Ezkermila
  • Artikulu bat proposatu
  • Hitzordu bat publikatu
  • Informazio gutuna
  • Bilatu
  • Harremanak
  • Français
Toggle Navigation
  • Harrera
  • Ekarpenak
  • Elkarrizketak
  • Memoria
  • Beste nonbait irakurria
  • Agenda
  • Ezkermilari buruz

Hizkuntza-lurraldetasunari buruzko proposamena

DESCRIPTION
Naziogintza taldea

Europako hainbat estatutan hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa aspalditik dago indarrean. Estatu horietan bi egoera bereizten dira: eremu elebakarrarena, non lurraldeak hizkuntza ofizial bakarra ezarria duen eta eremu elebidunarena, norbanakoen eskubideak bermatzen dituena.

Artikulu hau lehenik zuzen.eus webgunean argitaratua izan da.

Euskara

{up readmore=Résumé en français | textless=Fermer le résumé | class=up-readmore resume-eus} Dans plusieurs États européens, le principe de territorialité linguistique est en vigueur depuis longtemps. Dans ces États, on distingue deux situations : celle du territoire monolingue, où il n'y a qu'une seule langue officielle et celle du territoire bilingue, où les droits individuels sont garantis. {/up readmore}

2023-04-28
Ekarpenak

Euskal Herriko eragile euskaltzale gehienak bat datoz esatean orain arte Hego Euskal Herrian aplikatutako hizkuntza-politikek eman beharrekoa eman dutela. EAEn eta Nafarroan euskararen ezagutza pixka bat emendatu arren, erabilera behera doa (oso kezkagarria gune euskaldunenetan izan den beherakada). Ipar Euskal Herrian, zer esanik ez, egoera are okerragoa da. EAEko eta Nafarroako euskararen legeek 40 urte inguru dituzte, eta, anbizio gutxikoak izateaz gain, guztiz zaharkituta daude, XXI. mendeko soziologia-testuinguruak ez baitu zerikusirik XX. mendekoarekin. Hizkuntza-eskubide pertsonalak sustatzen dituen EAEko egungo hizkuntza-ereduak, esaterako, ez du bermatzen 40 urte barru euskara normalizatuta egongo denik, oso zaila baitirudi euskara nagusi izatea, edozein hizkuntzarentzat hain garrantzitsuak diren hainbat arlotan dituen gabeziak ikusita: komunikabideetan, lan-arloan, teknologia berrietan, goi-mailako irakaskuntzan, hirietako giroan…

Hizkuntza-egoera aldatzeko eta euskarari bultzada nabarmena emateko proposamen berriak egin behar dira; eta horiek planteatzeko orduan soziolinguistikaren irakaspenak aintzat hartu, ezinbestean. Zientzia horri esker badakigu jakin, minorizatua edo gutxiengotua izan den hizkuntza ez dela berez hartara iritsi: konkista militarrek, kolonizazioak, erabaki politiko eta ekonomikoek, politika demografikoek eta gisakoek eraman dute egoera horretara, beraz, garaia da egindako kaltearen erreparazioa exijitu eta dagokion mailara iristeko behar dituen erabakiak hartu eta hartarako baliabideak jartzeko. Soziolinguistikari esker badakigu ere, hizkuntza bat benetan normalizatzeko lurraldetasunaren printzipioa ezartzea ezinbestekoa dela.

Badakigu, halaber, beharrezkoa ez den hizkuntza bat desagertzera kondenatuta dagoela. Horrenbestez, gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuko badugu, ezinbestekoa izango da euskara beharrezko bihurtzea, gure hizkuntza nagusi den tokietan bederen. Horrek paradigma berri bat sartzera garamatza: eskubide kolektiboak eskubide pertsonalen gainetik jarri behar dira toki euskaldunenetan, Belgikan, Suitzan edo Finlandian egiten den gisa berean… edo Espainiak eta Frantziak beren hizkuntzekin egiten duten bezala.

Europako hainbat estatutan hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa aspalditik dago indarrean. Estatu horietan bi egoera bereizten dira: eremu elebakarrarena, non lurraldeak hizkuntza ofizial bakarra ezarria duen (eskubide kolektiboak edo gizarte-multzoaren eskubideak eskubide pertsonalen gainetik jartzen dira; hau da Flandriako kasua Belgikan, esaterako); eta eremu elebidunarena, norbanakoen eskubideak bermatzen dituena (hizkuntza-liberalismoaren eskubide pertsonalak oroz gainetik ipintzen direna). Horretan oinarritzen da EAEn ezarrita dugun hizkuntza-eredua.

