Ezkermila
  • Artikulu bat proposatu
  • Hitzordu bat publikatu
  • Informazio gutuna
  • Bilatu
  • Harremanak
  • Français
Toggle Navigation
  • Harrera
  • Ekarpenak
  • Elkarrizketak
  • Memoria
  • Beste nonbait irakurria
  • Agenda
  • Ezkermilari buruz

Euskal Herria, nazioa al da? Hobe ezetz, Herria baikara!

20210516 actu tomax 01 sapelarra
Sapelarra: ongarria, eta udaberrian lurra iraultzeko unea erakusten diguna
Zijab O'Gha

Kapitalismo neoliberala azkar ari da munduko antolamendua eraldatzen. Lur eta bizitzaren eremu guztietatik etekina ateratzeko mekanismoak ari da inposatzen, estatu klasikoen funtzioak ere ezabatuz. Globalizazio neoliberalarekin nazioen garaia amaitu da. Nazioa asmatutako komunitatea izanik, Euskal Herriko biztanleriaren baitan ikuspegi ezberdinak eta bateraezinak aurki ditzakegu. Euskal Herriak bizirik iraun nahi badu, hitz eta kontzeptuak berrikusteko garaia da, etorkizunerako egokitzeko eta gehiengo eraldatzaile zabala lortzeko. Egoera berriak eskaintzen dizkigun aukerak erabili behar ditugu, biharko Euskal Herria gaurtik eraikitzen hasteko. Harremanen eremua da gure herria, eta egituraketa berriak asmatu eta abian jarri behar ditugu. Horretarako, ezinbesteko oinarria dugu debatea. Zalantzak, kezkak, ideiak bota, eta ahal den modu zabalean eztabaidatu eta irakaspenak herritar guztion artean praktikan jarri behar ditugu.

Estrategiak Teoriak

{up readmore=Laburpena euskaraz | textless=Laburpena hetsi | class=up-readmore resume-eus}"Nazioa" asmatutako komunitatea bada (B. Andersoni jarraituz, 1984), hobe ez izatea, zeren gure herria errealitatean ari gara eraikitzen. Bestela, egungo indar-korrelazioa ikusita, bide maltzurretik abiatuko gara. Beste ikuspegitik hartuta, Euskal Herria lehentasunezko harreman sozioekonomiko-kultural-afektiboen eremua da, bizitzaren harremanak, zaindu beharrekoak. Lurralde zehatz batean, baina mugalde malguak dituena. Kapitalismo neoliberalak ez du naziorik behar. Garai batean, 20. mendearen erdialdera arte, kapitalaren hedapena eta egonkorketarako ezinbesteko tresna izan ziren nazioak. Gaur egun, kapitalak ez ditu bere aldeko tokiko legerik, ezta langile sendo eta ikasirik behar. Behar izanez gero, beharginak dauden tokietara mugitzen da, edo behar dituen populazioak mugitzera behartzen ditu. Nazioen aroa amaitu da, eta berekin haien instituzioak eta estatu-nazioak. Gelditzen zaizkien tresna nagusiak, oraingoz, poliziak eta armadak dira. Hauek ere, baina, pribatizazioaren zain daude. Honela, estatu-nazioak beraien garrantzia ari dira galtzen eta haien funtzioa ahultzen doa, ziurki gaur ezagutzen ditugun moduan desagertu arte. Edo hobeto esanda, bestelako egitura eta botere-formek ordezkatuak izan arte. Nazio kontzeptua Euskal Herrirako alboratuz, onura batzuek agertuko zaizkigu ere: Espainia eta Frantziako nazionalistekiko talka konponezina berehala bertan behera gelditzen da, haien argudioak eraitsiz. Eta aldi berean behartuak aurkituko gara, Euskal Herria eta gure herritarren burujabetzarako bide eta ildo berriak jorratzen, Herri Botere eta Herri Demokrazian oinarrituak.{/up readmore}

2021-05-31
Ekarpenak

-

 

Covid-19ak ez du berez eragin sozioekonomiko handirik izango. Pandemiak, globalizazio neoliberalak abian zituen munduaren eraldaketa sakonak azaleratu baino ez ditu egin, eta maila batean horiek berak azkartzeko aitzakia hornitu. Coviden aurrean hartutako neurri finantzarioek ez baitituzte pandemiaren ondorioak zuzentzen, kapitalaren krisi orokorra herritarron kontura gainditzen saiatu baizik.

