Ezkermila
  • Artikulu bat proposatu
  • Hitzordu bat publikatu
  • Informazio gutuna
  • Bilatu
  • Harremanak
  • Français
Toggle Navigation
  • Harrera
  • Ekarpenak
  • Elkarrizketak
  • Memoria
  • Beste nonbait irakurria
  • Agenda
  • Ezkermilari buruz

La perla del Cantabrico-tik Pintxoland-era

DESCRIPTION

BiziLagunEkin plataformak Donostia jasaiten duen turistifikazio intensiboa aztertzen eta salatzen du ondoko lerroetan. Urriaren 24 eta 25ean desazkunde turistikoaren Euskal Herriko topaketak antolatuko ditu.

Antolaketa / Urbanismoa Mugimendu sozialak

 

2025-10-15
Ekarpenak

Azken urteotan, Donostiak turismoaren hazkunde handia bizi izan du, eta hori, zenbait alderditan eta pertsona batzuentzat onuragarria izan bada ere, herritarren gehiengoarentzat kalteak ekarri ditu eta eredua bere mugak erakusten hasi da. Kaleak bisitariz beteta daude, etxebizitzen prezioak gora egin du, auzoak aldatzen ari dira ... Nola iritsi gara honaino?

Donostiaren eta turismoaren arteko harremana ez da berria. 1813ko sarraskia eta erreketaren ostean, hiria berreraikitzea erabaki zuten agintari eta aberatsek turismoan eta zerbitzuetan oinarritutako eredu baten aldeko apustua egin zuten. Jada XIX. mendean, hiria bisitari ospetsuak erakartzen hasi zen. Isabel II.a Espainiako Erregina bera izan zen, itsas bainuen onurak baliatuz, Donostian uda pasatzea modan jarri zuena. Beranduago, Maria Cristina erregina izan zen 1887tik 1929ra Donostian udak igarota hiriaren bertuteak zabaltzeko bozgorailu gisa jokatu zuena, eta horrek aristokrazia eta burgesia erakartzea ekarri zuen.

Hurrengo hamarkadetan atrakzio ugari sortu ziren hirian: batetik azpiegiturak (hotelak eta abar); bigarrenik entretenimenduak (kasinoak, zezen plazak, jolas parkeak ... ); eta hirugarrenik festak (Aste Nagusia, Euskal Jaiak ... ). Hiria garai hartako aisialdi dotorearen ikur bihurtu zen.

XX. mendearen lehen herenean, batez ere Belle Époque-ren garaian, Donostia Europako (batez ere Espainia eta Frantziako) eliteen topagune bihurtu zen: aberatsak, intelektualak, artistak eta politikariak Kontxan zeha eta hiriko kafetegietan ibiltzen ziren.

Geroago, Gerra Zibilaren ondorengo frankismo aroan, turismoak beste norabide bat hartu zuen: herrikoiagoa, masiboagoa eta espainolagoa. Espainiako klase ertaina bidaiatzen hasi zen, eta Donostiak bere arma mantentzea lortu zuen, hondartza, kultura eta gastronomia onaren nahasketa eskainiz.

Frankismo ostetik XXI. mendeko bigarren hamarkadara arte, Euskal Herrian bizitako gatazka politiko eta armatuak Donostia nazioarteko turismo merkatuan estigmatizatu egin zuen, neurri batean. Dena den, beste garai batzuetako kopuruetara ez heldu arren, turismo jardueraren presentziak eta eraginak esanguratsua izaten jarraitu zuen hirian.

Gaur egungo egoera ulertzeko, 1990 eta 2000ko hamarkadetan jarri ziren zenbait oinarri; Odon Elorzaren alkatetza-epean (1991-2011) hiri-eredu zehatz baterantz norabidea ezarri zen udal-gobernu formula desberdinen bidez, hiriko ostalaritza,hiriko ostalaritza, merkataritza eta hedabideen eremuko botere-guneekin aliantza sendoak baliatuz.

Bartzelonak 1992ko Joko Olinpikoen palankarekin egindako eraldaketa prozesuak erreferentzia gisa jokatu zuen urte horietan Donostiarentzat. 90 eta 2000 hamarkadetan, Donostiaren erdigunea eta Parte Zaharra oinezkoentzat eta bizikleta erabiltzaileentzat erosoago izateko aldaketak egin ziren (peatonalizazioak, bidegorriak, Boulevardaren eraldaketa ... ), baina, aldi berean, autoak hirigunean sartzeko lurrazpiko 12 aparkaleku eraiki ziren. Groseko hondartza berria, Anoetako Estadioa, Kursaal Jauregia, Victoria Eugenia antzoki berritua eta Ilunbeko zezen plaza eraiki edo/eta inauguratu ziren aldi honetan; bertakoei eta bisitariei zuzendutako aisialdi eskaintzaren zutabe diren azpiegiturak. Hiri-erdiguneko bi merkatu tradizionalak (Bretxa eta San Martin) berrasmatu egin ziren bertako ekoizleak baztertuz eta zentralitatea kate multinazionalei emanez: ostalaritza, jantziak, aisialdia, teknologia ... Halaber, hiriaren kanpoaldeko merkatalgune handien aldeko apustua egin zen (Garberako eta Ilunbe).

