Epaiska bizi-bizirik da !
Epaiska est une association abertzale de gauche de Bayonne. Nos activités sont organisées en basque. Le bar est ouvert tous les vendredis soirs et samedis midi, mais nous pouvons ouvrir l'association tous les autres jours de la semaine, selon l'activité organisée : conférences, débats, présentations de livres, concerts, soirées, bertso afaria et autres, activités soit directement proposées par nous, soit par d'autre personnes ou mouvements populaires.
Bestalde ikus EPAISKA ez da toki arrunta ! eta EPSKren elkarrizketa (1995)
Zuen elkartea presentatzen ahal duzue ?
Epaiska Baionako ostatu eta elkarte abertzale eta ezkertiarra da. Euskaraz bideratzen ditugu gure ekimenak eta komunikazioak, ahal bada euskara hutsean. Ostiral arrats eta larunbat eguerdi guziez irekia da taberna gisa, baina asteko beste edozein egunetan ireki dezakegu elkartea, antolatu ekimenaren arabera.
Hitzaldi eta eztabaidak, liburu-aurkezpenak, kontzertuak, gaualdiak, bertso bazkariak eta beste gauza anitz antolatzeko, guk zuzenean proposaturik ala herri mugimenduko beste pertsona eta elkarteek proposaturik. Lankidetza hori arras inportantea zaigu, oinarri politiko komunen inguruan denen eskura den lokala baita guretzat Epaiska. Adibidez, astearte guziez Baionako Elkartasun Herri Brigadak erabiltzen du lokala, janaria eta bestelako produktuak emateko halakorik behar duen edonorri.
Noiztik arduratzen ote zarete EPAISKA deitu leku horretaz? Zerk eraman zaituzte horretara ?
Badu 7 urte Epaiskan talde dinamika berri batean antolatzen ari garela. Justuki, 2015. urtean, Epaiska hetsi edo irekirik mantentzearen eztabaida izan zen, arrazoiak anitzengatik: militante bolondresen eskasia, ekonomikoa (alokairua ordaintzeko zaitasunak), inplikazio eza, dinamika berritzaile baten falta... honek militante desberdinen nekea eta higadura eraginez. Kontestu horretan eta Epaiska bizirik mantentzearen nahikari handiz, belaunaldi zaharrek Baionako belaunaldi militante berriengana jo zuten eta Epaiska dinamika berri batean sartu zen. Egun, Epaiska bizi-bizirik da!
Barne antolaketa mailan, kideak joan eta etortzen dira, baina beti giro goxoa mantendu dugu, elkar zaintzan oinarriturik. Talde giro ederrak erakarri gaitu eta taldearen aniztasunak.
Baionan halako leku militanteen beharrak bultzaturik inplikatzen gara Epaiskan. Arras inportantea iruditzen zaigu leku erreferenteak izan daitezen, preso eta iheslariak laguntzeko, euskaraz bizitzeko, borroka sozialak aitzinera eramateko eta sinpleki elkartzeko. Bada lan !
Ezagutzen ote duzue leku horren historia? Nola kokatzen zarete horrekiko ?
Gibelera eginez gero, 1984an sortu zen elkartea, Baiona Ttipian. Hastapenean Bourgneuf karrikan zen egoitza, Pannecau karrikara mugitu aitzin. Garaian, euskal militanteen estradizio eta deportazioak burutzen hasi ziren, ondorioz ezker eskuin sustengu taldeak sortuz. Errealitate horretan loratu zen Epaiska, gerora eta elkartasun logika berari jarraikiz Euskal Preso eta Iheslari Politikoen defentsan murgilduko zen. Urte luzeetan, garaiko gudariek eta militanteek kudeatu zuten gunea.
2015an beraz, trantsizio fase batean kokatu zen Epaiska. Militanteen belaunaldi aldaketa gauzatu zen, gazteagoak inplikatuz. Orduan, aitzineko taldeko kide batzuekin batera hartu genuen egoitzaren ardura. Belaunaldi berriak bagenuen nolazpaiteko ardura edo betebeharra... 1984 urteaz geroztik Epaiskak, Baiona ttipiak eta orokorki Euskal Herriak bizitu ditu momentu beltzak baina baita ederrak ere, gatazka poltikoa dela-eta... Ezin zen gune hau eta berekin dakarren historioa hain errazki desagertu.
