EPAISKA ez da toki arrunta !
Isilka, gordeka... epaixka (1)...
EPAISKA : jende askok ezagutzen du elgartoki hori bai eta ate gainean den egurrezko zizelkadura ere ; baina nork ezagutzen ote du horren historia eta bilakaera ?
Bestalde ikus Epaiska bizi-bizirik da ! eta EPSK-ren elkarrizketa (1995)
Epaiska, EPSK Errefuxiatu eta Presoen sostengu komiteak sortua, 90. hamarkadaren bukaeran ; EPSK-ren azken egoitza, lotura zuzena euskal errefuxiatu eta presoek jasandakoarekin 80. hamarkadatik bai eta beraien alde antolatu zen elkartasuna eta sostenguarekin ere.
40 urteetako historia, hari bat belaunaldi ezberdinak lotzen dituena, borrokaren lekukoa ere.
Epaiska bera, 97 bukaeran edo 98an ideki zen, Bourgneuf karrikaren 17an zen lokala (ostatua, idekia, eta bilkura gela lehen estaian) ordezkatuz.
Gune sinbolikoa, Bourgneuf karrikako Kaiet ostatu famatuaren parean. Kaiet ostatua, orduan eta aspaldidanik, abertzale gazte eta ez hain gazteen topagunea zen. Kaiet ostatuan 83ko abenduan GAL-ek egindako lehen erailketa gertatu zen, Kattu errefuxiatuaren erailketarekin.
Ez genekien orduan Josi eta Joseanen bahiketarekin hasi zela GALek eragindako hilketen zerrenda luzea Ipar Euskal Herrian.
Kattu, ondotik Txapela ; hildakoen zerrenda luze baten lehenak... berehala ere euskal errefuxiatuen aurkako erasoak frantses estatuak burutuak : atxiloketak, deportazioak, lehen estradizioak. Sostengua ere, Errefuxiatuen sostengu komitearekin, etengabeko mobilizazioak GALeko atentatuak, frantses gobernamenduaren erasoak eta hemengo politikarien jokamoldea salatzeko. 1986tik goiti, kanporatzeak mugaz beste aldera eta laster atxiloketak eta presontegiratzeak frantses kartzeletan: errefuxiatuenak eta laguntzen zituztenenak … ehunka. Orduan, ESK EPSK bilakatu zen (xehetasun gehiagorentzat, ikus « memoria » sailean, EPSK-ren elkarrizketa 1995ean egina ; bertan azaldua 83tik euskal errefuxiatuek jasandakoa eta haien inguruan antolatu zen sostengua).
Azkenik, 1997 urtearen bukaeran, EPSK egitura zabalago batean integratu zen : Euskal Preso Politikoen sostengu komiteen Koordinaketa, tokiko sostengu komiteak (koktel molotov/kale borrokako dosierretan sartuak sostengua antolatzen zutenak), EKB (IKri lotutako presoak) eta EPSK (ETAri lotu presoak) errepresioaren aurkako taldeak batu zituenak.
Gaur egun, EPAISKA zutik eta bizirik dirau, militante gazte batzuen esku. Aurreko belaunaldien lekukoa hartuz, Epaiskaren dinamika berpiztu dute : ikus beherago gazte horiei egindako elkarrizketa.
(1) Ikus « ebaska » Orotariko euskal hiztegian