte denboran egin ohi zuen bezalako desafio bat agertzen zen. Denak kontra itzuli ziren eta bakarrik gelditu zen. Herriko etxeko kontseilari guziek nahi zutena kondatu zuten eta jendeak sinesten zuen. Aldiz eiherazainak kondatzen zuena eskuin eta ezker nehork ere ez zuen sinesten. Arrunt marjinalatua ezarria zuten, baztertua. Baina ohartu zirelarik herriko etxeak kontatzen zituen gezurrez eta egiten zituen zerrikeriez, orduan zonbait lotu ziren eta bereziki gazteak ... Erran behar da denbora hartan ez genuela baitezpada deus aurkitzen lakuaren kontra. Ez genuen guk orduan aski esperientzia eta, ikusteko zer ekartzen ahal zuen -ala ez zuen deus ekarriko- baina gure xedea zen familia hura han begiratzea. Eta toberak horri buruz egin ziren. Bixtan da, eiherazaina etxean atxikitzekotz lakuaren kontra ere itzuli behar genuela. Eta ohartu ginen gu ere Iholdiko herrian laku batek ez zuela deus egitekorik, ez zuela harek herria biziaraziko ... ».

Gazteak meraren kontra oldartzen
Gezurra eta azpijokoak ezin onartuz, gazteek familia baztertuari beren elkartasuna erakutsi nahi izan zioten : «...Momentu hartan bagenuen Iholdiko gazteek batasun bat, antzerkitan eta hasi ginen, elkar atxikitzen genuen, larunbat guziz elgarrekin egoiten eta errexa izan zen gazteekin zerbait egitea. Gero gurekin zen gazte bat, ari zen berrien salatzen bertzeeri ta azken momentuan, bezperan erran zigun toberak ez zituela eginen... »

Baina galdera bat heldu zaigu. Gazte horiek abertzaleak ote ziren edo geroztik bilakatu ? «...Ez orain, ez garai hartan ez ziren abertzaleak », dio Alkatek, « eta ez da herria ttipitzeko, nihaur hor sortua bainaiz, bainan abertzaletasunak ez du indar handirik Iholdin eta ez dut uste zoritxarrez zonbait urtez izanen duela. Orduan hemengo gazteak herriko gaiarentzat borrokalari bihurtu ziren». Gainera hori konprenitzeko jakin behar da gazte horiek barreiatu zirela: «... Orduan ba genuen talde ederra, bainan urte berean bost joan ziren, antzerki emaiten ari zirenak, eta geroztik utzi dugu. Nehork ez du segida hartu. Beharba hola segitu izan bagenu gaur zerbait izanen zen Iholdin, indar berri bat. Aldiz egun ez dut uste egin behar balitz haien grina kontatzen ahal luketela. Ez dut uste. Beharba beste batzuk bainan horiek ez ... »

Bizkitartean gazteen jarrerak herriko giroa aldatu zuen: « Momentu hartan aurkitzen ziren familia batzuk, eman dezagun aita herriko etxekoen alde zela eta seme eiherazainaren alde. Hori izigarria izan zen. Ez genuen sekulan erranen Iholdiko gazteak orduan hola lotuko zirela gai horri buruz ».

20210626 actu Iholdi3 03

Laborariak gatazkan sartzen

Denbora berean laborari batzuk konturatu ziren haientzat ere kaltegarria izan zitekeela laku baten eraikitzea. Horrela 74ko uztailaren 13an tokiko laborantzako sindikatak « Sud-Ouest » egunkarian ageri bat argitaratu zuen. Hortan erraiten zuten laku horren proiektua ez zela inoiz errentagarria izanen, aldi berean herriko karguak handituko zirelarik (jadanik urte batetik bestera % 70ekoa emendatu ziren tokiko zergak). Aldiz baziren gauza premiatsuak laborantzaz bizi den herriarentzat: hala nola remenbramendua, bideen antolamendua, ur zabalketa eta abar.

