Bakezaleak gara?
Oro har, mugimendu iraultzaileentzat, biolentzia herrikoi antolatua beharrezkoa eta eraginkorra jo izan da helburuak lortzeko eta jendeen eskubideak bermatzeko. Gerrillak, ekintza armatuak eta sabotajeak, kale borrokak… estrategien zutabe nagusiak izan dira, koherentziaren demostrazioak eta emantzipaziorako praktikak.
Kasu askotan, askatasunaren eta aberriaren izenean egiten zen den dena; biolentzia gogorrenak ere zilegitzat hartu izan dira eta pazifismoa epelen eta inozoen esparrua zen. Euskal Herrian halakorik ezagutu dugu luzaz, hautu horien norian gailur eta hondamendi artean hartuak. Alta, azken hamarkadan bestelako ekintza moldeen goraipamena bilakatu da tendentzia nagusia. Ezagupen demokratiko gehiago lortzeko edo, berdin, klimaren aldaketa trabatzeko, sektore batzuek ez-biolentziaren kredoa adoptatu dute, berriz ere, “dena ala ezer ez” logika hertsian tematuz. Zintzoak eta sinesgarriak bilakatu baikara.
Iragan hurbilean, atentatuek garaipen batera bai ala bai eramanen gintuztela ziurtatzen zutenek beraiek dute, besteak beste, itzuli erdi hori egiten. ETAren ekintzez dudatzen zuena gaizki ikusia zen haiek “indarren metaketa” aldarrikatzen zuten garaian. Baketzea eta normalizazioa, horiek dira gaur defendatu behar direnak, botereak legalki eskuratzeko ametsaz. Egoera aldatzeko, naturaltzat jotzen dute klase politikoekin eta instituzionalekin ibiltzea, eta aldarrikapen “maximalistei” ez diote irteerarik ikusten. Bide-orri horri desobedientzia zibil zerbait gaineratzen zaio, gauzak zuhurtziaz ongi doazela baieztatuz. Ez otoi beraz hautsi platerik. Lehen, biolentzia ekintzengatik kartzelara joatea ohore marka zen, besteak borrokara animatzeko katalizagailua; orain, gazte bat bakarrak ere ez luke ziega bat zapaldu behar. G7koen gailurraren kontrako mobilizazioa horren adibidea izan zen.
Dudarik gabe, borroka bakezaleak eta alor instituzionalak aitzinamenduak ekartzen dituzte, eta jende ainitz inplika arazten. Hainbat hobe. Dudarik gabe ere, dinamika bakoitzak, bere biziraupena eta garapena segurtatzeko, arrazoinamenduak bere aldera tolesten ahal ditu, interes partikularrak orokorrak direla ziurtatuz. Gure helburuak aitzinarazteko, ez dakit zein diren palanka egokienak. Ez dut ametsik saldu nahi. Zer da irabaztea ala galtzea, zein neurtzaile neutralekin kalkulatzen da hori?
Korapiloak ez dira aurkitzen, nire ustez, estrategiak berak definitzeko, baizik eta haien gauzatzeko moldeetan. Gure herrian, tradizioz eta antolakunde zenbaiten praktikan, buruzagitza batek finkatu ildoak oinarrizko jotzen dira eta ez gara koadrotik ateratzen, helburuak soilik zehaztu kanaletatik pasatuz erdietsiko direla eta desbideratzea kaltetzea dela sinetsirik. Berdin du norabidez edo helburuz erregularki aldatzen bada; hegemonia tentazioek hartzen dute gaina, eta jokamoldea errepikatzen da. Hemendik urte batzuetara, indarrean den zikloa agortzen ari dela eta gatazka mota baten desagerpenak utzi ondorioen kapitulua duintasunez itxia dela dekretatzen bada, zein beste errezeta hutsezin segitu beharko dugu? Alor instituzionalaren eta masa borroken arteko artikulazioa, gobernantza erreformista, berriz mendira jo, beste zerbait? Anartean zenbat jende desorientatu, desgaitu, umezurtz, bakezaletik ekintzaile izateko kontsignen zain?