Hizkuntza-lurraldetasunak, beraz, ez ditu norbanakoen eskubideak lehenesten, eskubide kolektiboak baizik. Lurralde zehatz batean bizi den hiztun-komunitate nagusiaren eskubideak babesten ditu. Suitzan, Belgikan, Kanadan edo Finlandian tokian tokiko hizkuntzak normalizatzeko eta hizkuntza-borrokak baretzeko oso baliagarria izan da lurraldetasun-printzipioa. Pertsonatasuna delakoak, ordea, ez du hizkuntza gutxitua normalizatzen, Jean Laponceren hitzek baieztatzen dutenez: «Oso akats ezaguna da hizkuntza bat babestu nahi izatea gizabanakoaren eskubide eramangarriak aplikatuz, gizataldearen eskubide eramanezinak aplikatu beharrean».

Jauzi kualitatiboa behar dugu euskaldunok geure ohiko erresistentzia-rola alde batera uzteko eta euskarari dagozkion erabilera normalizatuaren espazioak berreskuratzen hasteko. Eta hizkuntza-aldaketa horren bizkarrezurra lurraldetasun linguistikoaren printzipioaren ezarpenak izan beharko luke, gure ustez. Horrek esan nahi du euskarari erabateko nagusitasuna eman behar zaiola toki eta lurralde jakin batzuetan, bertan beharrezko bilakatuz. Hori da Euskal Herri osoan ezarrita dagoen erdaren aldeko hizkuntza-inertzia hausteko modu bakarra.

Hizkuntza-lurraldetasunaren finkapena lege-aldaketen bidez bideratu beharko litzateke. EAEko euskararen lege berri batek bi hizkuntza-eremu jaso beharko lituzke: eremu euskalduna eta eremu elebiduna. Eremu euskaldunean hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioa aplikatuko litzateke (eskubide kolektiboak babesten dituena); eremu elebidunean gaur egungo hizkuntza-markoa mantenduko litzateke (eskubide indibidualak bermatzen dituena), baina euskaldunen hizkuntza-eskubideak erabat errespetatuz eta betez. Bi eremu horien mugak zehazteko adituen iritzia aintzakotzat hartu beharko da, hizkuntza-eremuen banaketa irizpide objektiboetan oinarrituz, Belgikan egin zen moduan. EAEko hainbat eskualdek baldintza guztiak betetzen dituzte, a priori, lurraldetasunaren irizpidea bertan finkatzeko (Bizkaiko Lea-Artibaik edo Gipuzkoako Urola Kostak, adibidez).

Zalantzarik ez dago lege-estaldura batek hizkuntza-lurraldetasunaren printzipioaren aplikazioa erraztuko lukeela, eta hori izan beharko luke mugimendu euskaltzalearen helburua: ordezkari politikoei lege-aldaketa eta praktika horretarako presioa egitea. Baina ezin gara geldirik egon hori gauzatu arte. Une honetatik bertatik gure lurralde batzuetan euskara arlo guztietan hizkuntza nagusi bihurtzeko urratsak eman behar dira: bertako udalek funtsezko zeregina jokatu beharko lukete prozesu horretan.

Eskubideak eta betebeharrak

Lurraldetasun-printzipioa aintzakotzat hartuko duen hizkuntza-marko berriak, eskubide berak bermatu behar ditu lurralde osoan (eskubide berak Ondarroan eta Gasteizen), betebeharrak desberdinak izan arren. Hala, eremu euskalduneko biztanleek, euskara erabiltzeko eskubidea ez ezik, euskara bera jakin beharko lukete. Euskara izango bailitzateke bertan hizkuntza ofizial bakarra. Bi eremuen arteko aldeak: kasu batean, eskubideak onartzen dira (eremu elebidunean) eta beste kasuan, eskubideak ez ezik, betebehar orokorrak ere badira.

Hurrengo gertakariak

Hitzaldi publikoa "Berangokoekin elkartasunez" / Réunion publique "Solidarité avec les inculpé.es de...
Apirila
30
Avril
Baiona(Bayonne)
Maiatzaren 1eko mobilizazioa / Mobilisation du 1er Mai
Maiatza
1
Mai
Baiona(Bayonne)
Maiatzaren 1eko mobilizazioa Maulen / Mobilisation du 1er Mai à Mauléon
Maiatza
1
Mai
Maule-Lextarre(Mauléon-Licharre)
Irulegiko irratiaren sostengu gaualdia / Soirée en soutien à Irulegiko Irratia
Maiatza
2
Mai
Izura-Azme(Ostabat-Asme)
Palestindar populuaren aurkako gerla salatzeko elkarretaratzeak / Rassemblements contre la guerre co...
Maiatza
2, 9, 16, 23, 30
Mai
Gertakari guziak ikusi

Gaiak

  • Gaiak / Thèmes
Filters changed, please click to submit when done

Logo Diaspora*. Logo PeerTube. Logo Facebook.

  • Konexione

Back to Top

© 2026 Ezkermila