Alta sindikatuan ez ziren denak ados. Zonbaitek zioten herriko etxekoek nahi zutena egiten ahal zutela. Beraz ikusiz ez zela alde hortatik sustengu handirik goaitatzen ahal, Jean-Pierre Arangoitz, Iholdiko sindikatuko presidenteak, beste bi pertsonekin batera erabaki zuten beste egitura bat bultzatzea. Etxe guzien itzulia egin zuten lakuaren alde ziren ala ez eskatuz. Eta hola sortu zen irailaren 13an « Comité de défense des intérêts agricoles » delakoa nun 65 laborarietarik 50ek parte hartu zuten. Zuzendaritza eta bulego bat antolatu ondoren komite horrek bere xedeak agertu zituen: lakuaren proiektu eta eiherazainaren espultzioaren kontra joaitea eta remenbramenduari buruzko erreferenduma eskatzea. Horiek ere ez zuten deus funtsezkorik aintziraren kontra. Bainan ez zuten onartzen herriko kontseiluak har zezan antolamendu horren egiteko deliberoa. Ezen gehiengoaren interesak ez zuen fitsik ikustekorik holako proiektu batekin. Lakua nahi zutenek, egin dezaten beren diruz, bainan ez herriko zergen bidez... Komite horrek gazteei bere sustengua ekarri zien toberak egiterakoan, estalgi gisa.

Lakua edo meraren aldekoak

Hala ere egoera konplikatuago zen merak baitzituen ere bere alde laborari batzuk, lakuaz futitzen baziren ere : «... Laborari horiek ez zuten deus kontra, ez alde. Badakizu herri ttipi honetan merak erraiten duena ontsa da, gaizki bada ere. Bakarrik herria zen bi zati egina: eiherazainaren aldekoak eta meraren aldekoak. Eiherazainaren kontra zirenek ez zuten arrazoinik haren kontra bihurtzeko, deus arrazoin funtsezkorik. Bainan meraren alde ziren. Hola. Ez da urrunago xerkatu behar. Ez zuten bertze azterketarik egin ».

Horiek aparte, lakuaren aldekoen artean nor ziren? Bixtan dena, berehalako interesa hortan ikusten zutenak: adibidez Mayi Garat ostalera, herriko kontseiluaren akulatzaile. Ehun ta hogoi rniliunetako otela ezarri gogo zuela errana izan zen... Larregain erretorea berdin. Haurren kolonia gisa alokatzen zuen etxe bat erosi zuelako, eta pentsa ezazue Iholdi turismo zentro bat bilakatzen balitz... Herriko arimen gainean zuen autoritate osoa lakuaren alde ezarri zuela pentsa daiteke. Lehen ikusi dugunez parropiako sala ez zien utzi gazteei. Lespade auzapezaren interesa argi zen ere baina 74ko hastapenean hil zen. Alkatek esplikatzen digu Caldichuri mera berriaren jarrera: « Caldichuri arribatu zelarik nahi izan zuen bere “leialtasuna” erakutsi aintzineko merari eta bururaino eramanen zuela bertzeak hasia ». Eta bere gibeletik kontseilari guziak, bi salbu. Azkenik ez da ahantzi behar podere publikoen jokamoldea. Prefeta eta meraren artean, bakoitxak proiektuaren erresponsabilitatea besteari uzten bazion ere, administrazioak dekretu guziak hartu zituen. Gainera garai hartan, 74an hain zuzen, MlACAk asmatu Iparraldearentzako antolamendu turistikoa onartu zuen frantses gobernuak. Helburuetarik bat zen barnekaldeko azpigarapen turistikoa zuzentzea. Maiz entzuten zen ere Iparraldean Iholdin bezalako best proiektu ainitz ba zirela frantses Estatuko zazpigarren planoan.

Lakua putzu bilakatzen

Ikus dezagun orain toberen ondotik gertatu zena. 75eko uztailean administrazioak amor eman zuen: eiherazainaren familia bere etxaldean gelditzen ahal zen. « Orduan lakua egin zen, eiherazaina bere etxean utziz zonbait urte lehenago arkitekto batek egin proiektuaren inguruan. Bainan horren egiteko ere eiherazainaren baimena behar zuten haren lurrak hunkitzen bait ziren. Eta delako « protocole d'accord » hori egin zuten eiherazain eta herriko etxearen artean. Geroztik lakua han da. Ez dakit zuzen zertan baliatzen den. Arras ttipia da eta berehala zikintzen da Ez da zaintzailerik, ez da deus ere. Ezarri zuten holako « vestiaires » batzuk eta sable pixkat beren gisako hondartza egiteko. Udan zonbait gazte ibiltzen dira bainan ez du horrek deus ekartzen. Uste dut garbitzeak gehiago gostatzen duela, horrek ekartzen duena baino. Kanping bat egin zuten ere baina arras ttipia. Segur ez zuen balio hainbertze eta hainbertze aferan ibiltzea -hamar urtez tribunalean atxiki zuten eiherazaina- holako gauza baten egiteko. Han gastatu dirua beste zerbaitetan ezarri izan balute beharba herriak abantail gehiago aterako zuela ».