Globalizazio neoliberal horrek, alta, Euskal Herrian ere eragin zuzena ari da izaten: ekonomikoki, kulturalki, eta politikoki batez ere. Estatu klasikoen funtzioen ahulketarekin bat, botere-zentroak mugi daitezke, eta aukera berriak ager daitezke. Honen aurrean, Euskal Herria egoera berrien aurrean prestatzeko, irtenbideak eztabaidatu eta asmatu behar ditugu, gure Herriarentzako probetxu ateratzeko.

Hasteko, kontzeptuak eta ohizko pentsamoldeak berrikusi behar ditugu. Nazioen garaia amaitu da. Estatu-nazio klasikoen desjabetzeak beraien desagerpenera darama, eta botere politiko publikoaren funtzioa errotik ari da aldatzen: kapitala neoliberalaren interesak bideratu behar ditu, ez herritarrena. Honen aurrean, Euskal Herrian ez dugu bakarrik neoliberalismoaren ondorioak malgutzeko borroka antolatu behar, baizik eta hurrengo pausoa asmatu eta gauzatzen hasi ere: gizarte berria eraiki.

Euskal Herria nabarmenki aldatu da azken 20 urtetan eta prozesua azkartzen ari da. Independentzia, aberria, euskal sozialismoa, Euskal Herria, nazioa, burujabetza, ezkerra, abertzaletasuna... hainbat kontzeptu egokitu behar ditugu, eta hitz berriak aurkitu ere. Aldi berean, helburuak, bitartekoak, eta bideak aztertu eta pausoak ematen hasi behar ditugu, oldarraldia gelditu baino, euskal herritarrok nahi dugun norabidetik bideratzeko.

Testu honen izenburua modu polemikoan formulatua bada ere, helburu nagusia eztabaida politikoa bultzatzea da. Hiru kontzeptu agertzen dira bertan: "Euskal Herria", "nazioa", eta "hobe ezetz". Edozein debate arrazionalaren hasieran, erabilitako kontzeptuak eta hitzak definitu behar ditugu, oinarri amankomuna izateko. Nik hemen nereak emango ditut, eta eskatzen dizuet, ez hitzen definizioan, baizik eta kontzeptuetan zentratzea. Erabiltzen ditudan kontzeptuei norberak bere hitzak ipin ditzan, testuan eskainitako gogoetak eztabaidatzeko. Bide batez, honek ez du testu zientifikorik izan nahi, baizik eta diskusioaren pizgarria. Horregatik ez ditut literatura edota beste autore asko zitatuko. Entsegua baino ez da.

 Zer da "nazioa"

"Nationes" hitza erromatar inperioaren bukaeran agertzen bada ere, batez ere leinuak eta beraz jatorria izendatzeko, gaurko esanahiarekin 18. mendean inguru hasten da zabaltzen.

"Nazio" hitza ulertzeko hiru era aurki ditzakegu nagusiki: lurralde baten hiritargo burujabea, frantziar iraultzan bezala ulertua. Itun amankomun baten inguruan bildutako herritarrak, Ameriketako Estatu Batuetako konstituzioa kasu. Eta oinarri historiko-kulturala amankomuna omen duen herritar multzoa, Alemaniako 1847ko iraultzan eta Hungarian eta Italian erabili zena.

Hiru kontzeptu oso ezberdin hauek hitz bakar batean elkartu nahiak, arazo franko sortzen ditu. Honela, denborarekin, kontzeptu hauek nahasten joan dira, eta herrialde gehienetan hiruren nahasketa erabiltzen ohi da, eta oinarria falta denean, errealitate homogeneoa "naziogintza" ("nation building") bitartez sortzen saiatzen da.

Laugarren kontzeptu bat erants geniezaioke agian ere, Sobietar Batasunean ahozkatu gabe erabiltzen zen "langile edo proletargoaren nazioa" hain zuzen.

Nere gazte garaian ezker abertzalean erabiltzen genuen kontzeptua, "borondate politikoa duen herria" hain zuzen, problematikoa da, zeren errealitatearekin ez dator bat, eta ondorioz gure helburua biluzik uzten du, hutsala, eta kontzeptu horren gainean eraikitako "Euskal Herriaren" izaera arriskuan jartzen du beraz.

Orduan, zer da "nazio" bat, zer irudikatzen du hitz horrek, zer kontzeptua ordezkatu nahi du?

Benedict Andersonek 1984an emandako azalpen motza erabat baliagarria iruditzen zait gaur egun oraindik ere: nazioa asmatutako komunitatea da, ezaugarri interesatuetan oinarrituta. Nazioaren kontzeptua kapitalak bultzatu du batez ere, 18. mendetik aurrera bere zabalpena lurralde zehatz batean ziurtatzeko. Andersonek modu sinplean eta adibide argiekin azaltzen du bere tesia.

