OSTIA sarearekin elkarrizketa
Azken 35 urteetan, urtero, Lapurdi, Baxe Nafarroa edo Xiberoan, bataz bestean, laborantzak 290 (1) hektarea lur galtzen ditu betiko ! Frangotan, duen hazkurri funtziotik desbideratu da lurra eta espekulazio salmentak biderkatzen dira. Halaber, etxebizitza denentzako oinarrizko behar izaitetik bestelako interesen zerbitzuko erabilia da : finantza inbestizamendua, bigarren egoitza, turismo produktua, promotoreen etekin gosea asetzeko... Problematika horietan esku hartzen duen OSTIA sareko kide batzuekin elkarrizketa proposatzen dizuegu.
{up readmore=Résumé en français | textless=Fermer le résumé | class=up-readmore resume-eus}Voir la version traduite dans l'interface en français.{/up readmore}
1- 10 050 ha desagertu dira 1985 eta 2020 bitartean (artificialisation pour fonctions urbaines habitat zone éco infrastructures) erran nahi baita 290 ha urtero bana beste . Ainitz artifizializu da...bainan ber denbora bizitegien arazoa ez da konpondu...
2- OSTIA : Okupazio sare tematsua iribazi arte
3- ELB, Euskal Laborarien Batasuna, Iparraldeko laborarien sindikata, Confedaration paysanneko partaidea.
4- Laborarien instalazioa laguntzen duen organismoa, lurrak erosiz eta haiei alokatuz.
5- Berruetako Okupazioaren Sustengu Taldea.
6- Baigorri, Aiziritze, Izturitze, Aiherra, Ahatsa, Lakarri, Ainhoa, Senpere, Sara, Irisarri, Uztaritze, Donoztiri...
7- 45 etxe (30 T4 et 15 T5) Bouygues Immobilier-ek saldurik eta 9 etxe eta 40 apartamendu Office 64k saldurik.
8- CADE : Collectif des Associations de Défense de l'Environnement du Pays-Basque et du sud des Landes. https://www.cade-environnement.org/
9- 52 hektareko etxalde baten salmenta espekulatiboa. ELB, Lurzaindia, senpertar kolektiboa eta OSTIA sareak okupazioa abiatu dute 2023ko ekainaren 27an.
10- Se loger au Pays/Herrian bizi plataforma 2021eko udazkenean osatu zen eta 30 mugimendu, sindikata eta alderdi biltzen ditu, etxebizitzaren krisiari buru egiteko mobilizazioak antolatuz. http://herrianbizi.com/
Zer da OSTIA sarea eta nola sortu da ?
OSTIA sarea (2) 2021eko Arbonako Berruetako okupazioan eta orduan antolatu zen BOST kolektiboan egindako gogoeten fruitua da. 2021eko ekainaren 23an ELB (3) eta Lurzaindia (4) lurren okupatzen hasi ziren lur salmenta espekulatiboa salatu eta haren hazkurri emaile funtzioa defenditzeko. Uztailaren erdian BOST kolektiboa (5) sortu zen hurbildu ziren herritarrak antolatzeko eta laborariak laguntzeko. Agorrila hondarrean, okupazioaren zama partekatzeko « Herri 1 = Egun 1 » dinamika abiatu zen eta bi hilabete iraun zuen, jendearen parte hartzea zabalduz. Irailaren 9an salmenta hautsia zela iragarri zuten ELB eta Lurzaindiak eta okupazioa urriaren 24ean gelditzea deliberatu (Lurrama festa bertan ospatu ondoren).
Bataila bat irabazi bai, bainan arazoa berdin segitzen duenez, BOST kolektiboan bildutako esperientzia eta harremanei nolako segida eman gogoetatu zen. Lurrama egunean proposamen publiko bat egin zuen, lurraren kontrako proiektu espekulatzaileak gelditzeko, ekintza zuzenaren bidez, interesatuak ziren guztiei hitzordua emanez, azaroaren 3an.
