Eta orain zer ?

Pasa den apirilaren 22an milaka euskaltzale mobilizatu ziren Baionako karriketan "euskarak bizi behar du" lelopean. Azken inkesta soziolinguistikoa atera ondotik eta Euskararen Erakunde Publikoaren audita egitekotan delarik, hizkuntza politika publikoa bidegurutze batean aurkitzen da.
{up readmore=Résumé en français | textless=Fermer le résumé | class=up-readmore resume-eus} Des milliers de personnes s'étaient mobilisées le 22 avril dernier en faveur de l'euskara. Après la publication de la dernière enquête socio-linguistique et à la veille de l'audit de l'Office public de la langue basque, la politique linguistique en Iparralde est à la croisée des chemins.{/up readmore}
Berriki argitaratu den inkesta soziolinguistikoak betiko argi ilunak erakutsi ditu. Zenbaki absolutuan euskaldunen kopuruaren beheititzea gelditu da bainan proportzionalki segitzen du ttipitzen, kanpotik etorri jendea dela kausa. Euskaldunen artean, hizkuntza errextasunez erabiltzen dutenen ehunekoa murriztuz doa, erabilpena ahulduz. Haatik instituzioen eta herri mugimenduen partetik egindako lanak eragina baduela argi nabaritzen du inkestak, askoz gehiago egin beharko dela argi eta garbi erakusten duen bezala.
Horretarako pista batzuk ebidenteak dira : arnasguneak indartu eta biderkatu alde batetik, toki et momentuak nun eta euskara hizkuntza nagusia den. Euskararen irakaskuntza orokortu bestalde, bost, sei urte barne Iparraldeko haur guztiek bertako jatorrizko hizkuntza ikasteko parada izan dezaten. Eta bereziki murgiltze ereduan, errextasunez erabiltzeko gaitasun maila nahikoa segurtatzen ahal duen bakarra.
Politika ausarta hori eramaiteko baldintza batzuk baditugu, beste batzuk aldiz eskasak dira. Herri mugimendu sendoa dugu, antolatua, aritua, militantea bezain profesionala. Bere potentzialitate guztiak gara ditzan, prekaritate egoeratik atera behar da eta biharamuneko kezka arindu behar zaio, baliabide nahikoak emanez.
Borontate politiko irmoa behar dugu bestalde eta horretan Euskal Elkargoak erantzukizun handia du, lurralde honetan zentratua baita bere eginkizuna, departamendua edo eskualdea ez bezala. Motorra eta bultzatzaile izan behar da, gidaritza hartu behar du hizkuntza politikaren alorrean. Herri mugimenduak lagundu behar ditu Estatuaren taktika maltzurra indargabetzeko. Honek etengabe oztopoak jartzen ditu gure indarrak higatzeko eta desbideratzeko. Mobilizazioen ondotik, bazterrak lasaitzeko amor emaiten badu, lorpen mugatuak dira aldi oro, aurreratzeko abiadura frenatuz.
Aurten bilana urtea izanen da, 2005ean sortu zen Euskararen Erakunde publikoarentzat. Ministeritza desberdinetako ordezkariek haren lanaren audita eginen dute eta osatzen duten Erakunde publikoek haren geroa trenkatu beharko dute bai egitura juridikoaren aldetik bai eta diru baliabideen aldetik. Apirilaren 22ko manifestaldiak alerta piztu du. Espero dezagun Euskal Herriko hautetsiek eta Euskal Elkargoak bereziki beren lekua hartuko dutela euskarak biziberritzeko behar duen aro berria irekitzeko.