Ezkermila
  • Artikulu bat proposatu
  • Hitzordu bat publikatu
  • Informazio gutuna
  • Bilatu
  • Harremanak
  • Français
Toggle Navigation
  • Harrera
  • Ekarpenak
  • Elkarrizketak
  • Memoria
  • Beste nonbait irakurria
  • Agenda
  • Ezkermilari buruz

Baionako epaileei gutuna: “Justizia euskararentzat!”

DESCRIPTION
Gorka Roca Torre

Baionako auzitegi judizialeko epaile andere-jaunak, agur,

Euskara

{up readmore=Résumé en français | textless=Fermer le résumé | class=up-readmore resume-eus}Traduction dans l'interface en français.{/up readmore}

2024-09-03
Ekarpenak

Euskaltzale batzuek, euskarak frantses Estatuko agintariengandik pairatzen duen tratamendu bidegabea salatzeko egin ginituen ekintza batzuetan esku hartzeagatik, martxoan Baionan epaitu ninduzuen. Epaiketa hasieran, euskaraz deklaratu nahi nuela adierazi nizuen. Prokuradorea horren aurka agertu zen, haren iritziz frantsesez ongi hitz egiten nuelako, euskaraz deklaratzen banuen epaiketa itzulpenagatik luzatuko zuelako eta frantses Konstituzioaren arabera euskaraz deklaratzea debekatu behar zitzaidalako.

Prokuradorearen iritziak segituz, epaile nagusiak euskaraz deklaratzea ukatu zidan. Orduan, zergatik euskaraz deklaratu nahi nuen frantsesez azaltzen hasi nintzaion. Berehala hitza moztu zidan eta ez ninduen utzi azalpenak emaiten.

Epailearen jarrera bidegabe horrek, epaiketa bera bidegabea zela hasieratik agerian uzten zuen. Hain zuzen, nola epaile batek euskarak pairatzen duen tratamendu bidegabea salatzeko euskaltzaleek egindako ekintzak zuzentasunez epaitzen ahal ditu, epaile horrek euskarari tratamendu bidegabea emaiten badio? Frantsesaren arazoan Euskal Herrian, epaileak epaile eta arazo zirezte.

Horiek hola, epaiketa bidegabe horretan ez esku hartzea erabaki nuen eta epaitegitik atera nintzen. Epaileak mintzatzen utzi baninduen, onetsi zituen prokuradorearen iritziak ez zirela justifikazio zuzenak adieraziko nion.

Hain zuzen, euskaraz gain frantsesa menperatzeak ez du euskaraz deklaratzea debekatzea zilegi egiten. Frantsesez eta gazteleraz usu hitz egiten dut, bi hizkuntza hauek biziki maite ditut, baina euskaldunok Euskal Herrian Euskaraz bizitzeko zilegitasuna badugu.

Euskaraz deklaratzeak epaiketa itzulpenagatik luzatuko lukeela? Euskara ulertzen ez dutenek lukete epaiketa luzatuko! Euskara ulertzen ez duzuen prokuradore eta epaileak, euskara ikasten laguntzen ahal zaituztegu.

Frantses Konstituzioak euskaldunoi euskaraz deklaratzea debekatzen baldin badigu, Konstituzio bidegabea, gizatasunik gabekoa eta hizkuntza hiltzailea da, eta epaileek desobeditu behar diozue.

Epaitegitik atera nintzen beraz, eta epaiketa segitu zinuten, zilegitasunik gabe, epaiketa batean akusatuak deklaratzeko aukera ukan behar baidu, eta aukera hori ukatu zenidaten. Salaketa ekintzak zergatik burutu ginituen azaltzea ukatu zenidaten. Eta bidegabeki gogorki kondenatu ninduzuen: hilabete bat presondegi atzerapenarekin eta 500€-ko isuna.

Ikasleei baxoa euskaraz pasatzea debekatzen zaiela salatzeko, joan den maiatzaren 17an bost euskaltzalek Baionako Suprefeturaren kanpoko horman “Geldi euskara zapaltzea” idatzi ginuen.
2022 eta 2023an, euskarari lehentasuna emaitea eskatzeko, hainbat euskaltzalek, Nafarroa Behereko hamaika herritan bide seinale erdaldunak kendu eta Portugaleteko Bizkaia Zubiaren ondora eraman ginituen. UNESCO-k zubi hori Gizateriaren Ondare Kultural izendatu zuen. Ekintzaile euskaltzaleek, euskara, munduko gainerateko hizkuntza guziekin, gizateriaren ondare kulturala dela adierazi ginuen; frantziar eta espainiar Estatuen agintariek euskara zapaltzen dutela eta egoera horren aitzinean UNESCO mutu egoiten dela salatu ginuen ere.
Ekintza hauetan esku hartzeagatik, irailaren 10ean Baionan epaituko nauzue. Epaiketa honetan ere euskaraz deklaratzeko asmoa dut. Hizkuntzen aniztasunaren edertasunarentzat, eta justizia euskararentzat gauzatzeko, euskaraz deklaratzea utz iezaidazue.

Epaile andere-jaunak, har itzazue nere agur zintzoak.

Behorlegin, 2024ko agorrilaren 27an

Hurrengo gertakariak

Torturari buruzko dokumentala eta hitzaldia / Documentaire et conférence sur la torture
Maiatza
7
Mai
Itsasu(Itxassou)
Faxismoaren kuntreko Egüna / Journée contre le fascisme
Maiatza
8
Mai
Maule-Lextarre(Mauléon-Licharre)
Hitzaldia : "Prostituzioaren eztabaida hizpide" / Conférence à propos du débat sur la prostitution
Maiatza
9
Mai
Baiona(Bayonne)
Palestindar populuaren aurkako gerla salatzeko elkarretaratzeak / Rassemblements contre la guerre co...
Maiatza
9, 16, 23, 30
Mai
Pintxo/DJ Palestinaren alde / Pintxo/DJ en soutien à la Palestine
Maiatza
15
Mai
Baiona(Bayonne)
Gertakari guziak ikusi

Gaiak

  • Gaiak / Thèmes
Filters changed, please click to submit when done

Logo Diaspora*. Logo PeerTube. Logo Facebook.

  • Konexione

Back to Top

© 2026 Ezkermila