Egun hartan leku desberdinetako 60 lagun bildu ziren eta deliberatu zuten sare bat sortzea, indar militanteak eta baliabide materialak mutualizatzeko. Denek partekatzen zuten ekintzak egiteko gogoa eta energia horretan emaiteko prest ziren, bilkura eta eztabaidetan denbora sobera pasatu gabe.
Geroztik OSTIAko izaera hobeki definitzeko beharra agertu da et 2023ko urtarrilean xarta batean honela idatzia izan da : “OSTIA, Ipar Euskal Herrian antolaturiko sare bat da, laborantza lurraren defentsaren alde, lurren artifizializazioaren aurka eta lur eta etxe espekulazioaren aurka borrokatzeko xedea duena.”
Nortzuk dira beraz OSTIAko kideak eta nola ibiltzen da ?
Pertsonak edo kolektiboak, xartan idatzia den bezala : “...honen printzipioak partekatzen dituzten pertsona guztiak haien izenean edo xede bera eta xarta honen printzipioak partekatzen dituzten tokiko kolektiboak.”
Funtzionamenduari begira, OSTIA kanpoko inongo interbentziotik aparte, auto-antolatua da eta erabakiak kide edota ekintzetan parte hartzen dutenen arteko biltzarretan hartzen dira. Gisa berean autonomoa da baina borroka alor honetan ari diren beste egituren jarduera aintzat hartzen du. Jokamolderi doakionez ekintza zuzenari lehentasuna eman nahi dio OSTIAk, okupazio eta blokatzeak adibidez, espekulazio edo artifizializazio egitasmoak gelditzeko, horretarako hauek bideratzen edo ahalbidetzen dituzten eragileak ziblatuz eta presionatuz.
Osatu denetik zer egin du OSTIA sareak beraz ?
2022tik salmenta espekulatiboak edo lur artifizializazioa salatzeko ekimenak biderkatu dira tokiko herritarren partetik (6). Informazioa zabaldu eta tokiko mobilizazioak lagundu ditugu. Lurzaindiak bere aldetik antolaturiko ekintzetan ere parte hartu dugu, notarioen jukutriak salatzeko, Pariseko erosle dirudun bat presionatzeko bidaian edo Azkarateko baserri baten inkanteak blokatzeko. 2022ko uztailean, Angeluko BAM kolektiboak proposatu ekimena landu dugu eta 6 egunez Alday promotoreak eraiki lutxozko erresidentzia bat okupatu dugu.
Karia horretara beste problematika bat jorratu duzue ?
Bai, galde hau publikoki pausatu dugu : “norentzat eraikitzen da ?” Kostaldean eta BAB-n bereziki, delako PLU horietan (tokiko urbanismo planak) egoitza sozialak eraikitzeko arauak askotan ez dira aski zorrotzak eta promotoreek eraikitzeko baimenak pausatzen dituzte horretaz baliatuz. Adibidez 799m² deklaratzen dute, egoitza sozialak egitea behartua delarik 800m²-tik goiti Angelun bezala edo 14 apartamendu egiteko, 20etik goiti, sozialak beharrezkoak direnean Baionan bezala. Horrela, 6, 7, 8 edo 10 000€ metro karratuko bizitegiak proposatzen ahal dituzte, horrelako eskaera dirudunen partetik handia delarik bainan populazioaren gehiengo zabalaren beharrei erantzun gabe. Holako etxebizitzak finantza inbestizamendua bilakatzen dira edota dirudunen bigarren egoitzak. Beraz promotoreen diru gosea salatzeaz gain, auzapezak ere interpelatu nahi izan ditugu, eraikin proiektu guziek lehentasunez gehiengoaren beharrei erantzun diezaieten. Horretarako legezko medioak eta dispositiboak badituzte hautetsiek, borondate politikoa izanez gero...
Kanboko Marienia (7) dozierran ere mobilizatu zarete...
