Zertan da gaur "Independentzia eta Sozialismoa"?
Urte askotan erabili izan dugu "Independentzia eta Sozialismoa" goiburua ezkerreko abertzaleon artean helburu nagusi gisa. Garaiak aldatu dira, eta estrategiak berrikusteko unea da. Zein da hitz hauen mamia ?
{up readmore=Laburpena euskaraz | textless=Laburpena hetsi | class=up-readmore resume-eus}Urte askotan erabili izan dugu "Independentzia eta Sozialismoa" goiburua ezkerreko abertzaleon artean helburu nagusi gisa. Garaiak aldatu dira, eta estrategiak berrikusteko unea da. Zein da hitz hauen mamia? Nola neurtu, horien bidean gaudela? Leloaz gain, jorratzen ari garen bidea eta benetazko aurrerapausoak egunerokotasunean neurtzeko, bi hitz horien sintesia hauxe litzateke: Euskara eta Herri Boterea. Egunez egun gauza daitezkenak, borrokatzen ari garenak, eraikitzen ari garenak.{/up readmore}
Urte askotan bi hitz hauen inguruan mugimendu indartsu eta eraginkorra osatu dugu Euskal Herrian. Zentzu zabalean, ezkerreko abertzaleak, zentzu estuagoan Ezker Abertzalea.
Bi hitz hauek, Independentzia eta Sozialismoa, maiz eztabaidatuak izan arren, ez ditugu inoiz zehazki definitu. Halere, norabidea markatu digute. Eta ondo joan zaigu horrela, indefinizio horren baitan bakoitzak bere gustuko zehaztapenekin ulertu baititu helburuak, eta bidean zentratu gara lan egiteko orduan.
Arazoa dator, barne eta kanpoko baldintzak aldatzen direnean, eta estrategia berriak asmatu behar ditugunean. Goiburu zehazgabe horren pean helburu oso ezberdinak uler daitezke, eta estrategia are gehiago. Honela, arriskua bi jarreretan datza: helburu horiek lelo apaingarria bihurtzea, edo goiburuaren aldarrikapen hutsa helburua.
Independentzia politikoa, ekonomikoa, edo kulturala? Dena batean? Zatika lortu edo oso-osorik? Zuzenki edo zeharka? Eskatuz edo exijituz? Zer pausoak, zer denboran, zeinekin?
Aukerak aprobetxatu edo aukerak sortu? Aukeren zain egon, edo bidea egiten hasi? Nola jakin aurrera edo atzera goazela? Nola kudeatu hutsegiteak? Edozein aukera kritikatzea zilegi bada ere, hobeto ari gara guk egiten? Eta bide propioa asmatzerik ez dutenak, ondo ari dira? Eta beraien bidea inposatu nahi dutenak? Etxean gelditzearekin konformatzen gara? Eta itsuki zenbait pertsonen atzetik gabiltzanok?
Zaila egiten zait ezker abertzalearen baitako norbanakoen jarrera eta lana kritikatzea, bakoitzak bere bidea aukeratzeko berezko arrazoiak badituelakoan.
Beste gauza da, kolektiboak manipulatzeko teknikak nahitaz erabiltzen direnean. Hori da ideologia autoritarioek egiten dutena, herritarrak lerrokatzeko. Zilegitasun ezkertiarra galtzera eramaten du, ezkerraren oinarria eraldaketa demokratikoa baita, eta ez goitik agindutakoa.
Aipatutako bi hitzetara bueltatuz, berauen mamia saiatu naiz aurkitzen.
Independentzia.

Kolektiboa. Euskal Herrikoa. Zergatik eskatzen dugu? Zer espero dugu EH independente batengandik? Zer esan nahi du? Zergatik egiten zaigu beharrezkoa? Sentimendua da edo erabaki arrazionala? Zer ukatzen zaigu zehazki? Uste al dugu hobeto egingo dugula? Norekin joan nahi dugu? Nor eramango dugu? Zer egitura zehatza hartuko dugu geure burua antolatzeko? Eta ados ez daudenekin, zer? Oraingo egoerarekin ados ez gaudenok, non gelditzen gara? Eskubide teorikoa nahi dugu edo errealitatea eraldatzeko tresnak? Zerekin konformatuko ginateke? "Estatu" titulu hutsal batek asetuko gaitu? Estatu frantses edo espainolaren kopia txikia sortuko dugu? Noraino joan behar? Zer lor daiteke? Zer gara?
(Beste artikulu batean nere ikuspegia ematen dut, Euskal Herria nola uler daiteken).
"Geuk erabaki", esaten dugu. Alta, egunero, momentuoro ari gara erabaki pertsonalak zein kolektiboak hartzen. Erabaki politikoak nahiko genituzke hartu? Legeak eta arau kolektiboak sortu? Geure egunerokotasuna legeztatu. Hori al da Frantzia eta Espainiagandik bereizten gaituen bakarra? Beraiek bezala izan nahi dugu? Besterik ez?
Ez.