Iholdin ondorioak orain arte senditzen

Bestalde afera horrek ondorio politikoak ukan zituen: « Orduan handik lehen bozketan gazteek egin genuen lista bat. Bainan izan ziren « magouilles » holako zerbait eta gazterik ez zen nehor pasatu. Eta beste sei urteren buruan, azkeneko bozka horietan, orduan toberetan parte hartu zuten gaztetarik bost pasatu dira lehen aldian. Hori da ondorioa. Lehengo zaharrenetarik kanpo joan dira andana bat eta gazteak sartu. Gero emeki emeki laborarien mundua ere ari da ohartzen eta jakin ezazu orain Iholdin zerbait egiten delarik ez dela merak erran-eta egiten. Lehen monopolio bat ba zuten : berak ziren aspaldiko urteetan eta haiek errana ongi zen ».

« Herria bi zati egina zen » erran digu oxtion Alkatek. Horrek ere ondorioak ukaiten ahal zituen: «Bixtan da herra batzuk sortu zirela eta biziak ere. Ez da ahantzi behar tobera egunean nola pasatu zen. Bainan handik laster etorri zen remembramendua eta zatiketa hori galdu zen. Horrek estali zuen gogorrago izan baitzen. Lehenago eiherazaina eta herriko etxea ziren biak. Remembramenduak denak hunki ditu. Orduan aldatu ziren gauzak. Eta geroztik ba dira orduan merarekin ongi zirenak eta orain gaizki direnak. Hori abiatu zelarik, etorri ziren batzuk hala nola Bardozetik -han ere egin zelakotz- erranez laborarier : kasu egizue, hola ta hola pasatzen da eta zuek ez baduzue gauza eskutan hartzen, berek nahi dutena eginen dute. Eta ainitz laborarik lurrak galdu dituzte, bainan beharba beren falta da ere. Kanpotik etorri direner behatu balute beharba ez zen hainbertze zuzen kontrako gauzarik eginen. Horrek ondorio handiagoak ekarri ditu. Eta eiherazainaren ixtorioa, guk uste baino lasterrago bururatu eta ahantzi da bertze borroka bat sortu delakotz ».

Azkenik aipatu behar dugu Iholdiko gertakariek herriko egoeraz haraindian ukan eragina: «Iholdiko borrokatik landa beste borroka batzuk ere sortu ziren. Hala nola, Amenduzen, Lasan eta holako. Handik segidan. Orduan uste dut jendea kontzientzia hartu zuela eta nola politiko gizon horiek ere denak mintzatu eta denak bustirik ziren pixka bat lakuaren alde -eta gero ohartu zirelarik bertzeek ere ba zekitela mugitzen- orduan, ostiko bat izan zen. Eta nik uste dut beharba ainitz proiektu geroztik ere ba direla -ez dut segurtamenik bainan entzuna ditut ezker eta eskuin ba zirela beste laku batzuk egin beharrak- eta dozieraren barnean gelditu direla... ».

Hurrengo gertakariak

Torturari buruzko dokumentala eta hitzaldia / Documentaire et conférence sur la torture
Maiatza
7
Mai
Itsasu(Itxassou)
Faxismoaren kuntreko Egüna / Journée contre le fascisme
Maiatza
8
Mai
Maule-Lextarre(Mauléon-Licharre)
Hitzaldia : "Prostituzioaren eztabaida hizpide" / Conférence à propos du débat sur la prostitution
Maiatza
9
Mai
Baiona(Bayonne)
Palestindar populuaren aurkako gerla salatzeko elkarretaratzeak / Rassemblements contre la guerre co...
Maiatza
9, 16, 23, 30
Mai
Pintxo/DJ Palestinaren alde / Pintxo/DJ en soutien à la Palestine
Maiatza
15
Mai
Baiona(Bayonne)
Gertakari guziak ikusi

Gaiak

  • Gaiak / Thèmes
Filters changed, please click to submit when done

Logo Diaspora*. Logo PeerTube. Logo Facebook.

  • Konexione

Back to Top

© 2026 Ezkermila