BAGIRAko Herri bidea
Joan den Aberri Egunak Bagira prozesuaren bukaera markatu du. Karia horretara, azken hilabeteetan landu den "Herri bidea" izeneko mugimendu abertzalearen bide orria plazaratu da. Dokumentuaren sarrera argitaratzen dugu hemen. Liburuxka osoa eskura dezakezu formulario honetan manaketa eginez: https://www.helloasso.com/associations/bagira/boutiques/herri-bidea.
Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalearen ibilbidea
Mugimendu Abertzaleak bere lehen herri Itsasunjarri zuen abantzu duela 60 urte. Lehen etapa honetako fruituak oparoak izan ziren. Gure lurraldean borroka abertzalea sustraitu eta egitura edo sektore anitzen zein milaka militanteen sorrera permititu zuten. Bakoitzak bere maneran, harriz harri lurralde honen historiaren zati bat eraikitzen parte hartu du.
Mo emu berean, Enbatak enbor komun baten sustraiak landatu zituen, zeinetik Ipar Euskal Herrian Mugimendu Abertzalearen adar anitz nabarmendu ziren. Orduz geroztik, Mugimendu Abertzaleak erakunde andana ezagutu du Ipar Euskal Herrian: Euskaldun Gazteria, ETA, Anai Artea, Jazar, Ezker Berri, Mende Berri, EIBAT, Iparretarrak, Herri Talde, Izan, Laguntza, Herriaren Alde, EHAS, Hordago, ELB, EMA, Euskal Batasuna, Patxa, Hexa, Eusko Alkartasuna, Abertzaleen Batasuna, Oldartzen, EHLE, Autonomia Eraiki, Piztu, Gazteriak, IEHIE, LAB, Demo, Haika, Batasuna, Segi, MRA Fundazioa, Bizi !, EH Bai, Sortu, Aitzina, Alda ... 1
Adar anitz hauen jatorria galdera bati emaniko erantzun ezberdinetan dago nagusiki: «Nola aitzinarazi borroka abertzalea Euskal Herrian?». Borroka armatuaren erabilera eta Ipar Euskal Herrirako berezko estrategia baten garapena bi desadostasun iturri nagusien artean kokatzen ahal dira. Beste faktore batzuek abertzaleen panorama organizatiboa astindu dute ere. Besteren artean, tokiko aterabide politikoak sortzea permitituko lukeen Ipar Euskal Herriko instituzio propio baten eskasiak, hainbat hamarkadetan abertzaleen hauteskunde emaitza txarrek, aukera politikoen idekiera edo itxierek, aldaketa sozioekonomiko orokorrek, errepresio politikoak, edota eskema kultural eta ideologiko berriko belaunaldi berrien sartzeak.
Urte hauetan tentsioak eta minak izan dira, baina baita prozesu politikoaren garapenean jauzi kualitatiboak eragin dituzten bat egite sekuentziak eta eraikuntza komunak ere.
Mugimendu Abertzalearen historiak etenik gabeko borroka eta aitzinatze baten historia izaten segitzen du; iragandako garaietako aukerak baliatzen jakin duen askatasun egarri bat, gaurko egunetaraino nehoiz baino biziagoa ekarri duena.
Egun, Mugimendu Abertzalea, emendatzen ari den fronte politiko eta instituzional batean garatzen da; baita eguneroko engaiamenduen bitartez ere, antolakunde sektorialen konstelazio zabal baten baitan (laborantza herrikoian, herri komunikabideetan, ekonomia sozial eraldatzailean, ekologian, tokiko monetan, ekintza sozial eta solidarioan, ekintza sindikalean, ikastoletan, euskalgintzan, kulturgintzan, energia berriztagarrietan ... ) edota mobilizazio aldarrikatzaile eta besta egun handien inguruan (AHTaren kontrako borroka, Batera, gatazkaren ondorioen konponbidea, mobilizazio sozialak, Korrika, Alternatiba, EHZ, Herri Urrats, Lurrama ... ).
Mugimendu Abertzaleak kuantitatiboki eta kualitatiboki aitzina egin du inflexio puntu garrantzitsu batean kokatu arte. Ipar Euskal Herriko lehen instituzioa lortu eta gero, hauteskunde emaitzen emendatze azkarra ezagutzen ari da, bereziki herri/elkargo mailako bozetan, eta berrikiago departamentaletan eta legegileetan. Erdi zabalik den leiho berri baten aitzinean kokatua da, dauden aukerak hein handian eraikitzeko direlarik. Gainera, borroka armatuaren bukaerak Ipar zein Hego Euskal Herrian, ETAren desegiteak eta gatazkaren ondorioen konponbidean egin aitzinamenduek prozesu politikoa ezaugarri berrietan kokatu dute.