Lan baldintzak aldatzeko orain ari gara borrokatzen. Osasun publikoa bermatzeko orain ari gara borrokatzen. Gizarte parekidea lortzeko orain ari gara borrokatzen. Natura babesteko orain ari gara borrokatzen. Eta borroka guzti horiek eta gehiago ez dira independentziarekin bukatuko, herri askea eraiki beharko dugulako. Orduan?
Gai nagusi bat badugu, zeinentzat kolektiboki erabakikortasun osoa behar-beharrezkoa egiten zaigun: Euskara. Diglosia egoera gainditzeko eta euskararen biziraupena bermatzeko, behar diren neurriak hartzeko ahalmen guzti-guztiak behar ditugu.
Euskal Herriaren berezitasun nagusia Euskara da. Euskararik gabe, Euskal Herri independentea "hegoko frantsesak" edota "iparreko espainolak" jarraituko dugu izaten. Bereiziko gaituen bakarra, beste koloreko pasaportea izango da. Zeren inork ez du benetan sinesten "jainkoak aukeratutako herri berezia" garenik, ez da? Auzokoak bezalakoak gara. Euskarak ematen digu munduaren gainean ikuspegi ezberdina, bertako lurrari lotua. Euskararik gabe, independentzia apeta bihurtzen da.
Beraz,
Independentzia Euskara da.
Sozialismoa.
Modelo ezberdinak ezagutzen ditugu, gauzatuak eta gauzatu gabeak. Sobietar Batasunetik Kubaraino. Euskal sozialismoa nahi dugu. Baina kapitalismo barruan? Inguru kapitalistan moldatu daitekena? Ez gara uhartea. Ez gara 100 millioi. Euskal estatu sozialista autarkikoa ezinezkoa da.
Euskal Sozialismoa. Gehiengoaren nahia eta beharra lehenetsiko duena. Barne eta kanpoko explotazio gabeko gizartea. Bizitza erdian jarriko duena. Bizitzaren arlo guztiak zainduko dituena. Norbanako guztien eskubideak babestuko dituen kolektiboa. Lana demokratizatuko duena, bere tresna eta jarduera guztiekin. Bizimodu duina ziurtatuko diguna. Herritar guztioi aukera berdinak bermatuko dizkiguna. Ingurumenarekin bat egingo duena. Erreprodukzio lanak kolektiboki antolatuko dituena. Munduko herri guztiekin elkarlanean arituko dena. Baliabideen erabilera arduratsua bultzatuko duena. Inposaketa-egitura militarrik gabekoa. Bere oinarritik goraino demokratikoa. Hezkuntza integrala eta askatzailea eskainiko duena. Espekulazio finantzarioaren menpe egongo ez dena. Gutxiengoen interesak beraien indarren araberan errespetatuko dituena. Herriaren lorpenak babesteko tresnak asmatuko dituena.
Herritarren esku egongo den egituraketa behar dugu, gai eta arlo guzti-guztietan, edozein mementoan. Herritar askeak Herri askean. Kultura politikoa burujabea herri-arte burujabean. Eta askoz gehiago.
Aipatutako arlo askotan, dagoeneko gaur egun ari gara lanean eta borrokan. Gai asko udalerri mailan garatu daitezke. Beste batzuk eskualde edo herrialde mailan. Gutxi batzuk Elkargoan edo Erkidego autonomo mailan. Beste arlo garrantzitsu batzuk Europako eta munduko kapitala boteretsuaren esku daude, eta ezingo ditugu ezta balizko independentziarekin aldatu, kapitalismoa mundu mailan eraitsi arte. Baina euskal sozialismoa gainontzeko arlo guztietan ari gara eraikitzen. Herriak dauka boterea. Eta praktikan jarri behar dugu, ahaleginak hedatu. Herri askea ari gara eraikitzen. Euskal Feminismoak erakusten digunez, kapitala suntsitzailearen ordez, bizitza bera jarri behar dugu erdigunean, bizitzaren eremu guztiak zainduz. Pertsonak, natura, euskara, gizarte solidarioa. Eta guzti hori gaurdanik egin dezakegu: Herri Boterea eraikitzen, Herria egiten, Euskal Sozialismoa gauzatzen hasi.
Beraz,
Euskal Sozialismoa Herri Boterea da.
Orduan,
"Independentzia eta Sozialismoa" ez da urrutiko goiburu teorikoa izan behar. Batzuek eraikitzen ari gara, gure egunerokotasunean praktikara eramaten saiatzen ari gara. Egin daiteke, lor daiteke, ezer eta nehoren zain egon gabe. Biak elkarrekin, gurean Euskara eta Herriaren boterea elkar lotuak doazelako. Beraz, estrategia baten zintzotasuna, benetazko pauso praktikoak neurtzeko balio zaizkigu bi puntu hauek. Lelo guztien gainetik.
"Independentzia eta Sozialismoak" badu bide erreala, praktikoa eta eremu guztietan berehala borrokatu dezakeguna: Euskara eta Herri Boterea!