Bere hiri-marka kultur eta kirol ekitaldien bidez posizionatzeko ahalegina nabarmena izan zen urte horietan Donostian. Zinemaldia, Jazzaldia, Donosti Cup eta Behobia-Donostia lasterketa, adibidez, turismo-erakarpenerako dispositibo papera jokatzen hasi ziren. Berdin hirian edizio bakarrean ospatutako Munduko Txirrindularitza Txapelketak (1997) edo Munduko Beteranoen Atletismo Txapelketak (2005) kasu.

Gastronomia euskal kulturaren elementu zentral bezala aurkezten eta ustiatzen da Donostiaren urteotako turismo estrategian. Pintxoen kultura eta Michelin izarreko jatetxeak dira estrategia horren elementu zentralak. San Sebastian Gastronomika kongresua (1998tik) eta Basque Culinary Center proiektuak (2011n plazaratua) paper garrantzitsua jokatu dute.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren hautagaitzak 2008an aurkeztu zenetik, 2016 urtean gauzatu zen arte, hiri-markaren eraikuntza eta proiekziorako markoa ezarri zuen. Proiektu kulturalaren ezaugarriez eta baloreez haratago (artea, parte hartzea, elkarbizitza ... ), hain esplizitu egin gabe, turismoaren hazkundeari begira jauzi bat emateko ahalegin jarraitua suposatu zuen: azpiegituren berritze eta handitzea, nazioarteko promozioa, harreman diplomazia eta bestelako bidetatik industria turistikoaren zerbitzurako estrategia oso bat garatu zen. Inguruko lurraldeetatik harago eragitea eta beste kontinenteetako turistek Europara bidaiatzean Donostia ibilbidean sar zezatela bilatzen zuen.

2017an eztanda egin zuen Donostian turistifikazioaren gaineko eztabaida sozial biziak, herritarrek hazkundearen azelerazio nabarmena hauteman zutenean. Azelerazio hori ulertzeko gakoak dira aurreko urteetan egindako nazioarteko sustapena, borroka armatuaren amaiera eta kolore politiko bereko erakundeen estrategia turistifikatzaile bateratuak. Beste lurraldeetako mobilizazioek eztabaida areagotu zuten. Erakundeak eta industria kritikak gutxiesten saiatu dira ordutik. Baina hiri-ereduaren gaineko gatazka zabalik dago: turismoaren onura absolutuen dogma hautsi da; antolakuntza herritarra martxan da; protesta, kritika eta erresistentzia mugimendua iraunkorra eta gero eta indartsuagoa da.

Azken urteotan Donostian gero eta ozenago entzuten ari gara bizilagunen ahotsa: turistifikazioa gure hiria itotzen ari da. Joan den ekainaren 15ean, ehunka donostiar atera ginen berriro kalera gure bizi-baldintzak eta bizimoduak defendatzera. Jendartearen eta auzoen beharrak mahai-gainean jartzeko nahiaren beste adierazpen bat izan zen.

Donostia bisitariekin negozio egiten duen makineriaren menpe dago. Sustapen turistikoak eta etxebizitzak euren bizileku funtziotik urruntzen dituzten espekulazioak edo ostatu-erabilerek garestia zena ordaindu ezinezko bihurtu dute; etxebizitza larrialdi soziala eragin dute eta donostiar ugariren bizi-proiektuak gogor kolpatu dituzte. Ehundaka gaztek eta bizilagunek Donostia utzi behar izan dute, eta horrek gure auzoetako ehun sozialean min handia egiten du. Turistifikazioaren ondorioak ez dagozkio ondorio ekonomikoei soilik: hiriko kaleak, gure harremanak, mugikortasuna eta kultura ere merkatuaren zerbitzura jartzen ditu, komunitatearen kohesioa eta dinamismoa elikatu beharrean.

Honen aurrean, erakunde publikoen erantzun bakarra hitz ederrez eta neurri sinboliko murritzez osatutakoa da. Orain turismo eredu "integratzailea, jasangarriagoa,onuragarriagoa, gobernantza kolaboratiboan oinarritua, adimentsua eta iraunkorra" omen dakarkigute. Gainezka egiten dute hitz iradokitzaile zehaztasun gabeek turismoari buruzko dokumentu ofizialetan. Baina auzia zera da: prest al daude turistifikazioarekin aberasten ari direnen negozioari mugak jartzeko, donostiarron hobe beharrez? Prest al daude desazkunde turistikoaren bidea hartu eta turismo jarduerak Donostiako hiri-ereduan duen gehiegizko pisua murrizteko neurriak ezartzeko?

