Nazioa auzia, abertzaletasuna eta kolonialitatea Euskal Herrian. II.Atala (eta 2)

"Kolonialitatea. Mundu mailako dimentsiotik Euskal Herriko errealitatera: herri kolonizatua gara ala polo kolonizatzaile? Udaberrian argitaratu genuen sarrera testuan adierazi bezala, ezinbestekoa da kolonialitateari buruz irakurketa argi bat izatea nazio-auziaren analisiari behar den bezala heltzeko." Kimua kolektiboaren gogoetaren segida bi partetan. Kimua.eus.
{up readmore=Résumé en français | textless=Fermer le résumé | class=up-readmore resume-eus} Colonialité. De la dimension mondiale à la réalité du Pays Basque : sommes-nous un peuple colonisé ou un pôle colonisateur ? Comme nous l'avons indiqué dans le texte d'introduction que nous avons publié au printemps, il est indispensable d'avoir une lecture claire de la colonialité pour aborder correctement l'analyse de la question nationale. La suite de la réflexion du collectif Kimua en deux parties. {/up readmore}
2. Mundu mailako fenomenotik Euskal Herrira: herri kolonizatu ala polo kolonizatzaile?
Orain arteko guztia esanda, kolonialitateak Euskal Herrian duen isla zehatza aztertzea dagokigu. Eta horretarako, sarrera testuan aurkeztu genuen galderatako bati helduko diogu: Euskal Herria kolonizatuta dagoen herria al da? Kolonia bezala ezaugarritu dezakegu? Edo alderantziz, erdigune inperialistaren parte izanik, “euskal kolonialitateaz” hitz egin dezakegu? Lehenengo eta behin, azpimarratu behar dugu Euskal Herria izaera inperialista garbia izan duten eta egun oraindik badaukaten nazio-estatu biren artean banatuta dagoela: espainiar eta frantziar estatuak. Eta horrek, hasiera-hasieratik izaera kontraesankorra duten joerak ekartzen ditu gurera. Alde batetik, erdigune inperialista, zuri eta europarrean kokatutako eremu bezala ulertu behar dugu, horrek izango dituen inplikazioekin, mundu mailako banaketa kolonialarekiko. Bai arrazialki, ekonomikoki, kulturalki eta oro har, zibilizatorioki: Europatik zuzenduta, mundu mailan modernitate kapitalista inposatzeko aurrera eraman den kolonizazioaren protagonista bezala. Bestetik, ordea, bi potentzia inperialisten artean zatitua dago, horrek dituen inplikazioekin. Estatu propio bat ez izateaz harago, modernitate kapitalistaren barne inposaketarako prozesu guztia, gurean, espainiar eta frantziar estatu egituren bitartez gauzatu da, errealitate nazional horien proiektu modernizatzaileen barruan. Modu horretara, Hego Euskal Herria modernitate kapitalistan bide espainolaren bitartez integratzera behartua izan da; Ipar Euskal Herria, aldiz, bide frantsesaren bitartez.
Bide horietako bakoitzak bere berezitasunak izan ditu, baina oro har, espainiar eta frantziar nazio-estatu modernoen eraikuntza prozesuek barne homogeneizazioan eta zentralizazioan oinarritutako inposaketa prozesuak izan dira. Dela maila politikoan, administratiboan, kulturalean, linguistikoan, ekonomikoan edo fiskalean, nazio-estatu horien barruan existitu izan diren ezberdintasun historikoak ezabatzeko joera konstantea egon izan da. Horrek guztiak biolentzia forma eta erreakzio ugari piztu izan ditu. Hego Euskal Herrian XVII. mendetik aurrera orokortu ziren matxinadetatik hasi, eta karlistadetara arte, modernitate kapitalistaren inposaketaren gailur bezala uler dezakeguna. XX. mendean 1936ko estatu kolpearen osteko Guda Zibilak eta diktadura frankistak homogeneizazio eta zentralizazio prozesu horretan sakondu baino ez zuen egin. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Matalazek gidatutako matxinada ahaztu gabe, Frantziar Iraultzak eta bere ondotik emandako garai nahasi eta gatazkatsuek (Lapurdiko Izua, Konbentzio Gerra...) eragin zituzten eraldaketa sakonenak. Hegoalden karlistaden amaierarekin izan bazen euskal lurraldeek Erregimen Zaharrean zuten estatusaren galera (Foruak barne) eta nazio-estatu modernoen egitura berrietan asimilatzea, Iparralden Frantziar Iraultzaren ondotik gertatu zen. Horren ondoren, XX. mendeko I. eta II. Mundu Gerrek Frantziaren kohesio nazionala nabarmen indartu zuten, euskal nortasun eta kontzientzia nazionala ia deuseztatuz.