Marienian eraikitzeko proiektuaren kontrako mobilizazioa 2015 hasi zen, Nahi dugun Herria, Lurzaindia eta CADE-n (8) eskutik. Hainbat errekurtso juridiko, interpelazio eta mobilizazio zabalak antolatu dituzte. OSTIA sarea osatzerakoan Kanboko jendea naturalki hurbildu da eta borroka enblematiko hori lagundu eta indartzea gai nagusia bilakatu da OSTIArentzat. Enblematikoa da, zeren eta bi arazok topo egiten baitute : etxebizitza eskasa eta lurraren artifizializazioa. Lehenaren izenean, bigarrena onartu beharko genukeela diote batzuek. Alta Kanboko herrian bertan etxebizitzak emendatzeko alternatibak badira. Pasa den udazkenean eremuaren hiru eguneko okupazioa plangintzatua izan da, proiektua oztopatzeko determinazioa erakusteko eta materialki ere holako ekimen batek eskatzen duena esperimentatzeko. Arrakastatsua izan da eta azpimarratzekoa da aste buru hartan egindako manifestaldian FDSEA-ko laborari batzuek ere parte hartu dutela. Urte hondarrean proiektuaren maketa sinbolikoki lurrez estali dugu Bouygues-eko agentzian Angelun. Momentuz, bai Herriko Etxea, bai Bouygues eta Habitat 64, eraikitzeko baimenari buruz justiziak eman behar duen erabakiaren beha daude. Gure aldetik, proiektua aurrera eginen balu, beste eragileekin batera ahalegin guztiak eginen genituzke, oztopatzeko.
Eta Arbonako Berruetako afera zertan da ?
2021eko okupazioaren ondotik salmenta espekulatiboa hautsi zen. Nahiz eta Euskal Elkargoak dozierra segitzeko engaiamendua hartu zuen, deus ez da gertatu eta urte baten buruan, jabeak ontasuna bi lotetan banatu eta erosleak atxeman ditu. Lote tipiak etxeak eta 4 hektarea biltzen ditu eta horretarako erosleak atxeman zituen, Pariseko bikote aberats bat. Horiek aski fite gibelka egin zuten, Euskal Herritik delegazio baten bisita-manifestaldia antolatu ondoren. Gainerateko 12 hektareak, Pauline Desurmontek erosi du 16000 euro hektarea (SAFERrek estimazioaren doblea) bainan soilik “nue-propriété” delako jabego partzialean. Erran nahi baitu bere hazkuntza aktibitatea burutzeko alokairu bat pagatuko dio jabeari, jabego osoa erosi bitartean.
Zergatik salmenta horrela egin da ?
Trikimailu hutsa da, SAFERrek duen erosteko lehentasuna saihesteko. Horregatik SAFERrek salmenta atakatu du justiziaren aitzinean, legezko prozedurak desbideratzeagatik. Geroztik beste hainbat lekutan ber trikimailua erabilia izan da, Bidarrain, Baigorrin edo Larresoron. Notarioek, nahiz eta errepikatzen duten ez dutela horiek legea egiten, erantzukizun handia dute afera horietan, guztiz salagarria.
Etxe edo lur salmenta espekulatiboak kasik 15 egunero gertatzen dira. Zer egiten ahal duzue ?
Jabego pribatua “eskubide sakratua” da eta interes kolektiboaren gainetik ezarria da askotan. Legalki espekulazioa oztopatzeko tresnak mugatuak dira. Halere, salmenta espekulatiboak salatzea, tokiko herritarrak mobilizatzea ezinbestekoa da. Batzuetan aski da, saltzaile-eroslek gibelka egin dezaten. Bainan kasu guztietan, kontzientzia hartzeko alde batetik eta jendartean eta instituzioei begira presioa atxikitzeko ere balio du. Beste batzuetan, baldintzak direlarik, okupazioa izan daiteke tresna eraginkorra, Arbonan edo Senperen (9) bezala. Bestelako esperientzi interesgarriak ere badira, Sarakoa adibidez, eredugarria izan daitekena. Salmenta espekulatiboaren ondotik, manifestaldia izan zen eta bi bilkura publiko antolatu zuten, nun hautetsi andanak eta auzapezak ere parte hartu duten. Hiru lan talde sortu dira : herriko diagnosia, etxebizitza beharrak, etxe hutsak zerrendatzeko, herri kontzientzia, inkesta bat egiteko eta herritar sarea, etxebizitza eskaera/eskaintza herri mailan kudeatzeko, Herriko Etxeko babespean.