Kanpo faktoreei dagokienez, aldaketa globalek eta batez ere Estatu mailakoek, mehatxu berriak sortzen dituzte, baina baita Euskal Herriaren burujabetzaren beharra eta garrantzia baieztatzen ahal duten aukerak eskaini ere. Borroka abertzalearen aitzinamendua ez dago idatzirik. Bihar ere, Estatu botereekiko konfrontazio sekuentzia berriak sortzea eta bere helburuetan aitzinatzea, Mugimendu Abertzaleak ezarriko dituen indarren emaitza izanen da.
Hazkunde betean eta aurrekaririk gabeko aukeren aitzinean den momentuan, Mugimendu Abertzaleak gogoeta komunak egiteko espazio eta denborak eskas ditu bultzada berri bat eta azkartze erabakigarriak gauzatzeko.
BAGIRA prozesua
Horregatik, 2022ko abenduaren 14an, Bidarrain, ibilbide guzietako abertzale multzo batek Bagira prozesua pizteko ardura hartu zuen. Gogoeta horr n helburu orokorra, Ipar Euskal Herriko abertzaletasunari Mugimendu izaera berriz emaitea, berrindartzea eta beste 60 urte gehiago proiektatzeko oinarriak eskaintzea zen. Anbizio hau, ondoko lau azpi helburutan deklinatzen da:
- Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalearen oinarriak eguneratu;
- Epe ertaineko helburu eta etapa partekatuak kokatu;
- Mugimendu gisa antolatu eta artikulatu;
- Belaunaldi transmisioa bultzatu.
Bagira prozesua bukatzen ari da orain. Transmisio Historikoaren sekuentzia bat utzi du, Mugimenduko eragileek antolatu 14 ekitaldiz osatua, 750 pertsona baino gehiagok parte hartu dutelarik. Sekuentzia horri esker, iraganetik ikasi ahal izan da, mugimenduaren osagai anitzen ibilbideak aipatu ahal izan dira, oraingo momentu historikoari neurria hartu zaio eta ondare historiko hori belaunaldi berriei transmititu ahal izan zaie. Artxibo, argazki, bideo, audio anitz uzten ditu, etorkizuneko engaiamenduak epe luzean errotzko gisan.
Prozesuak bere hedadura guzia hartu zuen Mugimendu osoak, bi egunetan, Itsasun antolatu 2023ko Aberri Egunean. 3 000 lagun elkartu ziren Mugimenduaren sorreraren 60. urteurreneko edizio historiko honetan. "Izan ginen, Bagira, Izanen gira" adierazpenak azken sei hamarkadetako aitzinatzeak lehen lerrora ekarri zituen eta abertzaleek borrokan segitzeko duten engaiamendua berretsi.
Ondotik, diagnostiko partekatua abiatu zen 1 500 abertzaleren parte hartzea ukan zuen galdeketarekin. Azken honen emaitzen inguruko aurkezpen eta eztabaida itzulia egin zen Ipar Euskal Herri osoan, baita Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere.lpar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalearen Jardunaldietan eztabaidatzeko aurkeztu diren bide-orri honen erronka nagusiak agerian utzi zituen.
Bagira prozesuak Mugimendu Abertzalea berritzeko baldintzak sortzeko ere lan egin du, gazte abertzaleak biltzeko ekimenak lagunduz eta etapa guzien antolakuntzan abertzale berriak inplikatuz. Emazteen eta minorizatuen parte hartzeari beti kasu eman dio Mugimenduaren feminizazioan bere ekarpena egiteko xedearekin.
Azkenik, prozesuak, Mugimendu bateko kide eta beren engaiamenduak jendarte emantzipatu eta inklusibo baten proiektu komunaren zerbitzura ezartzen dituzten erakundeek eta norbanakoek osaturiko ekosistema bateko kide izatearen kontzientzia indartzea ahalbidetu du. Ekitaldi horien bitartez, Bagirak etengabe bilatu du Mugimendu Abertzalearen batasuna eta bere aniztasuna zaintzea.
1 Ezagunenak aipatzearren, zerrenda osoa askoz luzeagoa da.