Hortaz, kolonialitateak Euskal Herrian duen isla aztertzerako orduan bi joera kontraesankor horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da: alde batetik, erdigune inperialistaren parte izan dela, eta bestetik, erdigune horretan, barne homogeneizazio eta zentralizazio prozesuetan ezabatua izateko biolentziapean biziraun duela gaur egunera arte.
2.1. Kolonialitate ekonomikoa Euskal Herrian
Kontraesan horiek inon baino argiago ekonomian agertzen zaizkigu. Izan ere, kultural-linguistikoki eta politiko-administratiboki espainiar eta frantziar estatuekiko erabat subordinatua dagoen arren, ikuspuntu ekonomikoari dagokionez, Euskal Herriko eremu gehienetan agerikoa da ez dagoela presente kolonia bati dagokion azpigarapen eta pobrezia ekonomikoa. Hala ere, Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean ezberdintasun nabariak daude eta horregatik modu bereizian aztertuko ditugu. Hego Euskal Herriari dagokionez, espainiar estatuaren garapen mailarekin alderatuz, industrializazio maila eta aurrerapen teknologiko handia dago. Batez ere metalgintzan, Hegoaldeko zenbait lurralde punta-puntako ekoizle izan dira eta garapen industrial handia bizi izan dute historikoki. Gaur egun, Hego Euskal Herria eremu industrializatua da, bitarteko produktiboen barne garapenaren eskutik burgesia produktibo propio baten agerpen sendoa izan duena. Egia da burgesia horren zati handi bat Madrilen esanetara egon izan dela tendentzialki, baina gure ehun produktiboak sortutako aberastasun eta gainbalioa ez da sistematikoki Madrilera transferitua izan (ikus Kontzertu Ekonomikoa). Jendarte kapitalista batean egiturazkoak diren klase banaketa eta pobrezia izanik ere, espainiar estatuarekin konparatuz, aberastasun eta “ongizate” maila altua duen lurraldea da. Hortaz, ikuspuntu ekonomikoaren aldetik, Hego Euskal Herriak erdigune inperialistari dagokion egitura garbia du. Ez da kolonia bat.
Are gehiago, euskal jatorria duten enpresa horietako asko, gure lurretan jarduteaz gain, periferia kolonialean ere errotu dira, bertako baliabide eta lan-indar merkea aprobetxatu eta esplotatuz. Hau da, izaera koloniala duten enpresak dira. Hortaz, Euskal Herriaren izaera kolonialaz hitz egin genezake? Kasu batzuetan, goi burgesiari lotutako enpresak izanik eta espainiar estatuarekiko duten lotura politiko-ekonomiko estua ikusita (Iberdrola, BBVA...), geure buruari galdetu beharko genioke ez ote liratekeen enpresa espainol bezala kontsideratu beharko, eta ez “euskal” enpresa bezala. Hau da, hego euskal lurraldeetan agertzen den adierazpen inperialistak izaera espainola izango luke, eta hortaz, ezingo genuke hitz egin “euskal kolonialitateaz”. Eztabaidagai interesgarria da honakoa.