Udaberri hau Lurraren Altxamenduen mobilizazioek markatu dute. Nola ikusten duzue OSTIA saretik ?
Dinamika indartsu bezain interesgarria da dudarik gabe. Pasa den udazkenean lehengo harremanak izan genituen ordezkari batzuekin eta Marieniako hiru eguneko okupazioan ekimenari buruzko informazio saio bat egin zen. Martxoko Sainte Solines-eko mobilizaziora OSTIA eta ELB gazte taldeko batzuk joan ziren. Ondotik ELBrekin batera errepresioa salatzeko elkarretaratzea antolatu genuen suprefeturan. Disoluzioaren mehatxuaren aitzinean, elkartasun deialdiari erantzunez, tokiko Lurraren altxamenduen komite gisa deklaratu gara. Geroztik militanteen atxiloketak eta disoluzioa salatzeko elkarretaratzeak antolatu ditugu. Gobernuak bere politika suntsitzailearen kontra direnak kriminalizatzen ditu, dela sozial arloan, dela ingurumenaren aldetik. Larria eta kezkagarria da bainan errepresioari erantzun hoberena, tokiko borrokak segitu eta indartzea da eta horretan aritzeko asmoa dugu.
Euskal Herri mailan ere harremanak landu dituzue ?
Arbonako okupazio denboran, Lekarozeko jendearekin harremanetan izan ginen eta okupazio egun bat segurtatu zuten. Geroztik, lurraren defentsan edo proiektu kutsatzaileen kontra borrokan ari diren Hegoaldeko kolektibo andana biltzen duen Euskal Herria Bizirik plataformak kontaktatu gaitu eta pasa den maiatzaren 20ko manifan parte hartu dugu. Iparraldeko egoeraren berri zabaltzeko parada izan zen. Saretze lan hori funtsezkoa da, tokiko borrokak ezagutarazteko eta indartzeko.
Angeluko Juzan oihana eta Maurizia etxe okupatua ere aktualitatean izan dira. OSTIAk zerikusia izan da horietan ?
Ez zuzenki. Bi kasu horietan kolektibo batzuk sortu dira borroka eramaiteko. OSTIAren funtzioa heiei buruzko informazioa zabaltzea izan da eta ahal den neurrian, laguntza eskaerari erantzun, materiala prestatuz, kontaktuak emanez.
Ipar Euskal Herrian beste egitura eta ekintza ainitz ere badira. Herrian bizi plataforma (10) ere bada. Nola kokatzen zarete haiekiko ?
Lurra eta etxebizitza logika kapitalistaren pean harrapaturik, merkantziak bilakatzen dira gero eta gehiago, gure funtsezko beharrei erantzun ordez. Denek pairatzen ditugun ondorioez kontzientzia hartzea zabaldu da Iparraldeko jendartean eta azken bi urte hauetan mobilizazioak biderkatu dira, Arbonako lurren okupaziotik, Senpereko Olha etxaldearen okupaziora, herri mobilizazio handiak eta eragile desberdinen ekintza zuzenak ahantzi gabe. Ekimen eta egitura guzti horiek osagarriak gara. Denak baliosak eta beharrezkoak dira, hain handia eta konplexua izanik pairatzen ditugun etxebizitza eta lurraren arazoak. Alerta egoera azkarra atxikitzen dute jendartean eta hautetsiei begira. Elkar azkartzen dute gainera. OSTIAko sarean ibiltzen diren lagun frango beste egitura batzuetako kide dira eta haien mobilizazioetan parte hartzen dute. OSTIA ez da nehorekin konkurrentzian. Nahitara egitura arina ukaitea hautatu dugu eta gure lehentasuna tokiko dinamikak laguntzeari emaiten diogu. Uztailaren 15ean antolatu dugun mobilizazio eguna, ildo hori jorratzen du : tokiko dinamikak biziarazi eta elkarri lagundu.
OSTIA sarearekin harremanetan sartzeko :
Ekintzak segitzeko :
telegram : t.me/okupazioak
facebook.com/ostiasarea