 Nazioaren arazoa

Modernitatearen ezaugarri asko bezala, nazioa kontzeptuak ere bere oinarria Erdi Aroan izan lezake, "kristaudia" kontzeptuan hain zuzen ("chrétienté"/"cristiandad"). Arazoa da, asmatutako komunitatea izanik, askotan ez dator errealitatearekin bat, eta "eraiki" egin behar dela, maiz bortxaz. Gainera, egituraketa politiko-administratibo zehatz bat sortzeko unean, modernitatean "estatu-nazioa" kontzeptua zabaldu da, "nazio" eta "estatu" hitzak nahasiz, nazio "artifizialak" boterearen interesen araberan asmatzera emanez: dekolonizazioaren prozesuan sortutako Estatuen kasu. Europa erdiko herrialde askotan lortu da, eta herritar franko beraien nazio ofizialarekin identifikatzen dira. Beste toki askotan, Espainian adibidez, ez da inoiz naziogintza burutu ahal izan, estatuan harrapatutako herriekiko talka etengabea sortuz. Zeresanik ez Afrikan, Ameriketan, edo Asian.

Baina orduan, herri guztiak nazioak dira? Elkargoa sentitu bai edo ez? Estatu-nazio guztiak nazioak dira? Eta lurralde bateko herritarrek nazio-atxikimendu ezberdina dutenean, zer?

Komunitate kontzeptu horiek eta nazio hitzak eragin dituzten gerla itzelak problematikaren adierazgarriak dira. Eta "nazio" kontzeptua ordezkatzeko garaia heldu da, nazioen garaia amaitzen ari delako. Berdin du nola ulertzen zen hitza, kapitalismoak hasieran bere eremu administratiboa uniformatzeko erabiltzen zuen kontzeptu hori ez zaio beharrezkoa jada. Globalizazio neoliberalaren antolaketan oztopatzaileak bihurtzen zaizkio estatu-nazioak.

Kapitalak egonkortze fasean bere lurraldean langile sendo eta ikasiak behar bazituen ere, estatu-nazioen eginkizunak tresna gisa onartuz, egungo kapitalismo globalizatuan ez zaio erabilgarri gertatzen. Kapitala egun, beharrezko egiten zaizkion populazioengana mugitzen da oztoporik gabe, eta bestela, populazioak mugiarazten ditu bere beharrak asetzeko. Naziorik ez du behar, eta estatu modernoaren betebeharrak murrizten doa ere. Kapitala pribatuak edozein estatu baino indar gehiago dauka gaur egun. Honen adibide berriena futboleko munduan agertu zaigu: 2021ko apirila erdian Europako 12 talde haundienak "Superliga" propioa saiatu dira antolatzen, eta ia lortu dute ere. Kirol munduko enpresa boteretsu horiek, nazio-kirolaren egituraketa den UEFAren irizpideen aurka ari dira euren interes ekonomikoak inposatzen.

Nazioa eta estatu-nazioa, kapital txikiak baino ez ditu aldarrikatzen, multinazional handien abantailak lortzen ez dituen bitartean. Baina honek berak populazioen mugimendu bortxatuaz profitatzen duen heinean, nazioaren oinarriak ere garrantzia galtzen joaten dira, langile klase esplotatuaren gainean eraikitzen baitu bere boterea, jatorria kontuan hartu gabe. Eskuin mutur nazionalistaren indartzearen arriskua bere diskurtso atzerakoi eta arrazistan datza, zeren "bertako" langileak ere ez ditu babesten.

Laburki: nik erabiltzen dudan eran, oinarri ezberdinen gainean asmatutako komunitatea da nazioa.

 Zer da Euskal Herria

Frantzia, Alemania, Espainia etab., gehiago edo gutxiago egonkortutako komunitate asmatuak eta estatu-nazio baten instituzioen bidez antolatuak badira, zer da Euskal Herria, nola definitzen dugu? Edo hobeto esanda, zer nahi dugu izatea Euskal Herria, nola ulertzen dugu?