Xedea zen egitasmo berri bat bultzatzea, Epaiskaren orduko mamia oinarri hartuz (gure baloreetan baita) baina beste borroketara zabalduz, hots, besteak beste askapen borroka, internazionalismoa, feminismoa, antikapitalismoa, borroka sozialak eta abar. Historia luzea duen lekua da Epaiska eta baliteke batzuetan historia hori soilik azaletik ezagutua izatea. Orohar, belaunaldi militanteen arteko informazio transmisio falta izugarria dugu… Eta hau seguruenik konpondu behar da.
Zuen ibilmoldea eta dituzuen egitasmoak aipatzen ahal dituzue ?
Hiru astean behin elkartzen gara hamar bat pertsona, ondoko asteetako agenda eta eginbeharrak aipatzeko. Bilkurak giro goxoan iragaten dira, elkar zaintzan oinarriturik. Hor aipatzen ditugu: ekimenak eta agenda, lan txandak (boluntarioak gara denak), komunikazioa, ostatu logistika, diruzaintza, xitxuketa xedeak…
Lanak partekatzen ditugu, bai eta ostatuko txandak ere. Erran baitugu lehen ostatua aste guziez irekitzen dugula, baina txandak taldekideon zein inguruko kideen artean osatzen ditugu militanteki. Tipula baten gisako antolaketa dugu: kordinazioan talde bat gara, gero badugu sare bat ere txanden egiteko edo puntualki laguntza emateko. Eta azkenik badugu ere jende fidel bat antolatzen ditugun ekimenetara gerturatzen dena.
Besta bai borroka ere bai lelo zaharrak beti badu bere garrantzia eta biak bideratu nahian gabiltza... plazer hartuz, beti ! Erran bezala, gure balore politikoekin bat egiten duten kolektiboei ere utzi diezaiokegu lekua, nahi izanez gero ekimen bat antolatzeko. Erran behar dugu, 2020eko itxialdia aitzin, biziki aktiboak ginela, eta kasik aste guziez bazela zerbait Epaiskan; izan guk antolaturik edo kanpoko eragileren baten eskutik. Adibidez, hilabete hastapen guztietan larunbat eguerdiz kontzertu akustikoak egiten genituen, eta zinez giro goxoa zen! Baina konfinamenduaren osteko neurriek eta egoerak desegonkorrak, gure egitasmoen erritmoa apaldu dute. Ondoko hilabeteetan badugu aitzineko erritmoa errekuperatzeko erronka.
Ekimenak Epaiskan antolatzen segitzeko gogoa dugu, gune militante eta aktiboa bizirik mantenduz. Baiona Ttipia asko aldatu da, eta gune hau oraindik irekirik izateak badu garrantzia handia.
Beste zerbait aipatu nahi ote duzue?
Plazer egiten duela astero astero Epaiskara hurbiltzen diren kide fidelekin zein sorpresaz Baionako karriketan Epaiska ikusi eta sartzeko hautua egin dutenekin momentu goxo bat partekatzeak. Epaiska laguntzaile sareari esker ere doa aitzina... beraz ostiral gauez ala larunbat eguerdiz lan txanda bat hartu nahi lukeen oro da ongi etorria! Gurekin sartu daiteke harremanetan emailera idatziz.
Denen artean, bakoitzak bere maneran ekarpena eginez Epaiska urte luzez atxikitzearekin amesten dugu. Ere, azken urteetan Baiona eta auzo herriak anitz aldatu dira, beraz baitezpadakoa zaigu gune militante eta euskaldunen presentzia bermatzea, eragite bidean, horixe da gure ekarpena. Orohar, jendea elgarrekin antola bedi eta egin beza, maila guzietan.
Urte luzez borrokan murgildua daraman herria dugu gurea eta askatasunaren bidean belaunaldiz- belaunaldi segi dezagun !