Gure kopiak berrikusi

Garai latzak datoz. Ekonomiaren, klimaren eta errefuxiatuen krisi elkarlotuek jendartea tenkatzen dute, etsipena heda araziz. Inperioen arteko norgehiagoketan, bi potentzia gerlan sartzea baizik ez zaigu falta egoera gehiago okertzeko.Klima aldaketa kontuan, katastrofe ikusgarriagoen zain egon bagaude.
Dena da posible, ez dakigu mende bukaerako lur honetan oraindik bizitzerik izanen dugun. Beldurrari beldurra gaineratzen zaio covid efektuekin eta haren kudeatzeko jarri neurri autoritarioak. Anartean, eliteen eta klase herrikoien arteko arrakala etengabe sakontzen ari da, nazionalismo hertsiak indartzen, kontrol soziala finkatzen. Eskuin muturraren lemak hedatzen ari dira eta militarrek eta poliziek garbiketa armen bidez burutzeko deiak errepikatzen dituzte. Protesta herrikoien kontra (azkenak Kolonbian eta Palestinan) egur banatzea sistematikoa da, inpunitate eta bortizkeria gehiagorekin.
Garai bereziak datoz. Neurri ekonomiko liberalen, diktaduren, polizia bortizkerien kontrako protestak gero eta maizago ari dira gertatzen, herri mugimenduak ber-aktibatuz. Greba orokorrak, manifestaldiak eta blokatzeak, erresistentzia multiformea, elkartasuna, tinkotasuna eta ilusioa, bakoitzaren berezitasunekin, alderdi edo talde armaturik gabe. Jazartze horiek arrastoak utziko eta gogoak piztuko dituzte, bereziki lehen lerroan diren gazteentzat. Hauteskundez hauteskunde, Frantzian bederen, abstentzioak sistemaren bermatzaileen eta herriaren artean dagoen konexio eza ageriagoan uzten du. Ez da 68ko maiatza baina baditu antzak. Eta Euskal Herrian, militantziaren aldaketa baten lehen seinaleak heltzen ari zaizkigu: bake prozesua bidegurutzean, korronte marxista-leninista indarberritua, iniziatiba independienteen berpiztea, han-hemenka hainbat eztabaida, indartsu heldu den gazteriak mugituta. Galderen eta birformulazioen tarte honek, dudarik gabe, datorren urtetako zedarriak markatuko ditu, gure erritmoan.
Ipar Euskal Herrian, etxebizitzaren arloa bataila zentrala izanen dela denek ulertu dugu eta konfiguratze honetan, posizioen argitzeko parada irekitzen da. Zer da eraginkorra, zer herrikoia, zer sinbolikoa? Norekin, noren kontra ari izan behar da, zein helbururekin? Solasaldi hauek une aski partikularrean helduko zaizkigu, abertzaleek instituzioetan pisu gehiago dutela eta herritarren dinamikak indartzen ari direla. Funtsean, gurea mundu osoko mugimendu eta sindikatu ezkertiarrek trabeskatu fasean sartua baita: erreformismoa ala iraultza? Emaitza izanen da arretaz begiratzekoa, hipotesi guztiak irekiak baitute.
Panorama honetan, zango bat falta zaigu: mugimendu iraultzaile antolatu sendoa, horizontala, kohesio, aniztasun eta proiekzioen artikulatzeko gai dena. Esperientzia aberatsak ditugu nonahi, iniziatiba barreiatuak ere. Denbora, borondate, metodologia kontuak? Bakoitzak bere bidea eginen du segurenez eta mugimendu potoloago baten ohantzea eta ondorioak aitzinetik prestatu nahi izatea ariketa delikatua da. Bapatekotasunari egituraketa seriosagoa kontrajartzen zaio, harreman eta barne botereen auziak azalarazten dituena eta, ororen buru, badugu inguratzen gaituenarekin akomeatzeko joera, biharamun ederragoen zain.
Horretan egon ala kartak itzuli? Bada, Euskal Herrian, beste berezitasun bat oraino. Estrategia, helburu, irudimen bat abiarazten eta instalatzen delarik, interesa, karra pizten ditu eta garatzeko potentzialak biderkatzen. Ez da bi etenaldiren arteko parentesia, baizik eta epe luzera segitzeko palanka. Horretarako, zentzua eta utilitatea, koadroa eta horizontea argi ikusi behar dira, eta maila horretan egiten dugu huts, besteak beste.
Zer eskatzen du horrek? Diagnostikoen pausatzea, ibilbideen zirrimarratzea, kritikan eta autokritikan. Arriskatu, elkar ulertu, berritu, iraun. Egitate absolutu, oskola huts eta espektakuluetatik ateraz eta konfiantzari baldintzak emanez, ibilmoldeak zainduz, denek baitugu horretan (ber)ikasteko, klarki eta adiskidetsu aritzeko. Hartuak ditugun ohiturei galdekatzeak ekarriz, molde eraikitzailean. Besteek gaizki zer egiten dutenean tematu ordez, gureari erreparatzeko, oparirik itxoin gabe. Erreferentziak, ilusioak galdu dituzten hainbat kideen laxatzeak ikusita, parte hartzeak eta eraginkortasunak (ber)asmatzeko, interes orokorraren eta bakoitzaren alde. Boluntarismo saminduan ez eroriz, ametsik ez salduz, fatalismoak haizatuz.
Zertarako? Galdera ez ote da soberan? Nola egin utopiak egunerokotasunean txertatzeko, iniziatibak behin-behinekoak, afinitarioak eta sektorialak soilik ez izateko, helburu urrunak eta taktikak elkarlotzeko? Nola batu pazifismo oldarkorra, desobedientziak, eguneko eta gaueko ekintza zuzenak? Dinamika ongi antolatuek dute koiuntura sakonki aldarazten. Espazio eta sare amankomunen definizioa eta martxan jartzea, hori da, nire ustez, lehen zeregina. Gogoz, umorez, errespetuan, misio dibinoetan ari ez garela onartuz. Dirdiratzeko, besteak itzali gabe. Terreno konkretua, bertakoa, balioztatuz, herri, hiri, eskualdetan talde irekiak eta kontsekuenteak osatu daitezkeela sinetsiz, elkarren artean koordinatuak. Elkartu, aukera eta zorigaitzei tresna aktibatzaileez erantzuteko.
Euskal Herrian, kapitalismoa ongi errotua dago baina askatasun gogo usaina ez da desagertu. Haztamukoen sasoian gaude, baieztapenen gestazioan, kezka orokorragotan. Bihurgune zantzuak agerian dira, ez da lau katuren artean gelditzeko tenorea. Nonahi eta beti, minoritate ekintzaileek baitute arbola astindu. Ez ditugu, oraingoan ere, zoriona eta askatasuna denentzat lortuko, baina bai erauntsiari hobe eustea eta herri mugimenduen oinarriak indartzea. Ziklo berria, baikorra, ez mikroa ez eta ere makroa, han-hemenka hasia dagoena.
Atera gaiten inertzietatik eta joan gaiten pausoz pauso.