"Euskal Herria, euskara herria" esaten ohi da. Izan zezakeen, eta asmoa izan daiteke. Baina ez da errealitatea. Asmatutako komunitatea izateak ez digu asko laguntzen. Espainiako nazioa Francok hasi zuen egonkortzen, eta gaur arte ez du lortu. Frantziaren batasun asmatua ere usteltzen hasia da aspaldi, sozialki, kulturalki, eta geografikoki. Zertarako balio zaigu orduan euskal nazio hori, egun existitzen ez dena eta etorkizunean gauzatzeko (inposatzeko?) aukera gutxi duena? Oinarri historiko-kulturala amankomuna? Itun amankomuna? Hiritartasun amankomuna? Halakorik ez da, euskal herritar gehienentzat behintzat. Orduan, zer gara, zer nahi dugu izan? Asmatutako zerbait, edo errealitatean oinarritzen den zerbait? Eta ez, errealitatea kontuan hartzeak ez du esan nahi, estatuek gerlen bitartez inposatutako egoera onartu behar dugunik.

"Euskal Herria, nazioa, hobe ezetz" idatzi dut tituluan. Orduan, nazioa eta beren estatua eskuinak eta ezker nostalgikoak baino ez badute aldarrikatzen, zer bide aukeratu behar du ezker eraldatzaileak? Zertan oinarritzen dugu etorkizuneko "Euskal Herria" kontzeptua?

Hortan ere, errealitateak asmakizunari aurrea hartu dio. Hasteko, muga zorrotzak eta aurreiritziak ezabatu beharko ditugu. Justu muga instituzionalen inguruan ikusten dugu: zailtasunak zailtasun, ipar eta hego Euskal Herria arteko muga administratiboa praktikan leuntzen doan bezala, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa, eta Arabako kanpoko mugak leunak izan dira betidanik. Bizitokiak, negozioak, harreman pertsonalak, kulturak eta aisialdiak ez dute ia mugarik ezagutzen. Pandemia salbuespen.

Erdi Aroan muga praktikoak erregearen zergak kobratzeko ahalmenaren araberan ezartzen ziren moduan, post-modernitatean muga horiek berberak kapitala handiarentzat bere funtzioa ari dira galtzen, eta azken finean, zein estatuk kudeatzen dituen jasotako zergak ez zaio axola handirik. Herritarren dirua han edo hemen berdin xurgatuko baitu kapitalak. Eta herritarrok, ordaindutako zergen kudeaketa aspaldi galdu dugu. Herrialde batetik bestera ez da diferentzia handirik, eta tokiko berezitasunak bere garrantzia galtzen doaz.

Euskal Herria bere zentzu historiko-kulturalaren aldetik hartzen badugu, bertako biztanle asko ez dira ordezkatuak sentituko, beraien sustraiak Euskal Herritik kanpo daudelako. Beraz, kontzientzi politiko kolektiborik gabe, hiritartasun politikorik gabe, itun amankomunik gabe, ustezko euskal nazioa hipotesi mailan gelditzen da, eta ez da oso lagungarria. Hitza eta definizio berria behar dugu, egungo errealitatean oinarrituta, eta euskal herritarrek onar dezaketena.

Beste ikuspegia aurkezten dut: Euskal Herria herri bat da. Harreman sozioekonomiko-kultural-afektiboen lehentasunezko eremua da, lurralde baten bizitzaren harremanak. Bertan sartzen dira harreman interpertsonalak, eta kanpoan geratzen dira harreman instituzionalak, udalerritik gora militarki inposatuak direlako. Eta harreman horiek egunerokotasunean zaintzen ditugun heinean, bide eta egituraketa berriak asmatzen, Euskal Herri berria ari gara eraikitzen.

Kantauri itsasoa, Landak, Pirinioak, eta Gaztelako lautadaren artean bizi diren pertsonen hartu-eman-mapa marraztuko bagenu, udalerrietatik kanpoko nondik norakoak eta maiztasuna, ziuraski Euskal Herri antzeko eremu bat nabarmenduko litzaiguke. Goian aipatu bezala, muga zorrotzak eta aurreiritziak baztertzen hasi behar ditugu, etorkizunerako oinarri sendoa eraiki bahi badugu, herritarrei inposatu gabea.

Honek ez du esan nahi, egungo muga administratiboak berehala ezabatu behar ditugunik, ezta "harreman sozioekonomiko-kultural-afektibo lehentasunezko eremu" hori homogeneoa badenik edo behar denik. Baina historian zehar mugak milaka aldiz aldatu direnez, baliteke etorkizun hurbilean berriro gertatzea. Kapitalismoaren gainbeheraren ondorioz botere-zentro berriak sor daitezke. Adi egon gaitezen beraz, bestelako muga artifizialak ezar ez diezazkiguten. Eta benetako harremanetan oinarritutako Euskal Herri berria eraiki dezagun.

