Altxa makilak
Nantes hiritik gertu, nazioarteko aireportu eraikitze proiektuaren aurka, berrogei urteko bataila tematsuak ezusteko bukaera izan zuen 2018an. ZAD izenaz ezagutu okupazioak azpiegitura kapitalista handiak geldiaraztea posible dela nabarmen utzi zuen, indarren bateratzeari eta taktiken aniztasunari esker. Lekuko laborari eta biztanleekin batera, lurra zaintzeko bertan finkatu eta lan egitearen balioa ere agertu zen orduan eta garaipen honek irudimen zabalak ireki zituen. Ikasgai horietatik abiatu zen Lurraren Altxamenduen ekimena, ekologia politikoari hats berria emateko xedea.
Frantziar estatuan pizten diren errebolten altzoan kokatzen da azken dinamika hau. Tradizio luzeari jarraikiz, mobilizazio sozial eta politikoak bata bestearen gibeletik jalgi dira. Gehienak, jaka horien edo pentsioen erreformaren kontrako mugimenduen gisara, errepresioaren ondorioz deuseztatu dira, hurrengo oldarraldia arte. Eredu bereziak bereganatuz, epe luzera irauteko eta garatzeko osagaiak jarri nahi izan dituzte Lurraren Altxamendukoek. Osagai horietan bada mezuarena (errealista eta erradikala, lirikoa eta neurrizkoa), baita egituraketarena (lekuko taldeen eta koordinazio orokorraren arteko lotura trinkoa, ekintzen eta festen artekoa, lehen lerroa eta zaintza, bizimoldeak eta logistika...). Eta bidean topatu aukeren eta zailtasunen aitzinean, egindakoak formalki berrikusteko nahikaria.
“Izan ura”, zioen Bruce Lee aktoreak. Hala tanta, nola izotz, hodei, euri, itsaso edo laku. Testuinguruaren arabera hoberen jarduteko moldatzen jakin. Zuhur hitz hau munduko leku askotan da herri mugimenduen bidelaguna eta malgutasuna lantzen ikasten digu, diskurtso zein praktika zurrunetatik harago. Horra beste ezaugarri bat. Horiek eta askoz gehiago azaltzen ditu eskutan duzun liburuak.
Euskal Herrian, mila eta bat borroka luzeen lurraldean, kanpoko esperientzien onurak gureganatzea ez zaigu eroso. Etxean eta etxerako atondu bide orriei eusten diegu lehentasunez, ohituraz. Alta, duela ez hain denbora gutxi, Kurdistango askapen mugimenduak estatubatuar pentsalari anarkista bati egin zion kasu: euren sinesteak errotik aldarazi zituzten ekin molde berrituen abiarazteko.
Gurean tankera honetako eraldatzeen gauzatzeko baldintzak ba ote dira, eta nola jarri? Katalunian, esate baterako, Revoltes de la terra sortu dute eta badirudi funtzio eraginkorra betetzen dutela.
Hasteko, garenarekin, dugunarekin jorratu behar: saiakera franko gauzaturik ere, ekologismoak eta lurraren defentsak ez dituzte euskal plazak betetzen ez eta kargudun politikoak eta enpresariak beldurtzen. Lemoizen gelditu zen gure azken garaipen esanguratsua eta geroztik arrastaka gabiltza. Herrigintzaren ispilu gara, lokalki gihartsu baina osotasunean maingu, batzen gaituenaren inguruan adostu eta artikulatzeko zailtasun handiekin. Badira lurralde mailan elkarrekin gauden une azkar zonbait, baina kapitalismoaren desmasiak arrastatzeko ezgai. Zenbat salaketa, helegite, ekintza eta manifestazio sinboliko, galdegindakoa erdietsi gabe? Ipar Euskal Herrian, Estatuaren eta dirudunen jokamoldeek ingurugiroa ia osoki jan digute, kostaldea arrunt urbanizatuz, barnealdea jostaleku bilaka araziz. Espekulazioa gora, hazlurra behera. Elkarte zein instituzioek bultzatu proposamenak beharrezko baina motz gelditzen dira norabide orokorren iraultzeko.
Halere dena ez da ilun. Aroztegitik, Urdaibaitik edo Marienetik iniziatiba batzuk ari dira saiatzen, sostengu zabalarekin. Ipar Euskal Herriari dagokionez, aurrekari txiki baina garrantzitsu batzuk ditugu poltsikotan: Garazi eta Iruñea arteko autobidea, Itsasu inguruko urre meategiak, Larrungo tontorrean handitze plana, Donibane Lohitzuneko surf parkea, Mugerreko plataforma logistikoaren zabalpena, han-hemenka lur edo etxe salmenta batzuk, AHT bera... Denek bukatu dute estudio txostenetan, herritarren oposizioari esker. Kasu guztietan aniztasunak egin du indar, laborari, abertzale, ezkertiar, hautetsiz eta beste kategoriaz osatu topaguneetan.
Zerbaiten pizkundea? Talde antolatuetan gutxi izanik ere, badakigu koadro eta zerumuga argietan kokatu desmartxa batek interesa pizten duela, garatzeko potentzialak biderkatzen. Tokian tokiko kasua arin bilaka liteke Euskal Herri guzirako erronka. Indarberritzeko, logika hori bultzatu behar genuke.
2021ean, Arbonako okupazioaren ostean eratu OSTIA sarearekin, ekintza zuzena formalki gaineratu genion ekuazioari. Aurrera jotzeko badira euskarri desberdinak, denek balio dute eta haietariko bat etsaia jotzea da, egokiro. Batzuetan zingira, besteetan ekaitz. Saiakera hau bururaino eramateko, Marieneko aktibazioa dugu adibide: elkarrekin arituz arlo guzietan ekin, bakoitzaren hautuen eta ahalmenen aniztasunean. Zehazkiago, egun batean hautetsiekin Euskal Elkargoari eztabaida galdegin, biharamunean eremua barazki landaketekin okupatu.
Lurraren Altxamenduek konposaketa deitzen diote eskema honi eta azkarki inspiratu gaituzte gurea muntatzeko. 2024ko maiatzean, beste hogei talderekin batera sinatu Marieneko adierazpenean, artifizializazio proiektua osoki gelditu arte denek mugitzeko engaiamendua hartu genuen, taktika ezberdinak konbinatuz. Urte bat berantago, ELB sindikatuarekin eta Lurzaindiarekin adostu makilen zinak posizionamendu hau egonkortu du: “Orduan, guk elkartu behar dugu, beste norabide bat hartzeko. Lurra lanjerrean den tokian, gure makilen kantua entzunarazi behar dugu. Bidea abiatu behar dugu, baturik ibiltzeko. Elkar lagundu behar dugu, garaipen konkretuak ospatzeko. Asmo argiak izan behar ditugu, tema militanteak herritarrentzat eta bizidunentzat onuragarriak diren lorpenak eragin ditzan. Ez zaitezte beha egon, denek inplikatu behar dugu oldar horretan, tokian toki eta mundu zabalean”.
Agian, zuek ere zaudeten lekutik, liburu honetako proposamen edo ideiaren bat barneratzen ahalko duzue, pauso lagungarrien emateko. Perspektiba horietatik ireki daitezke elkarketak. Etorkizunean bizidunen eta herrien suntsitzaileei mezu irmoa igortzeko: ez ezazue halakorik errepika, parean izanen gaituzue!
Hartzea eta Joana (Ostiako kideak)