Berez, euskal oligarkiaren zati batek espainiar inperialismoarekiko duen atxikimendua aspalditik dator. Modernitate kapitalistaren hastapenetara joz, Abya Yalaren konkista eta espainiar inperioaren hedapen fasearen garaitik, euskal lurraldeetako oligarkiak (Bizkaia eta Gipuzkoakoak batez ere) bat egin zuen egitasmo inperialista espainiarrarekin. Itsasoz bestaldeko eginkizun kolonizatzailearen adar ezberdinetan modu zuzenean parte hartu zuten euskaldun askok: kanpaina militarretan buruzagi eta soldadu bezala; lurralde berrietan gobernadore eta kolono bezala; apaiz eta ebanjelizatzaile bezala; enpresari bezala... Hala ere, interesgarriena jardun kolonizatzaile horrek euskal lurretan izandako eragina da. Espainiar inperioaren hedapenarekin euskal lurraldeek, batez ere kantauri isurialdeak, garrantzi estrategiko handia irabazi zuten: itsas-portuak, ontzigintza eta sagardogintza (itsas espedizioetan ezinbestekoa), burdingintza (bereziki armagintzara bideratua) eta burdingintzari lotutako bestelako jarduerak (basogintza, ikatza, meatzaritza...). Hartara, Abya Yalaren arpilatzeak gurean komertzioaren gorakada, ehun produktiboaren garapena eta aberastasunaren metaketa handia eragin zuen, batik bat hiriguneetan haziz zihoan lehenengo euskal burgesiarengan. Erdigune inperialistari dagokion dinamika, beraz. Egia da ezin dugula ahaztu Hego Euskal Herriko lurraldeak espainiar koroaren kontrolpean geratu zirela mendeetan zehar, nafar erreinua militarki konkistatu eta desintegratu ondoren. Hau da, kolonizazio militarraren ondorioz. Baina konkista horren ondorengo dinamika, ikuspuntu ekonomikoari dagokionez behintzat, ez zen periferia kolonialari zegokion azpigarapen eta egiturazko pobretzea izan, baizik eta erdigune inperialistari zegokiona.
Gauzak horrela, kontua da aurreko guztia espainiar estatuaren parte bezala posible egin zen jardun kolonizatzailea izan zela. Kolonialismo espainiarra azken finean. Baina badago mediazio hori gabe existitu izan den euskal kolonialismorik? Gure ustez bai, eta adibide argi bi jarriko ditugu, bata modernitate kapitalistaren hastapen horietakoa, eta bestea gaur egunekoa.
Lehenengoa balea arrantzaleena da. Oso deigarria da euskal nazionalismoak gaur egun egiten duen balea arrantzale horien goraipamen, erromantizazio eta idealizazioa: garai bateko euskal arrantzaleen “balentria eta adorea” azpimarratzen da, mundu eta itsaso “ezezagunetan” barrena abentura bila joan zirenen apologia eginez. Berez, hainbeste kritikatzen dugun Espainia edo Frantziaren izaera inperialista zuritzen duen propagandaren berdin-berdina da. Izan ere, Ternuara zihoazen balea arrantzaleen fenomeno hura modernitate kapitalistaren hedapen kolonialaren adibide ezin argiagoa da: gaitasun teknologiko aurreratu baten bidez lurralde baten baliabideak ustiatu eta erauzitako irabaziak erdigune metropolitarrean metatu.
Horrela, erdigune inperialistan egoteak eskaintzen zien abantaila konpetitiboa baliatuz, horrelakorik ezagutzen ez zuten lurraldeetara heltzeko gai ziren. Bertan, baliabide natural jakin bat xahutu arte ustiatu (kasu honetan, baleak), ontziak balea koipez bete eta etxerako bidea hartzen zuten. Kontuan hartu behar dugu balea-koipez betetako kupel bakoitzak egungo ekibalentzian 5.000€ko balioa zuela, eta bazeudela galeoiak etxera bueltan 3.000 kupeletik gora ekartzen zituztenak. Balea arrantzak goia jo zuen garaietan (XV-XVI. mendeak), balea arrantzatzeko denboraldietan, Ternuako portuetan 9.000 langiletik gora aritzen ziren koipea prestatzen eta kupeleratzen. Antza, Ipar Amerikako lehenengo industria estraktibista kapitalista izan zen. Euskal kolonialismo hura ez zen espainiar kolonialismoaren parte, hura askoz ere hegoalderago zentratua baitzegoen (egungo Mexiko, Karibe eta Hego Amerikan). Eta espainiar koroaren aldetik zegoen fiskalizazio eta kontrol maila oso txikia zen. Nolabait, euskal kapitalismo hasiberri hark bere gaitasun propioekin erdietsitako fenomeno koloniala izan zen. Horren adierazle argia zen enpresa horietan bai hegoalde zein iparraldeko euskaldunek parte hartu zutela. Horrez gain, espainiarra edo frantziarra ez bezala, ez zen lurraldearen konkista militarrean oinarritutako kolonialismoa izan. Ez zen euskal kolonia formalik eratu eta bortizkeria kolonialak, batik bat, forma ekonomikoa hartu izan zuen. Zentzu horretan, egungo neokolonialismo ekonomikoaren antza gehiago hartu zuen, bere ondorio kultural eta ekologikoekin.