 Hobe ezetz

Ohizko harremanen eremu honetan noski bizi ditugula aurreko inposaketen ondorioak. Lan harremanetan, jabetza pribatuan, interes ekonomikoek moldatutako lurra, urte askotan ezarritako mugen ondorioak, gizakien mugimenduak eragindako aldaketa soziokulturalak. Gertatukoa ezin da desegin, eta ez dugu nahi ere. Baina harreman-eremu honetan, herritarrok erabaki beharko dugu nola antolatu geure bizitza, bertan dauden sentsibilitate guztiak errespetatuz, bakoitzari eskubide eta aukera berdinak ziurtatuz, eta ahulenari arreta berezia eskainiz. Halere, iraganean sortutako desorekak zuzenduta ekingo diogu, elkarrekin aurrera egiteko baldintzak adostuta, kolektiboki.

Bide honetan, ez zaigu askotarako balio "nazioa" bezalako asmakizuna, ezta egunen batean beteko omen den ametsa, errealitatetik at pasatzeko arriskua badagoenean. Etorkizuna eraikitzeko, gure gizartearen oinarriak ezagutu eta onar ditzagun, hortik abiatuta hautatutako helburuak gure poderioz gauzatzen joateko. Iraganaren kontzeptuek eta inposatutako egituraketek muga ez gaitzaten. Batzuek "Euskal Herria" izena gordeko badugu ere, auskalo nola izendatuko dugun proiektu berria, behin martxan egongo denean. Argi dago, herritarrekin bat lan egingo dugunok, norabidea markatzeko aukera izango dugu.

 Etorkizuna gauzatzen

Nazio kontzeptuak duen arazoetako bat da, bata bestearengan bateraezinak direla. Ezin dira Espainiako nazioa, Frantziakoa, eta Euskal Herrikoa batera existitu. Nazioek badituztelako ustezko forma eta muga zehatzak, haien aldeko partaideentzat aldaezinak eta absolutuak direnak. Euskal Herria nazioa bezala gauzatzeko, Espainia eta Frantziakoa desagertu behar dira, edo beren funtsean aldatu. Ez dira berdin izango. Euskal nazionalistek besteengandik eskatzen dutena da, besteek gaur euskal nazioarekin egiten ari diren gauza bera: euskal "nazioa" ukatzea. Ez da, beraz, bidezko irtenbiderik, alde baten garaipen bortitza ez badugu onartzen.

"Nazio" hitza eta kontzeptua alde batera uzteak bi onura nagusi baditu. Alde batetik, nazionalisten arteko talka automatikoki desagertzen da, horren oinarrian dauden asmakizun mugiezinak desagertzen direlako. Eta beste aldetik, bide berriak jorratzera eramaten gaitu, behartzen gaitu, nazio-egituraketa instituzionalaren zain egon gabe, herria eta herritarren burujabetza gauzatuko omen lukeena. Hori bai, ikasi beharko dugu mugen zorroztasuna gainditzen, eta herrien arteko harremanak hainbat eremutan malgutzen. Baina hori da edozein ezkertiarraren helburua, sozialismoan gauzatu nahi duguna. Beraz, mundu zuzenagoa eraikitzeko bidean gaude.

Noski, Euskal Herriaren birdefinizio horrek ez du automatikoki bertako biztanleen onespena jasoko. Horretarako proiektu propioa prestatu behar dugu, gauzagarria, eta gaurtik abian jarriko duguna, etorkizun amankomunaren onurak frogatuko dituena. Beste inoren menpe egon gabe, gehienon artean adostua eta abiatuta.

Hurrengo gertakariak

Hitzaldi publikoa "Berangokoekin elkartasunez" / Réunion publique "Solidarité avec les inculpé.es de...
Apirila
30
Avril
Baiona(Bayonne)
Maiatzaren 1eko mobilizazioa / Mobilisation du 1er Mai
Maiatza
1
Mai
Baiona(Bayonne)
Maiatzaren 1eko mobilizazioa Maulen / Mobilisation du 1er Mai à Mauléon
Maiatza
1
Mai
Maule-Lextarre(Mauléon-Licharre)
Irulegiko irratiaren sostengu gaualdia / Soirée en soutien à Irulegiko Irratia
Maiatza
2
Mai
Izura-Azme(Ostabat-Asme)
Palestindar populuaren aurkako gerla salatzeko elkarretaratzeak / Rassemblements contre la guerre co...
Maiatza
2, 9, 16, 23, 30
Mai
Gertakari guziak ikusi

Gaiak

  • Gaiak / Thèmes
Filters changed, please click to submit when done

Logo Diaspora*. Logo PeerTube. Logo Facebook.

  • Konexione

Back to Top

© 2026 Ezkermila