Ez doa norabide horretan etxebizitza turistikoen kopurua bere horretan mantentzea; Loiu eta Hondarribiko hegaldien ugaritzea; turismoa sustatzeko azoka, kanpaina eta ordaindutako prentsa erreportajeak finantzatzea; komunitatearen premien gainetik turismoaren azpiegiturei lehentasuna ematea; Bruce Springsteen kontzertuetarako dirutza publikoa inbertitzea; edo 2030eko Munduko Futbol Txapelketa hirira ekartzea, adibidez.

Besteak beste, azken asteetan tasa edo zerga turistikoaren gaineko propaganda ekintza koordinatua pairatu dugu. Eztabaida urtetan luzatu da, ezarpenaren kontra dagoen industria turistikoaren mesedetan. Dena den, kontua da, zerga turistikoak ez duela turismoaren hazkundea zalantzan jartzen. Ziurtzat jotzen da turismoak gure eredu ekonomikoan duen pisuak hazten jarraituko duela, eta horrek eragiten dituen kalteei erantzuteko beharra betikotu egingo dela. Egoera eramangarriago egin nahi digute, edo protestarako arrazoiak konpentsatu, nolabait. Tranpa bat da. Turistifikazioaren kalteak egiturazkoak dira eta, beraz, egiturazko aldaketaren bidez soilik jar diezaiekegu amaiera. Desazkunde turistikoaren norabidea hartu bitartean, ez da emango gehiengoaren beharren araberako hiri-eredura aldaketa.

Hiri eredu aldaketak eskatzen du ohartzea komunitate-harremanak eta dinamismo soziala direla Donostiaren eta donostiarron ondare eta ondasun handiena. Horrek esan nahi du auzoetako bizilagunei eta oinarri sozialeko taldeei, lehenik, errespetuz tratatzea. Jendartearen aldeko edonolako jardueratan dabilenari hitza ematea, babesa eskaintzea eta baliabideak bermatzea. Desazkunde turistikoak hiria donostiarron zerbitzura jar dezake berriro, bizilagunon arteko loturak sendotuz eta itxurakeria komertzialetatik harago, bere benetako nortasuna indartuz. Hiriko eta auzoetako bizitza erraztu eta bultzatu behar dugu, behetik gora. Kaleak eta plazak kontsumorako soilik ez; ibiltzeko, jolasteko, atseden hartzeko eta elkar ezagutzeko gune bihurtzea da helburua. Eta hau ez da sinbolikoa soilik; egiturazko aldaketa da, eta behar-beharrezkoa .

Donostiako borroka hau ez da bakarra: Europa Hegoaldeko hiri askotan ere badabil antzeko erreakzioa eta norabide aldaketarako grina. Aspaldi turismoa pagotxatzat jotzen zen hainbat lekutan mugara iritsi gara. Eta galdera garbia da: zer nahi dugu gure hirientzat? Inbertsiogileen irabazietarako eta kontsumo masiborako moldatutako resorta izan nahi dugu? Ala zaintzan, ekonomia orekatuan, kulturan eta komunitate-Ioturetan oinarritutako ekosistema soziala? Gure aldetik, erantzuna ere garbia da: desazkunde turistikoa orain! Eutsi diezaiogun aldarrikapenari; antolatu gaitezen bizilagunekin; eraiki ditzagun alternatibak.

 

BIZILAGUNEKIN PLATAFORMA
2025eko Uda

 

Hurrengo gertakariak

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioa / Mobilisation contre la violence machiste
Apirila
15
Avril
Baiona(Bayonne)
Salah Hammouri Elkar liburu dendan / Salah Hammouri à la librairie Elkar
Apirila
16
Avril
Baiona(Bayonne)
Yadan legearen aurkako elkarretaratzea / Rassemblement contre la loi Yadan
Apirila
16
Avril
Baiona(Bayonne)
Eusko Eguna Ezpeletan / Journée de l'eusko à Espelette
Apirila
18
Avril
Ezpeleta(Espelette)
Palestindar populuaren aurkako gerla salatzeko elkarretaratzeak / Rassemblements contre la guerre co...
Apirila
18, 25
Avril
Gertakari guziak ikusi

Gaiak

  • Gaiak / Thèmes
Filters changed, please click to submit when done

Logo Diaspora*. Logo PeerTube. Logo Facebook.

  • Konexione

Back to Top

© 2026 Ezkermila