Kolonialitate ekonomiko berriaren haritik, euskal izaera kolonialaren bigarren adibidera jo dezakegu. Euskal kooperatibismo multinazionalarena. XX. mende erdialdetik aurrera Hego Euskal Herrian arrakasta handiko enpresa kooperatiboez osatutako ehun produktibo industriala garatuz joan zen. Hasiera batean izan zuten egitasmo eraldatzailetik gero eta urrunago, gaur egun enpresa multinazional bezala jarduten dute. Aurreko adibidean bezala, erdigune inperialistan egoteak eskaintzen dien abantaila teknologiko eta konpetitibo hori probestuz, periferia kolonialean hedatu dira. Horrela, logika kolonial horren eskutik, eremu horien azpigarapen eta pobreziaren ondorioz, baliabide naturalez eta lan-indar merkeaz aprobetxatu daitezke. Hori da euskal enpresa “internazionalizatu” horien irabazien iturri nagusia. Kasu hauetan, gure lurretan jatorria duten beste multinazional batzuekin ez bezala, ez daukate espainiar proiektu instituzional-politikoarekiko horren lotura esturik. Ez dago espainolismoarekiko atxikimendu korporatiborik, eta balea arrantzaleekin bezala, mundu mailako merkatuan lortu duten posizioa gaitasun euskaldun-kapitalista propioaren ondorioz jazo da. Espainiar estatutik kanpo ere, antzerako arrakasta lortuko lukete. Horrez gain, euskal kooperatiba multinazional handi hauetatik harago, badaude Euskal Herrian gero eta enpresa txiki eta ertain gehiago “internazionalizaziorako” bidea hartzen dabiltzanak. Hau guztia zinez euskalduna den polo kolonial bat osatuz doa, bere adierazpen politiko-instituzionala eta guzti, EAJ-PNVren eskutik. Ikustea besterik ez dago 2022an Juan Sebastian Elcanoren omenaldietan egin den lanketa ideologikoa: espainiar inperialismo basatiarekin ez bezala, “gure” Elcano “ekintzaile” bezala mozorrotu dute, munduan zehar eginiko harreman komertzialen bitartez aberats bihurtu zen enpresaria.
Euskal polo kolonialaren existentzia erakusten diguten adibide hauen bien azterketak honako galderara garamatza: posible da nazio-estaturik gabeko kolonialitatea? Hobeto esanda: posible da nazio-estatuaren figuratik harago doan logika kolonial baten existentzia? Gure ustetan, horrelako zeozer posible izateaz gain, horixe da egun kolonialitatearen fenomenoak hartzen duen formaren ezaugarri nagusietako bat. Izan ere, hasierako atalean azaldu dugun bezala, periferia kolonialeko herrialdeek independentzia formala eskuratu ondoren, dependentziazko eta azpigarapenezko harreman kolonialetan harrapatuak jarraitu izan badute, justuki kolonialitateak figura formal horietatik haratago jarduteko duen gaitasunagatik da. Hortaz, posible baldin bada formalki estatus juridiko independentea duen nazio bat, kapitalaren logikaren arabera, dependentzia eta azpigarapenezko posizio batean egotea, posible izango da baita ere, estatus juridiko independente hori ez duen nazio batek, kapital metaketa nahikoa badu, posizio kolonial batetik jardutea. Egia da posizio kolonial hori osoki garatu eta batez ere defendatu ahal izateko, egun Estatu egiturei esleitzen zaizkien funtzio eta gaitasunak beharko dituela. Batez ere interbentzio militarrerako gaitasunari dagokiona, mundu mailako geopolitikan posizio inperialista hori mantentzea ziurtatzen diona. Plano militar horretan, baina hein handi batean plano politiko eta kulturalean ere, arrotzak zaizkion estatu egiturekiko dependentzian jarraituko du, eta bere jardun koloniala plano ekonomikoan soilik izango da posible. Edozein modutara ere, honek guztiak kolonialitatearen izaera konplexu eta kontraesankorra mahai gainean jartzen digu. Alegia, lurralde bat errealitate nazional-kultural bezala zapaldua ager daiteke, baina ekonomikoki polo kolonial bezala jardun dezake. Hego Euskal Herria horren adibide argia da.