Leialtasunez edo utzikeriaz, ia dena onartu dugu eta atzoko bidelagunei ez diegu harria bota nahi, asko zor diegulako eta batzuek pairatu eta pairatzen duten errepresioa ikusirik. Ireki duten sekuentziak ahal den eta urrunen eramango dituela opatzea besterik ez zaigu gelditzen, eta agian, egun batez, bateragarritasun giroan elkarrekin bat eginen dugula. Zubiak ez dira arrunt moztu eta iniziatiba publikoak ari dira birsortzen, biltzaileak eta desobedientzia gogoekin.
Bitartean ere, badugu besterik egiteko. Munduko lau txokoetan, Txiletik Libanora eta Bartzelonatik Seattlera, herriak karriketara ateratzen ari dira eta joko zelaiak inarrosten dituzte. Ekintza zuzenak eta zeharkakoak, aniztasuna eta taktika-bateratasuna, instituzioei konfiantza eza eta horizontaltasuna gorpuzten dituzte eta batzuetan ere, egoerak errotik aldatzen. Gazte ugari lotzen dira mugimenduetara, elkarren arteko begirunearekin. Ez da hilabetea pasatzen oldartze baten berri jaso gabe. Jendarte askearen hasikinak daramatzate bihotzetan, defenditzeko eta bakean bizitzeko nahiak, ortzadar koloreak. Horra gure alor propioa.
Euskal Herrian, ez dugu azken boladan halakorik ezagutu. Alta, fase hori ere aldatzear dago, Euskal Herriko hainbat leku eta elkartetan berpizten ari diren energiak ikusita. Analisi zahar-berrituak datoz bueltan eta inguru militanteak konfrontazioaren eta ideologia iraultzaileen agertokiak bilakatzen ari dira berriz, pixkanaka. Hor ere, bide eta dogma bakarra sostengatzearen automatismoek ez dituzte adar desberdinen arteko harreman sosegatuak lagunduko. Ber-konposaketa honetan, konplizitatea eta errespetua ahal den eta gehien atxiki nahi ditugunentzat, erronka konplikatu zein ederra datorkigu. Autonomien eta errebeldien alde gabiltzanok ez dugu, gure umiltasunean, zertan bazterrean gelditu. Feminismoan eta mugida sozialetan, Iraultza Txikien Akanpadan, ZADen eta beste hainbat esperientzietan atondu parte hartze metodologiek lanabesak luzatzen dizkigute aitzina jotzeko. Eraikitzen, eztabaidatzen, bizitzen ikasten digutenak. Urrun diren galderak ahantzi gabe: zer nahi dugu, Estatua ala bestelako jendarte antolaketa? Ingurumena zertxobait gehiago errespetatzen duen gobernantza ala kapitalismoaren bukaera?
Bukatzeko, besteak beste klimaren inguruan murgiltzen diren militantziei begira (eta Notre-Dame-des-Landes-eko aireportu xedearen kontrako garaipen ekologista gogoan), horra Andreas Malm Suediar aktibistaren hitzak:
“Politikan ekintza molde ez biolentoen kontra ez dut deus, haietariko ainitzetan parte hartu dut. Okerra da, halere, molde ez biolentoak ekintza molde bakarrak izan behar direla pentsatzea. Adibidez, ‘Extinction Rebellion’ bezalako taldeen aburuz, mugimendu sozial orok populakuntzaren sostengua galduko du biolentzia metodoak, apalenak ere, erabiltzen hasi ezkero. ‘Black Lives Matter’ mugimenduak teoria hori arrunt gezurtatu du. Herritar batzuek Minneapoliseko polizia-etxea eraso eta erre dutelarik abiada hartu du mugimendu honek. Bere ekintzaz frogatu dute polizia legeen gainetik ez dagoela; jende anitz elkartu zaie, eta batzuek ondasunen suntsitzea erabaki badute ere, esklabo jabeen irudiak lurrera botaz edo poliziari oldartuz, gehienak lasaitasunean manifestatu dira. Ez dut jendea biolentziara akuilatu nahi, baina ondasunen suntsiketek beren helburuak lortu dituzten mugimendu sozial gehien gehienetan rola jokatu dutela uste dut. Militante anitz badira frustratuak, krisi klimatikoaren aurrean desegokitasun handia dagoela ikusirik, eta maila goragora pasatzeko gogoaz. Eta klimaren aldeko mugimenduak ez lituzke ekintzaile horiek arbuiatu behar, baizik eta animatu”.