Amaitzeko, Ipar Euskal Herriaren analisia egitea dagokigu. Hego Euskal Herria ez bezala, Ipar Euskal Herria Frantziar estatuko eremu erabat periferiko eta deprimituan kokatuta dago eta hortaz, baditu azpigarapenari lotutako zenbait ezaugarri. Industriarik gabeko ehun produktiboarekin, nekazaritzan eta turismoan oinarritutako ekonomiak erabateko dependentziazko harremanean jartzen du Paris-metropoliarekiko. Horren adierazle garbia da etengabe alde egitera kondenatuta dagoen gazteria, erdigune ekonomiko bezala funtzionatzen duten eremu metropolitar horietarantz. Izaera periferiko eta nolabait kolonial horren adibide argia Ipar Euskal Herriak XX. mendean bizi izan zuen gertakari traumatikoenetako batean antzeman dezakegu: I. Mundu Gerran. Gerra hartan, Ipar Euskal Herriko euskaldun gazteak, nekazal eremu pobreetatik etorriak eta frantsesik jakin gabe, lehen lerroan jartzen zituzten, hildako proportzio ikaragarri handia eraginez. Euskaldun horien artean 6.000tik gora hil ziren (zaurituak kontatu gabe). Garaiko populazioa kontuan hartuta, herri askotan belaunaldi oso bat desagertu zen. Horrez gain, gerra hark ideologikoki eta sinbolikoki eragin handia izan zuen. Ordura arte kontzientzia nazional frantsesarekiko atxikimendu eza orokortua zen Ipar Euskal Herrian. Ondoren, ordea, populazioaren gehiengoak bat egin zuen hiritargo frantsesaren idealarekin, euskal izaera baztertuz eta folklorizatuz. Beraz, Ipar Euskal Herriak baditu izaera kolonialari dagozkion zenbait ezaugarri. Aldi berean, baina, Iparraldek duen lurralde eta populazio kopuruari erreparatuta, eta Euskal Herria bere osotasunean hartzen badugu, gure ustetan behintzat, ondorioztatu beharko genuke Euskal Herria ez dela kolonia bat. Ez behintzat ikuspuntu ekonomikotik.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko kasuarekin, erdigune inperialistaren barnera ere logika kolonialak operatzen duela ikus dezakegu. Eta Europa barnean ez da adibide bakarra. Espainiar estatuan ere ikus daiteke, baina kasu honetan Euskal Herritik kanpo. Gaur egun mundu mailako zentro eta periferia inperialistarekin gertatzen den bezala, barne kolonialitate hori migrazio olatuen bitartez adierazi izan da historikoki. Eta horretan argi eta garbi ikus dezakegu Euskal Herriko eremu asko eta askok ez dutela kolonia baten portaera izan, migrazio iturri baino, migrazio helmuga izan direlako, gutxienez azken 150 urteetan. Eta nondik etorri izan dira olatu migratorio horiek? Bada, Hego Euskal Herriaren kasuan, espainiar barne kolonialitateak azpigaratuta eta pobretuta mantendu izan dituen eremuetatik. Kasu paradigmatikoena Extremadurakoa da. Historikoki pobrezia handiko nekazal eremua izan da, industria garapenik gabe eta espainiar iruditegian kulturalki debaluatua (gazteleraz ondo hitz egiten ez dutenak, paletoak, kulturalki atzeratuak...). XX. mendean zehar urtegiz bete zuten lurraldea, eta urtegien ondoan zentral nuklear eta hidraulikoak eraiki, bertako populazioa tokialdatuz. Horrek ez zuen bertan inolako aberastasunik utzi, lurralde horren funtzio ekonomikoa Extremaduratik kanpo zeuden gune metropolitarrentzako lehengai merkeak (energia eta ura) eta lan-indar debaluatua eskaintzea baitzen. Logika kolonialaren bizkarrezurra. Horrela, milaka eta milaka extremeño industria guneetara migratzera behartu zituzten. Asko, Hego Euskal Herrira.
2.2. Arrazakeria eta zapalkuntza kulturala Euskal Herriko testuinguruan
Migrazio olatuen fenomeno honek kolonialitateak Euskal Herrian hartzen dituen bestelako adierazpenak aztertzera garamatza. Aurretik egin ditugun galderekin bezala, honakoak ere ez du erantzun errazik. Arrazakeriaren kasuan, esaterako, garai eta testuinguruaren arabera, norabide ezberdinetan adierazi da.
Hasteko, argi dago arrazakeriak gure lurretan historikoki hartu izan duen espresio landuenetakoa euskal nazionalismoaren eskutik etorri dela. Sabino Aranak XIX. mende amaieran arrakastatsua izan zen lehenengo euskal nazionalismoaren oinarri ideologikoak ezarri zituenean, euskal nazio eta aberria arraza purutasun eta garbitasunarekin lotu zituen. Horrela, modernitate kapitalistak eraikitako banaketa arrazialean, euskaldunak alde “zuri eta zibilizatuan” kokatu zituen. Banaketa arrazial hori espainiarrekiko eraiki zuen, azken hauek inzibilizatu, arraza nahastu, afrikar eta nagi bezala karakterizatuz. Garai hartako lehen industrializazioaren ondotik, kontraesan ugari azaleratu ziren, besteak beste, espainiar estatutik etorritako migrazio olatuarekin. Batez ere Andaluzia eta Extremaduratik zetozen migranteak arrazializatuz eta debaluatuz eraiki zen lehenengo euskal nazionalismo hura. Alegia, oraindik ere ezagunak zaizkigun “maketo”, “makako”, “belarrimotz” eta antzerako kategoria arrazistekin izendatu zituzten pobreziatik ihesi zetozen desjabetuak. Urteek aurrera egin ahala, pentsamendu nazionalistaren erro arrazista eta supremazista gaindituz joan zen, modu ezberdinetan eboluzionatuz: liberalak, demokristauak, sozialista iraultzaileak... Edozein modutara ere, euskal jendarteak, intentsitate maila ezberdinetan, baina izaera arrazista mantentzen du. Hori bai, arrazismo horrek zentzu globalagoa hartu du, euskaldun-espainiar dikotomiaz haragokoa. Gaur egun, mundu mailako periferia kolonialetik datorkigun migrazio olatu berriaren aurrean eraikitzen den arrazakeria da nagusi Euskal Herrian. Ijitoen aurkakoa ahaztu gabe, noski.
Aurreko guztia esanda, ezin dugu ahaztu frantziar eta espainiar estatuek euskal kultura eta hizkuntzaren aurka zapalkuntza eta ezabatze politika inposatu dutela mendeetan zehar. Goian aipatu dugun bezala, espainiar eta frantziar nazio-estatu modernoen eraikuntzan zehar konstante bat izan dira barne homogeneizazioa eta zentralizazioa ziurtatuko zuten biolentzia adierazpen ezberdinak. Erro kultural frantses edo espainiarra konpartitzen zuten lurraldeetan modernitate kapitalistaren inposaketa hori paleto/hiritar tentsioaren bitartez gauzatu izan da. Erro hori konpartitzen ez zuten eremuetan, aldiz, (Euskal Herria kasu) aurreko tentsio horri, korpus kultural osoen ezabaketa saiakera gehitu izan zaio. Horren adierazle, euskararen hedapenak sufritu duen atzerakada, espainiar eta frantziar nazio-estatu modernoen eraikuntzak aurrera egin ahala. Nolabait, euskal nazionalismoaren garapena, zapalkuntza historiko hori, modernitate kapitalistaren inposaketak eragindako bestelako kontraesanekin (industrializazioa eta jendartearen proletarizazioa) bat eginez sortu zituen baldintzen emaitza da. Horrela, euskal nazionalismoak izaera arrazista izan badu ere, zapaldutako nazio bati dagokion nazionalismoa izan da. Eta hori garrantzi handiko ezarpena da, izan ere, Frantzia eta Espainiaren kasuetan ez bezala, ez ditu inoiz erabili Estatu baten aparatu judizial, polizial, militar, politiko, ekonomiko eta kulturalak espainiar eta frantsesekiko jazarpen arrazista hori gauzatzeko.
Bestalde, espainiar eta frantziar zapalkuntza kultural eta politikoaren justifikazio ideologikoa, kasu honetan, ez da zuri Vs ez zuri dikotomiaren bitartez gertatu. Hortaz, jazarpen horrek izaera arrazistarik ez zuela ondoriozta dezakegu? Hasierako atalean azaldu dugun bezala, banaketa arrazistak bere erroan pentsamendu kolonialaren moral zibilizatorio/modernizatzailea darama. Horrela, gure kasuan erro hori erabat erreproduzitzen zuen paleto/aldeano/atzeratu Vs hiritar/moderno/aurreratu banaketan oinarritu zen, euskara eta euskal kulturaren aurkako zapalkuntza historikoan. Izan ere, ez dugu ahaztu behar XX. mendera arte, euskara eta euskal kultura nekazal eremuetako klase desjabetuen artean zegoela presente ia esklusiboki. Euskara presente zegoen eremuetan herri xumearen eta herri kultura aurremodernoaren hizkuntza zen. Egia da hiri eremu batzuetako klase altu eta komertzianteak ere euskal hiztunak zirela, baina ilustrazioak eta alfabetizatze tasa altuagoak (erderetan ematen zirenak) eta baita espainiar eta frantziar oligarkiekiko loturek ere errazago erdalduntzen zituzten. Hortaz, gurean proiektu modernizatzaile eta liberalizatzaileak baserritar jendarte hori mendean hartzea izan zuen helburu nagusi. Modernitate kapitalistaren inposaketarako oztopo nagusia euskaraz mintzatzen zen. Horregatik, euskal lurraldeetan, modernitate kapitalistaren inposaketak nazio zapalkuntzaren forma hartu zuen, euskaraz mintzatzen zen herriaren aurka gauzatu zen prozesu gisa. Zentzu horretan, mende askotan zehar euskara eta euskal kultura baserritarraren aurkako zapalkuntzak klase izaera izan zuen, talde sozial oso baten aurka burutzen zena: baserritar jendarte aurremodernoko klase desjabetuen aurka, hain zuzen ere. Hala, baldintza horietan, paleto/hiritar moral zibilizatorioaren arabera eraikitzen zen zapalkuntza kolonial-arrazista bezala ezaugarritu dezakegu. Era berean, honi guztiari gehitu behar zaio XX. mende amaierarako euskarak estatus berri bat eskuratzen duela, baserritar jendarte aurremodernoaren mugak gaindituz, eta instituzionalizazio eta modernizazio prozesuan aurrera eginez. Hartara, euskararen aurkako zapalkuntzaren klase izaera eta zentzu zibilizatorioa, hein handi batean, diluitu egin da.
Honenbestez, eta gaurko analisiari amaiera emanez, esan dezakegu kolonialitateak ezartzen duen botere patroian Euskal Herriak hartzen duen lekua anbibalentea dela: ez du erabateko botere-zentralitate posizioa hartzen, baina ezta erabateko subordinazioa ere. Alde batetik, botere patroi horrek mundu mailan ezartzen duen banaketa arrazial, kultural (europar bezala) eta ekonomikoari dagokionez, erdigune zuri-inperialistaren parte da. Aldi berean, baina, erdigune inperialistaren barnera eman izan den nazio eraikuntzetan entitate azpiratu gisa egon izan da beti. Nazio eraikuntza inperialista horretan leku propiorik topatu ez izanak erdigune inperialista horretatik jarduteko duen gaitasuna baldintzatu du, eta zapalkuntza kultural eta politikoa jasatera kondenatu. Modernitatean izan duen inkorporazioa, hortaz, ekonomikoki garapen maila altua izan duen (Ipar Euskal Herria salbu), baina kulturalki eta politikoki zapaldua eta kolonizatua izan den nazio bezala izan da. Baldintza kontraesankor horietatik eratortzen diren ondorioak ezberdinak dira. Besteak beste, garapen kapitalistari berezkoak zaizkion klase kontraesanak, nazio zapalkuntzarekin konbinatuz gertatu dira euskal lurretan, eta horrek klase borrokaren garapenerako baldintza bereziak sortu izan ditu. Nazionalismoaren garapenari eskainiko diogun hurrengo testuan sakonduko dugu guzti honetan.